Armiarma
«Ez, akatu ez!». Elkarri begiratu diote lau hormek, elkarri begiratu diote aitonak eta amak. Ez, armiarma hiltzea ez da aukera bat
Irati Goikoetxea
Sábado, 17 de agosto 2024
Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Irati Goikoetxea
Sábado, 17 de agosto 2024
Bero egiten duenean, dena astinaldika bezala mugitzen da. Hormak ireki bezala egiten dira eta freskura bustiaren mugimenduak lehen hor ez zeuden izakiak itsasten ditu paisaian. Nondik atera da euri tanta lehor bat estutuz espaloi erdian geratu den matxinsalto hori? Bero egiten duenean, leihoak irekitzen dizkiogu ekaitz giroari, eta orduan dena da baso eta basa, eta dena da etxe, eta dena da kale, eta dena da lore, eta dena da azalean kilima, hazkura eta hotzikara.
Armiarma ttiki bat azaldu da komunean. Mendirantz jotzen duen leihoa irekita dago. Bero egunen ondoren, langarra ari du, euri-tanten soinua itsatsi egiten da belarrian eta baita heze dauden paretetan ere. Izerdia ari du. Armiarma ttiki bat azaldu da komunean. Ttikia, baina lodia. Ikusten den horietakoa. Hormari heltzen dio. Ez dakit hor egon nahi duen. Baina hor dago. Semeak amari esan dio eta amak aitonari. Ohetik altxarazi du bilobak aitona. «Zer egingo dugu?» galdetzea otu zait, eta begiekin aitari bosteko moduko bat luzatu diot, «Zer egingo duzu?». Aitona badoa zerbait esatera, bilobak zast moztu dio esan ez duena, «Ez, akatu ez!». Elkarri begiratu diote lau hormek, elkarri begiratu diote aitonak eta amak. Ez, armiarma hiltzea ez da aukera bat. Mendirantz jotzen duen leihoa irekita dago. Atea itxi dut. Egin dezala armiarma ttiki baina lodiak nahi duena. Hor barruan. Baina ez ditzala bere ibiliak etxean zehar barreia. Eskerrak etxeak baduen beste komun bat. Ohera joan da aitona. Ohera joan da biloba. Eta idazten geratu da ama.
Bost lerro idatzi eta buelta komunera. Tentazioa handiegia da. Edo beldurra. Edo nazka. Edo egin dezala nahi duena, baina bihar goizean non dagoen jakin nahi dut. Aitona lo dago. Biloba ere bai. Armiarma hor dago, lehen utzitako tokian. Ttiki eta lodi. Beste lau lerro eta erdi idatzi ditut. Buelta komunera. Semea esnatzen denean, gai izango ote naiz «Begira, hor dago» esateko. Ez dago utzitako tokian. Hormatik lurrera jaitsi da. Komuneko zoruaren erdi-erdian dago. Desafioka ari zait. Hordagoka. Horman eskuragaitz zegoen, orain zangoplast egitea nahikoa litzateke. Begira-begira jarri natzaio. Ez dakit berak ikusten ote nauen. Aitona lo dago, biloba ere bai. Gaurko egunez Maravillas Lamberto hil zutela oroitu dut. Eta atea itxi dut. Komunekoa. Egin dezala nahi duena. Ez, armiarma hiltzea ez da aukera bat.
Eskertuko nioke bihar leihoaren kanpoko aldetik egun onak emango balizkit. Bitartean, Maravillasen ondoan, loa saretzen asmatzen badut, ni pozik.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
A la venta los vuelos de Santander a Ibiza, que aumentan este verano
El Diario Montañés
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.