Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Laster beteko dira berrehun urte Fiódor Dostoyevski (1821-1881) jaio zela, eta ez dakit haren literaturak, gaur egun, inoiz izan zituen ospea eta itzala gordetzen ote dituen. Egia da Lev Tolstoirekin (1828-1910) batera Errusiako errealismoaren garai ikur gisa hartua dugula.
Ez da zalantzarik bataren, Fiódor Dostoyevskiren, 'Krimena eta Zigorra' (1866) nobela soziala, 'Karamazov Anaiak' (1879-80) eta bestearen, Lev Tolstoiren, 'Gerra eta bakea' (1863-1869) eta 'Anna Karenina' (1873-1877) lan nagusiak direla eta munduko nobelagileen eredu bihurtu direla. Gure gazte garaian, ez dakit nik, Errepublika Sozialisten aurkako giroa zegoelako, eta garaiak horrela agintzen zuelako, aipatuak izaten ziren biak, eta Fiódor Dostoyevski nobelagile bikain gisa erakusten ziguten beti.
Egia da garai haietan beste denbora erritmo batean bizi ginela, eta nobela luzeak eta sakonak maite zituela orduko irakurleak; gaurkoak, berriz, luzeak bai, baina arinak. Telebista agertu berria zen eta oraindik astia zegoen patxadaz eta lasaitasunez irakurtzeko. Gainera, Sobiet Batasunaren aurreko nobelagileek paper politikoa zuten gure gizartean. Sobietar komunisten aurreko gizartearen loria ziren, sozialismoaren aurretiko literatura garrantzitsuaren uzta; sozialismoak ezin emango lukeen literaturaren ispilu.
Dostoyevskiri buruz jakin genuen pertsonaien psikologia aztertzen eta deskribatzen maisua izan zela, eta analisi psikologikoaren bidean, Freuden jarraitzaileei aurrea hartu ziela. Bizitza tragikoa bizi izan zuelako, tragikoak zirela bere nobeletan pertsonaiek jarraitzen zituzten bideak. Bada egilerik esaten duenik Dostoyevskiren literaturan egilearen bizitzari jarraitzen diotela haren pertsonaiek; esperientzian oinarrituriko kontakizuna dela harena. Errusiako nazionalismoa goraipatu zuela, Europako modernitatearen aurrean; eta batez ere kinka morala zela pertsonaiek erakusten zutena. Eta, batez ere, jakin zuen adierazten etortzeko ziren aroak krudelak izango zirela, krudelkeria mundutik inoiz joan gabe bazen ere, krudelkeria berria zetorrela. Bazekien gizarte tradizionala suntsitzera zihoala, inork baino lehenago ikusi zuen etorri zetorren biolentziaren indarra, izua bihurtuko zen praxis politikoaren bide nagusia.
Gainera nihilista zen, Nietzscheren bidean nihilista. Eta gure giro erlijiosoan hori ez zegoen oso ongi ikusia. Agian hori guzti hori bere lana irakurri gabe ere esateko modua zegoen. Imajinatzen dut, garai hartan, asko entzun genuela Dostoyevskiren izaeraz eta gutxi irakurri genuela haren obra.
Gaztaroan izango nituen Dostoyevskiren lanak esku artean. Baina ezin dut ziurtatu. Gogoan dut, eta gogoratzen naiz mesanotxean dirauelako, Espainiako Telebistak irakurketa kanpaina erraldoia egin zuenean Fiódor Dostoyevskiren nobela laburra aukeratu zuela Espainiako irakurleei egilearen lana ezagutarazi eta zabaltzeko. 'Jokalaria' nobela plazaratu zuten. Eta horixe bai irakurri nuela argitaratu eta gutxira. Euskaratuta ote dagoen galdetu diot neure buruari, eta ikusi dut nobela hori 1993an euskaratu zuela Anton Garikanok. Bestela oso gutxi dira haren lan itzuliak. Beste bi besterik ez: 'Bihotz ahula', 1984an, Josu Lasak, eta 'Krokodiloa' Josu Zabaletak itzulia 2020an.
Orrialde hauetan zutabekide dudan Aritz Gorrotxategik idatzi du 'Krimena eta Zigorra' nobelaren irakurketak bizitza aldatu ziola. Ez nuke nik horrenbeste esango. Zenbait kritikok diote literatura ez dela lan idatzia bakarrik. Lan idatzi horrek sortzen dituen itzala, harreman sarea, beste zerbait izateko ahalmena, beste hizkuntza artistikoetan agertzeko modua… hori guztia dela literatura. Literatur lana gehi bere seme-alabak, beste modu batera esanda. Nik uste, Fiódor Dostoyevskiren lana bera baino gehiago bere literaturaren itzala geratu zaidala. Irakurri gabe ere, hartaz ezagutzen duguna. Irakurketaren itzala, irakurketa baino gehiago.
Maisuen aginduetatik irten eta nire kabuz irakurtzen hasi nintzenean, errealismo magikoa zen nagusi, hain zuzen ere, errealismoari aurre egiten zion bidea. Eta horrela ikasi genuen Borges maitatzen, eta Cortázar, nola ez? Eta Gabriel García Márquez, elkarrengandik urrunduta egon arren, Vargas Llosarekin batera, eta Carpentier. Beste garai batek agindu zigun irakurketaren bidea.
San Petersburgora joan nintzenean, 2013ko udan, Aleksandr Serguéyevich Pushkin zen gehien aipatu ziguten idazlea. Hirira joan nintzen, eta 'Volgako Batelariak' deituriko koadroaren aurrean, nire buruari argazki bat egin nion, 'Martutene' nobela eskuetan dudala. Hala ere, Dostoyevskiren geografia literarioa ezagutu nahi nuela eta haren auzoan ibili ginen paseoan, hara eta hona. Ezin esan ederra denik tokia. Esaten dute gaurko grisa bera zela idazlearen garaian kaleetan zegoena, agian pobreagoa zela giroa orduan, eta bere nobeletan ageri diren pertsonaiak orain ikusten diren berak izan zitezkeela. Baina nork daki? Errealismoaren topikoa izan ohi da askotan esatea literatur lanak ageri duena errealitatearen argazkia dela.
Topikoa da aipatzea Fiódor Dostoyevskiren etxean ordulari bat geratu zela bere heriotzaren orduan. 20:38an gertatu omen zen. Baina ez da topikoa bere bidearen hasieran jarri zuen esaldia: «Enigma da gizakia, […] enigma hori da nire ardura, gizakia izan nahi dudalako».
Publicidad
Mikel Labastida y Leticia Aróstegui (diseño)
Óscar Beltrán de Otálora y Gonzalo de las Heras
José A. González y Álex Sánchez
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.