«Ipuinak traizionatu behar ditu irakurlearen espektatibak»
Iban Zaldua. Idazlea. ·
'Ipuina engainua da' liburua argitaratu du, eta estiloa da istorioak lotzen dituen elementurik erabakigarrienaIban Zaldua. Idazlea. ·
'Ipuina engainua da' liburua argitaratu du, eta estiloa da istorioak lotzen dituen elementurik erabakigarrienaIban Zalduak (Donostia, 1966) ahots propio bat duela esatea ez da nobedadea. Haren begirada zorrotza gai da gure gizartearen kontraesanak begi-bistan jartzeko. Hasieratik landu dituen hainbat gaik –euskal gatazka, desleialtasuna, denboraren indarra eta literatura, esaterako– garrantzitsuak izaten jarraitzen dute 'Ipuina engainua da' liburuan, baina zenbait aldaketa antzemango du irakurleak orrialde hauetan, esanguratsuenak, idazkera bera, oso depuratuta agertzen delako, eta gaiei heltzeko hautatutako ikuspuntuak.
Publicidad
–Liburu honek etapa berri bat markatzen duela esan duzu. Zure estiloaren dekantazio bat sumatu dut nik.
–Bai, izan daiteke. Iruditzen zait liburu hau, alde batzuetatik, desberdina dela aurrekoekin konparatuta: badaude jarraikortasun batzuk, baina baita diferentzia nabarmen batzuk ere, batik bat, esango nuke, ipuinetan gako diren gailuetan, amaieren 'zamari' dagokionez adibidez, hots, ipuin mota jakin batean erabiltzen den ezusteko amaierarekin. Eta susmatzen dut hurrengo liburua, balego, are ezberdinagoa izango dela.
–Luzeagoak dira ipuinak. Zer dela eta?
–Azken lau urteotan tamaina guztietako ipuinak idatzi ditut, batzuk nire 'ohiko' neurrian, eroso sentitzen naizen horretan, 3-5 orrialde. Baina horiek kontzienteki baztertu eta ateratzen ari zitzaizkidan luzeagoen alde egin dut, bilduma osatzean. Eta, atzera begira, uste dut izan dela ipuin horiekin istorio bat baino gehiago kontatu nahi nuelako, ideia bat baino gehiago dagoelako bakoitzean, eta laburragoetan, berriz, ideia bakarra egon ohi da. Adibidez, 'Tailerraren ostean' narrazioan iraganeko adiskidetasunari egindako traizioaren gaia dago, baina ez bakarrik, badago beste bat, akaso beste bi zio ere atzean, ipuinaren motor gisa funtzionatzen dutenak. Edo 'Paseoa'n, agian liburuaren lerro orokorretik gehien urruntzen den nolabaiteko esperimentua: hor, norberaren heriotzaren unea erabakitzearen inguruko kezka batetik abiatu nintzen, baina beste gai batzuk jorratu nahi nituen, memoria historikoarekin, familia barruko harremanekin, bakardadearekin eta bikote harremanekin zer ikusia dutenak. Eta horretarako espazio gehiago behar duzu, noski.
–Ipuinak engainua izan behar du?
–Nire ipuinaren kontzepzioan, behintzat, bai: ipuinak traizionatu behar ditu, uneren batean edo bestean, irakurlearen espektatibak. Eta, intsistitzen dut, horrek ez du, berez, sorpresazko amaierarekin zerikusirik, soilik edo derrigorrez.
–'Txio' ipuinaren protagonista bere sare sozialetako jarraitzaileak nahastu nahi ditu bere burua zuritzeko. Hipokrisia oso literarioa da, ezta?
–Hipokrisia sare sozialen erregaietako bat da, eta gai literario aspaldikoa: literaturaren zereginetako bat hipokrisiei mozorroa kentzea izan da, enperadorea biluzik doala ezagutaraztea. Dena den, ni ipuin horretako protagonistatik oso hurbil sentitzen naiz, aldi berean: oso ondo ulertzen dut, ze dena ez da hipokrisia ipuin horretan. Idazleak bere pertsonaiak, are zitalenak ere, maitatu behar dituela pentsatzen duen horietakoa naiz. Pertsonaia gisa, diot.
Publicidad
–Esana da erraz eta egina garratz: esaera horrek zure pertsonaia askoren joera labur lezake.
–Irakurle batek esan dit, liburu honen harira, oso ondo jorratzen dudala «gizon txepelaren» pertsonaia-tipoa. Lema hori oso ondo dagokio, ziurrenik, gizon mota horri…
–Hainbat gai oso karakteristikoak dira zure narratiban, baina aldatu duzu zure betiko gaiei heltzeko era?
–Bueno, gaiak mugatuak dira, eta obsesioak biziki iraunkorrak. Juan Rulfo zen esaten zuena, ezta?, hiru gai besterik ez dagoela: maitasuna, bizitza eta heriotza… Desleialtasuna lehenengoarekin lotuta dago, denborarena bizitza da, eta 'Gauza' heriotzarekin korapilatuta dago guztiz. Baina, bai, esango nuke talaia helduago, nareago batetik saiatu naizela haiei heltzen. Irakurlea izango da hori juzgatu beharko duena, azkenean…
Publicidad
–Genero fantastikoa landu duzu liburu honetan: 'Festibalean', 'Diskotekarena', 'Ordu aldaketarena ipuinetan', besteak beste. Zer ematen dizu genero horrek?
–Tira, ni hortik nator, horiek izan ziren nire hastapenak, zientzia fikzio eta terrorezko idazle bat izan nahi nuen nerabezaroan. Eta ipuin hauetan, lehendik zetorren jiteari jarraituz, errealismoa deitzen den beste konbentzio horretara are gehiago jo dudala iruditzen zaidan arren, ezin dut ekidin: maiz aurkitzen dut jira fantastikoren bat sartzeko aukera. Zer ematen dit? Egunerokotasunari beste buelta bat emateko modua, errealitatea beste uhin-luzera baten bitartez argitzekoa, nolabait. Ez zait interesatzen eskapismora daraman fantasia, idazle gisa.
–Kasu honetan, estiloa da istorioak batzen dituena, ezta?
–Baietz esango nuke. Behintzat horretan egin dut ahaleginik handiena, idazkera depuratzen. Gero sekula ez duzu lortzen adierazi nahi zenuen guztia egoki azaltzen hizkien bitartez, hizkuntza ere traidorea baita, hizkuntza da bizitzan topo egiten dugun lehenengo traidorea, baina kontzienteki saiatu naiz horretan. Nire ama hizkuntza gaztelania izaki, beti sentitu naiz pixka bat dudatsu hor, baina neure buruarekiko segurtasunean urrats bat aurrera egin dudala oraingoan esango nuke…
Publicidad
–Gaurkotasuna ere bai presente dago. Adibidez, eskola-bereizketari buruz idatzi duzu.
–Bai, eta Euskal Herriko ezkerrean gertatzen ari diren zatiketez, edo guraso izateko jite berriez, edo memoria historikoarekin egun egiten ari garen kudeaketaz… Konstante bat da nire ipuingintzan, beti egin dudan zerbait: 'zuzenean' aritzea, fikziotik, gertatzen ari zaigunaz. Literatura garaikidea, ahalik eta garaikideena egiteko modu bat da, turbokapitalismoaren azelerazio garaiotan…
–'Ipuina adulterioa da (gibelsolas gisa)' testuak hirurogeita hamar orrialde ditu, eta saiakera eta ipuin artean dabil. Joko-puntu bat duela esan dezakegu?
–Ez dakit oso ados nagoen deskribapen horrekin, ipuin horren 'joko' izaerarekin, baina hala irakurri baduzu, hala izango da: irakurlea beti da subirano, ja ja… Nik gehiago ikusi nahi nuke 'tour de force' bat hor: ipuingintzaren gainean hausnartzen saiatzen den testu bat, non ipuingintzaz ikasten joan naizena biltzen saiatu naizen, eta hor dagoen 'teoria' praktikara eramaten saiatzen dena aldi berean. Baina, jakina, ez dakit lortu dudan: idazleok inoiz ez dugu jakiten lortu dugun, zoritxarrez. Eta baita zorionez ere, zeren eta lortu baduzu, zergatik, zertarako jarraitu saiatzen…?
Publicidad
–«Idazten hasi zenetik, oso ongi jakin du zer bideri jarraitu behar zion», esan zuen Pello Lizarraldek liburuaren aurkezpenean. Ados zaude hitz horiekin?
–Asko eskertzen diot Pellori aurkezpenean lagundu izana, daukagun idazle onenetariko eta berdingabeenetariko bat delako, eta ikaragarri dakielako literaturaz. Baina ez dakit, horretan, zuzen dagoen: gustatuko litzaidake pentsatzea baietz, baina ez nago ziur. Agian da nire ibilbideari atzera begiratu bat ematean ikusten dudalako nire lehenengo etapa, soilik gaztelaniaz idazten nuenekoa, eta horrek ez du bat egiten Pelloren irudi horrekin. Azken batean, ni, euskarazko literaturan, hogeita hamakoxka urterekin lehorreratu nintzen, ez nintzen jada idazle gazte bat, eta, ados, ordurako agian gauza batzuk argiago izango nituen. Baina horrela begiratuta ere, ez dakit…
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Fallece un hombre tras caer al río con su tractor en un pueblo de Segovia
El Norte de Castilla
Publicidad
Te puede interesar
Fallece un hombre tras caer al río con su tractor en un pueblo de Segovia
El Norte de Castilla
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.