Ipuin antologia

Domingo, 4 de octubre 2020, 23:48

Askotan ematen du ipuingintza narratibaren senide txiroa dela. Egia da istorio bat garatzen denean espazio diskurtsiboa behar dela eta alde honetatik begiratuta ipuingintzak nobelaren kontrako prozedura erabiltzen du. Izan ere, esandakoaren eta esan gabearen arteko dialektikan elipsiak garrantzi handiagoa du ipuin batean nobela batean baino. Espazio kontuak izaera aldarazten dio narrazioari eta ondorioz irakurleak ipuinera hurbiltzean bestelako begirada behar du. Ibon Egañak 'Eskuko ekipajea' izenburuko antologia honetan ipuingintzak azken hamarkadetan euskaraz eskaini duenaren lagin txikia plazaratzen du, non irakurleak literaturzaletasuna asetzeko tokia topatuko duen. Egañak argi uzten ditu ipuinak aukeratzeko erabili dituen irizpideak eta horri erreparatuta egin duen hautaketa, dudarik gabe, egokia eta zehatza dela esan daiteke.

Publicidad

  • 'Eskuko ekipajea' Ibon Egaña (ARG.) Alai. 256 orr. 16,50 euro.

Kronologia kontuan hartuz, antologia Miranderen ipuin batekin hasten da, 1963koa, eta bertan jasotzen diren ipuinen artean berriena Iñigo Aranbarrik idatzi du (2018). Bien arten ipuinak euskaraz argitaratu dituzten idazle famatuenak eta garrantzitsuenak topatzen ditugu. Garaiaz gain, antologiak kopuruaren aldetik ere beste muga bat erakusten du: Hogeita bost ipuin argitaratzen dira, idazleak errepikatzen ez direlarik. Ipuinok irakurleari aurkezteko modua dela eta, hurrenkera kronologikoa barik, Ibon Egañak lau gai-multzotan banatu ditu istorioak, liburuari batasuna emanez. Antologiekin beti gertatzen den bezala, irakurle bakoitzak baten bat kendu eta besteren bat sartuko luke.

Dena dela, liburuaren arduradunak hautaketaz gain hitzaurre interesgarria ere planteatzen du non euskal ipuingintza modernoaren historia azaldu eta antologian sartu gabe geratu diren izen asko ere aipatzen diren, ikuspegia osatuz. Laburbilduta, idazlana aholkagarria da oso, hautaketaz zein kontestualizazioaz. Eta testu batzuk nahiko ezagunak suerta badaitezke ere, gogoratzeko plazera ez da bazterrean uzteko.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad