Borrar
Urgente Grandes retenciones en la A-8, el Txorierri y la Avanzada por la avería de un camión
Albert Rivera. EFE
Ipar haizea

Ipar haizea

Katalunian azken urteotan jazotakoek agerikoago egin dituzte hango zein Euskal Herriko bereizgarritasunen aurkako jokabideak. EAJk Estatuko aurtengo aurrekontuak babesteari uko egitearen ondoriozko hainbat erantzunek gordin nabarmendu dute egoera hori, beste behin

Domingo, 8 de abril 2018, 23:13

Aski ezaguna da Ciudadanos-eko buru Albert Riverak berea ez den hurbileneko beste edozein nazionalismo mespretxatzeko duen jatorrizko jarrera. Ez da oso atzera jo behar horren adibideren bat aurkitzeko. Aurreko barikura arte, besterik ez. Leonen egindako gosari informatibo horietako batean ezin oldarkorrago mintzatu zen euskal autogobernuaren aurka. Bere berbetan, «eskubide historikoak asmakizuna dira» eta «amaitu da nazionalismoaren aurrean belauniko jartzea». Ildo zalapartatsu horri jarraiki, «espainiarrei konplexuak galtzeko» deia luzatu zien, «urte luzetan irakaspenak ematen ibilitako supremazistak» gailendu ez daitezen. Iparra oso galduta ibili behar da horrelakoak esateko, inkestek puztuta ia zorabiatzeraino. Ez bakarrik gezur borobilak bata bestearen atzetik ilaran jartzen dituelako baizik eta, batik bat, horiek bizikidetza eztandarazteko baliatzeagatik.

Euskal lurraldeen eskubide historikoak oso atzerako historian luze eta oparo jasota datoz, Espainia existitu aurretik, eta alde biren arteko lotura jakin baten inguruko baldintzak zehazteko ziren. Era guztietako erreximenen gainetik iraun dute gizaldietan zehar. Francok ere, bere erara, Arabari eta Nafarroari aitortu zizkien, eta diktadura amaitu zenetik 1978ko Konstituzioak babestu ditu lau foru lurraldeetarako. Alde horretatik, Rivera ukazio huts eta muturrekoenean kokatu da, Franco bera baino urrunago, eta aldioro goraipatzen duen Konstituziotik at.

Kataluniako prozesuari begirako erreakzio modura harropuztu omen dira honelako jarrerak dituztenak, baina purrustada hauek badute ibilbide askoz luzeagoa. Egungo lurralde egiturak, eta horrek Kataluniara zein Euskal Herrira begira eskainitakoak, etsai asko izan ditu beti alderdi nagusietan. Rivera bezain urruti joan gabe beharbada, baina bilduma potoloa osa liteke eskubide historikoen eta ustezko nagusitasun nahiaren edo elkartasun ezaren inguruan azken hamarkadotan PP eta PSOEko zenbait buruk egindako adierazpenekin. Egon badagoelako aniztasunaren aurkako halako pultsio bat horietako zenbaitengan, homogeneotasunaren guztiz aldekoa.

Estatu espainiarra, baina, anitza izango da ala ez da izango, ez gaur egungo eran eta osaeran behintzat. Riverak eta parekoek oso argi izan beharko lukete. Egitasmo partekatuetan jatorrizko lokarrien nondik norakoak aintzat hartzea eta aldeen oniritzi eta adostasuna ezinbesteko direlako. Bestela, itundutakotik harago, gehiengo zabal eta bitarteko demokratikoetatik, bakoitza libre da egokien deritzon bidea hartzeko. Boto apurren batzuk lortzearren guzti hori da jokoan jartzen dabiltzana, euren arduragabekeria eta ezjakintasuna gorenera eramanda.

PPren higadura Ciudadanos ari da gizentzen. Madrilgo Erkidegoko presidente Cristina Cifuentesek bere masterraren aferaren inguruan erakutsitako jarrera da popularren egungo egoeraren erakusgarri. Bere burua garbitasunezko beste aro bateko erreferente modura agertzen zuena gezurretan ari da karguari etsi-etsian eusteko, ustezko iruzurra modu ezin baldarragoan estaltzen saiatuta. Izua lotsa falta bihurtuta ari dira politika egiten aspalditxoan PPko asko eta ez da harritzekoa maila guztietan hain larri ibiltzea.

Gureari dagokionean Estatuko aurtengo aurrekontuen ingurukoek islatzen dute nabarmen egoera hori; Javier de Andrés Gobernuaren ordezkariak prentsaurrean esandakoek, esaterako. Honek dei egin zion EAJri horietan jasotako inbertsioak «ez blokeatzeko», Euskadirentzat enplegua eta aberastasuna sortzeko aukera direlakoan. 509 milioira helduta, %32 hobetu du hona begirako ekarpena Rajoyren exekutiboak, jeltzaleak baiezkora bultzatzearren, ezinbesteko baitira aurrekontuen onarpenerako. Baina jakina da ez dutela amore emango, Aberri Egunean Andoni Ortuzarrek beste behin berretsi baitzuen Kataluniako egoerak dagoenean jarraitu eta 155. artikuluak indarrean iraun bitartean ez dagoela horretarako baldintzarik.

Izan ere, han gertatzen ari dena ez da Euskadiri zeharka eragiten dion zerbait, nazio izaerako erkidegoekiko sakoneko jarrera baten eta horiekiko harremanak ulertzeko moduaren isla baizik. Arazo politiko potoloak bideratzeko elkarrizketa baliatu beharrean, aurrez aurrekora jo delako, gatazkara, autogobernuan zuzenean esku hartzera, politikaren judizializaziora, Estatuaren botere eta tresna guztiak ardatz horiek dituen estrategia jakin baten menpe jartzera. Eta hona begira Rajoyk sosen amua jaurti arren, eredu hori onartzerik ez dagoela nabarmendu eta politikoki aldarrikatu beharrean dago EAJ, besteenganakoa norbere aurka ere inoiz baliatzerik badagoelako, funtsezko jokamolde eta arauak direlako kolokan daudenak. Hala, salbuespenera eramandako egoeran, beste nonbait bilatu beharko lituzte babesak PPk, 155.a indarrean jartzea ontzat jo dutenen artean esaterako.

Alemaniarekin lotuta Puigdemont-en kasuan oraintsu ikusi denez, baina, gehiegikeriek porrot egiten dute goizago ala beranduago. Adorea behar da muineko auziari heltzeko, hitz eginda kataluniar gehienen eskaerei erantzuteko, euren etorkizuna mugarik gabe erabakitzearen aldekoak hiru laurden direnez gero. Egia da gaur egun PP ahul dagoela, boterea galtzeko beldurrak jota, baina sasoiko zegoenean ere berdintsu jokatu zuen, bestea menpekotzat hartze hutsetik, bertigozko bertikaltasunetik. Eta horrela ez dago lankidetzarako eta adostasunerako aukerarik, jarrera itxi eta zurrunetatik ez baitago ezer eraikitzerik.

Ipar haizea dator Estatuko boteregune badirenetatik eta izan daitezkeenetatik, gero eta indartsuago, gero eta zakarrago. Birzentralizazioaren aldekoa, bereizten gaituztenen aurkakoa, elkarrizketa gutxiestekoa, aniztasunaren aldekoei «supremazista» deitzekoa, gizaldietako bizikidetza ereduari asmatutakoa iriztekoa. Eta egoera horretan ez dago inoren aurrekontuak babesterik, konplizitate politikorik adierazterik. Epe gero eta laburragoko etekinei begira bizikidetzarekin jolasean dabiltzanek argi izan behar dute: elkarrizketatik eta elkarren arteko errespetutik asko dago fintzeko eta hobetzeko; lepoa ematetik eta ukaziotik, ezer ez.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Ipar haizea