Borrar
Fotolia
«Inork baztertu beharko ez lukeen aukera zoragarria da Erasmus egitea»

«Inork baztertu beharko ez lukeen aukera zoragarria da Erasmus egitea»

Praktikak atzerrian egitea ahalbidetzen duen programan parte hartu duten Lanbide Heziketako 70 ikasle batu ziren Durangoko Maristak ikastetxean, eta esperientzia «ahaztezina» dela adierazi dute denek

Sábado, 24 de junio 2023, 01:48

Herrialdez aldatzea, nazionalitate askotako pertsonak ezagutzea, ama-hizkuntza ez den beste hizkuntza batean hitz egitea eta partekatutako apartamentuetan bizimodu independentea sortzea da, azken finean, gazte askok 'Erasmus' bezala ezagutzen dutena. Durangoko Maristak zentroak Lanbide Heziketako 70 ikasle hartu zituen pasa den astelehenean, ikasturte honetan Europako 7 herrialdetara joan direnak enpresa ezberdinetan praktikak egitera. Haiekin izan zen EL CORREO, eta gazteen zoriontasun aurpegiek ezin zuten izkutatu esperientziak uste baino askoz ere positiboagoak izan zirela. «Atzerrian zaudenean beste kultura batzuekin bizitzen ikasten duzu, eta ikastetxean irakatsi ez dizuten bezala lan egiten ikasten duzu ere. Gainera, etxetik -edo erosotasun gunetik- irteteak pertsona moduan hazten laguntzen dizu eta indartsuago bihurtzen zaitu, nahiz eta hori hasieran nahiko gogorra izan», adierazi zuen Lucia Mugicak, Bilboko Zabalburu Ikastetxeko ikaslea denak.

Neska hau Poloniako Varsobia hiribururan izan da aurten laborategiko teknikariaren goi-mailako prestakuntza-zikloko praktikak egiten. Hizkuntza ezagutzen ez zuenez (poloniera), kosta egin zitzaion bere errutina berrira egokitzea, nahiz eta berehala egin zituen munduko hainbat leku ezberdinetako lagunak, hala nola Saudi Arabiakoak, Indiakoak edota Libanokoak. Ingeleraz hitzeginez, harreman estua egin zuen horietako askorekin, eta sare sozialen bidez oraindik ere harremanetan jartzen dutela adierazi zuen pozik. «Oso gustora nengoen, egia esan. Gainera, han lanean jarraitzea eskaini zidaten, baina proposamena baztertu egin nuen. Nire burua prestatzen jarraitu nahi dut. Izan ere, irailean hasiko dut erizaintzako karrera unibertsitatean», nabarmendu zuen.

Haren ondoan, Ainara Santos Gasteizko Molinuevo zentroko ikasleak baieztatzen zuen buruaz. «Hasieran kosta egiten den arren, inork baztertu beharko ez lukeen aukera zoragarria da Erasmus egitea», esan zuen. Arabako gazte honek estetika-praktikak egin zituen Alemaniako hiri batean, «inoiz ikusi dudan zentro handi eta izugarrienean», eta aurpegian sartzen ez zitzaion irribarrearekin iragarri zuen lanpostu mugagabea eskaini ziotela bertan. «Uda pasatzera etorri naiz etxera, familia eta lagunak agurtu eta alemaniera ikastera. Irailean hegazkina hartu eta bertan jarriko naiz bizitzen. Oso hunkituta nago», esan zuen pozik.

Durangoko Maristak zentroak Lanbide Heziketako 70 ikasle hartu zituen pasa den astelehenean, ikasturte honetan Europako 7 herrialdetara joan direnak enpresa ezberdinetan praktikak egitera

Etorkizuneko planak

Baina bakardadeak eta hizkuntza bera ez menperatzeak eragin ditzakeen ezegonkortasunaz haratago, Ainarak argi utzi zuen Alemanian ez dela Euskal Herrian bezain ondo jaten. «Ordutegi oso ezberdinak dituzte, eta egia da nik askotan gosea pasa izan dudala», zioen algara artean. Bestetik, kontrako beste puntu bat negua zela zioen. «Egiten duen hotzaz aparte, gaueko bostetan dena itxita zegoen han, beraz, lanetik etxera joaten ginen zuzenean, eta hori apur bat tristea da, bai», aitortu zuen.

Haren antzera, Jose Ignacio Espinozak ere esperientzia errepikatu nahi zuela baieztatu zuen. Zabalburu ikastetxean Administrazioa, Finantzak eta enpresen kudeaketa ikasketak amaitu berri ditu eta etorkizuneko planak egiten ari da dagoeneko. «Maltan praktiketan aritu naiz eta asko ikasi dut zentzu guztietan. Lagunak egin ditut, abenturak bizi izan ditut eta zentroan ikasitako teoria praktikara eramaten ikasi dut. Gainera, ingelesaren ahoskera hobetzeko eta arinago hitz egiten ikasteko ere balio izan dit, eta hori bikaina da hizkuntzen gaitasunerako, lana bilatzeko orduan», adierazi du. Horregatik guztiagatik, ez du zalantzarik atzerrian ikasten jarraitzeko, baina oraingoan putzua zeharkatzea gustatuko litzaioke. «Mexikora joatea gustatuko litzaidake, ea zortea dudan», gaineratu zuen.

Maltan izandakoa zen ere Gaizka Garrido, Zeanuriko Zulaibar ikastxeko ikaslea dena. Haren kasuan, diseinu mekanikoko praktikak egin zituen bertan, eta esperientzia «ahaztezina» izan zela azpimarratu zuen baten baino gehiagotan. «Gainera, lagun kuadrilla propioa egin dugu bertan, hemen gaude horietako asko orain», adierazi zuen. Bere kasuan, goizean lan egiten zuen eta arratsaldean ordea «turismoa, uhartea ezagutu eta parranda».

Agur estereotipoei

Bestalde, Erasmus esperientzia «estereotipoekin amaitzeko» aukera paregabetzat hartu zuen Irati Liguok, Automatizazio eta Robotika industrialeko ikaslea dena Mondragongo ikastetxean. Txekiar Errepublikako hiriburua den Pragan izan da praktiketan, eta hizkuntzarekin lotutako pasadizo ugari zituen kontatzeko. «Nik ingelera jakin arren, bertako askok ez dakite, eta okindegira ogia erostera joatea esperientzia interesgarrian bilakatu daiteke», zioen barrez.

Ikasle guztiek bat egin zuten esanez, «hasieran gogorra bada ere, behin eroso zaudenean bueltatzeko unea iristen da, eta pena handia ematen du bizitakoa atzean uztea». Gaineratu zuenez, «praktikak Erasmus bidez egiteko aukera daukan edonork parte hartu beharko luke esperientzian, ahaztezina da».

Julen Elgeta HETELeko (Euskadiko Abantean Lanbide Heziketako Ikastetxeen Elkartea) presidentea ere bertan izan zen, eta eskerrak eman zizkien Erasmusekin atzerrian praktikak egin dituzten ikasle guztiei. «Enpresen feedback ona jaso dugu», jakinarazi zuen ikasle guztien arreta begiradapean.

Beste alde batetik, Maria Pandok, HETEL proiektuaren parte den ikastetxe bateko irakaslea denak, gogoratu zuen nola lehen, «aukeratu beharra zegoen, praktikak egin edo Erasmus esperientziaz gozatzearen artean. Orain, gauzak aldatu dira eta posiblea da biak batera egitea. Zoragarria da hori, izan ere, horri esker, gure ikasleek beti jasotzen dituzte lan eskaintzak», gaineratu zuen.

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo «Inork baztertu beharko ez lukeen aukera zoragarria da Erasmus egitea»