Irailaren 11koak, Diadako manifestazioak, beste behin nabarmendu zuen Katalunian azken urteotan burujabetza osorako izandako jauzi saiakerak gizartearen zati oso garrantzitsu baten bultzada izan duela, behetik gorakoa izan dela. Eragile zibilek ekin zioten horri Estatut-a mugaz, tentsioz eta irrazionaltasunez beteta eguneratu behar eta gero. PPk Zapaterori oposizio mingotsa egiteko erabili zuen tarte hura, eskura zituen tresna guztiak baliatuta, katalanofobiatik oso gertuko jarrerak sustatuta. Horren guztiaren aurreko erreakzioa izan zen ondorengoa, neurri batean. Autonomiak ezin ei zuen gehiago eskaini, eta independentzia babesten zutenen kopurua nabarmen hazi zen epe laburrean.
Publicidad
Orduko CiUren zatirik handienak eta ERCk erakundeetara eraman zuten lekuko hori, prozesua bururaino bultzatu asmoz. Baina iazko urriaren 1eko galdeketatik eta osteko independentzia aldarrikapen antzutik urtebetera ez du ematen jada estrategia bateraturik dagoenik. Euste hutsa nekagarria da beti; eta zenbait buruzagi preso zein erbestean izateak trinkotzeko balio dezake, edo nork bere irtenbideak bilatzeko. Prozesuaren judizializazioak ez du sekula muineko arazo politikoa leunduko ez bideratuko, giroa gaiztotu besterik ez du egingo. Haatik, giza ikuspegitik mugara eramaten ditu egoera horretan daudenak, eta horren ondorioek eragin politikoa dute beti.
Artur Masek aspalditxo esana da prozesuaren bultzatzaileek agertoki guztiak aintzat hartuak zituztela, Estatuaren edozein erantzun edo erreakziok ez zituela ezustean harrapatuko. Ostekoek, baina, errealitatea oso bestelakoa zela frogatu dute. Kartzelatzeek eta erbestera ihes egin beharrak zeharo baldintzatu dutelako gainerako guztia. Hori jazo zitekeela aldez aurretik kontuan ez hartzeak sinesgaitza ematen du, horren inpaktua guztiz neurtuta ez izatea. Gerokoen argitara, aldiz, zerbaitek huts egin du buruzagi subiranisten aurreikuspenetan.
Kataluniarren gehiengo zabala erabaki eskubidearen aldekoa da, baina horien ordezkaritza politikoa ez dator bat zer eta nola erabaki zehazterakoan. Independentziaren aldeko hautuak ez du bozen gehiengo osorik, azken hauteskunde autonomikoek berretsi zuten legez. Horren jakitun izanda jo zuten urriaren 1ekora kataluniar agintariek. Galdetzea bera ere ezinezko egiteko Espainiako orduko Gobernuak segurtasun indarrak bidali zituen bozkalekuetara, eta tarteka baliatutako indarkeriak kezka eragin zuen Europako agintarien artean, baita euren iritzia eman guran ibilitakoenganako nolabaiteko elkartasuna ere.
Elkarrizketarako deia egin zuten nazioartetik, alde bakarreko hausketarik onartuko ez zutela nabarmenduta. Geroztikoa ez dute ondo kudeatu alderdi subiranistek. Urriaren 1ekoa testuinguru egokian jarri eta kontrastatzeko hauteskunde autonomikoetara deitu beharrean, independentziaren aldarrikapenera jo zuten. Ziurrenik euren jarraitzaileek bultzatuta, kaleko giro jakin bati aurre egin ezinda. Tarte horretakoek ekarri gaituzte gaur egungora, kalean indar handikoa bai baina nahikokoa ez dena ezin gauzatzera, etsipena eta zatiketa areagotzera, egonean geratzera eta mugimendu independentistan arrakalak handitzera.
Publicidad
Usteetako asko ustel izan dira tarteon, eta horrek sekulako kaltea egin dio sasoi bateko batasunari. Ezin izan da Errepublika egunerokoan gauzatu, ezin izan dute egitura paralelo eraginkorrik osatu eta nazioarteak lepoa eman die. Independentzia aldarrikapenera jotzen duenak atzeraezinezko urratsa egiten du, politikoki zirt edo zartekoa delako, haustura mamitzeko une solemnea, populazioaren babes zabala duena. Baina honakoan ez da halakorik jazo. Estatuak hango autonomia Konstituzioaren 155. artikuluaren arabera bertan behera utzi eta hauteskunde autonomikoetara deitu zuen, eta alderdi subiranistek horietan parte hartzea onartu zuten, berreskuratutako autonomia irabazitakoan berriz kudeatzeko. Independentzia aldarrikapenaren neurri bateko karikaturizazioak eta itzulgarri izate horrek ez die inolako mesederik egingo munduan zehar han-hemenka estatu bihurtu guran dabiltzanei.
Puigdemont Rajoyren gobernuarekin sentitzen zen estrategikoki erosoago, edo hori islatzen dute PDeCATeko gatazkek, Kongresuko bere talde parlamentarioan proiektatutakoek. Ez ei zuen gustoko izan azken honek, bere alderdiko aurreko zuzendaritzaren onespenarekin, Pedro Sánchezen zentsura mozioa babestea. Ildo posibilista horri aurre eginda bultzatu zuen Marta Pascal koordinatzaile nagusi kargutik kentzea, eta PDeCAT Cridaren tresna bihurtzea. Espainiako Gobernu berriari ordutik egindako presioa kaotikoa eta inprobisatua izan da, gorabeheraz betetakoa. Torra presidentearen urriaren 2ko ultimatuma da horren azken adibidea, azaroa baino lehen autodeterminazio erreferendum baterako proposamenen bat egin ezean exekutibo sozialistaren egonkortasuna ez bermatzekoa. ERCk ez zion horretan jarraitu; eta ezta Parlament-eko mahaian ere, JxCATeko lau diputatu auzipetuen boto delegatuen ingurukoan.
Publicidad
Agertoki honetan, PSOE eta Podemos gero eta argiago ehuntzen ari diren aliantzak, elkarrizketarako dei orokorrak egitera mugatu beharrean, negoziabide zehatzak proposatu beharko lituzke Kataluniako auzia bideratzeko. Azken urteotako talkak ia maila kognitibora artekoak izan dira, eta bada sasoia errealitatea aintzat hartuta lanean hasteko. Ukaezina da han badagoela erabaki eskubidearen aldeko gehiengo zabal eta zeharkakoa, autogobernuan sakontzea gura duena, hizkuntzari dagozkionetan esaterako burujabe izate hori blindatzearen aldekoa; eta aspalditik itun fiskal baten eskean dagoena.
Azken Estatut-aren onarpen prozesuan zintzilik geratutakoei tiraka hel liteke, beharbada, elkar ulertzen hasteko moduren bat. Kataluniari aitortza nazional benetakoa zor zaio, edukiz betetakoa, lehen mailakoa. Eta horretarako oraingoz ez da mahai gainean ezer jarri Pedro Sánchezen aldetik, esloganak besterik ez. Aldi berean, independentziaren aldekoek onartu beharko dute ez dutela gehiengo nahikorik prozesu hori bururaino eramateko eta momentu historiko honetan beste erdibideren bat bilatu beharko dutela.
Publicidad
Konpromiso ausarten ordua da Katalunian. Prozesu baketsu baten ondorioz kartzelan edo erbestean daudenen egoera konpontzekoa eta auzi politikoaren mamiari behingoz heltzekoa. Sánchezen zentsura mozioa babestu zuen blokeak badu potentzialtasunik bide horretan abiatzeko, lurralde egitura berrirudikatzen hasteko. Berba egitea eta proposamenak zehaztea falta da. Eta horretarako borondate politikoa.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Fallece un hombre tras caer al río con su tractor en un pueblo de Segovia
El Norte de Castilla
Publicidad
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.