El Euromillones del viernes: comprobar resultados del 31 de enero
Walt Whitmanek AEBetako Gerra Zibilean bere anaia George zaurituen zerrendan zegoela jakin bezain laster, frontera joan zen erizain lanak egitera. Fotolia

Inor ez da irla

Aspalditik dira hitzak ezgai balen eta bonben aurrean. Baita musika ere

Inor ez da irla, inor ere ez da bere baitan osoa». Honela hasten da John Donneren testu ezaguna. «Edozein pertsonaren heriotzak gutxitzen nau, gizadiari lotuta nagoelako. Eta, beraz, ez ezazu sekula galdetu norengatik ari diren kanpaiak jotzen. Kanpaiek zeuregatik jotzen dute». Ezaguna da Hemingwayk Espainiako Gerra Zibilean girotutako bere eleberri ezagun baten izenburuan erabili zuela kanpaiena. Donneren testua euskaraz aurki daiteke Sarrionandiaren 'Hezurrezko xirulak' bilduman.

Publicidad

Donnerengandik asko ikasi zuen Walt Whitmanek bere buruari kantatu zion mende batzuk geroago unibertsoaren aniztasunari bezainbat. «Ni horren kidea naiz, horren antzekoa, ni bezain hilezkor eta barneratu ezina baita». Kide horien artean egoera gazi-gozoetan ibili zen New Yorken jaiotako poeta. AEBetako Gerra Zibilean bere anaia George zaurituen zerrendan zegoela jakin bezain laster, frontera joan zen erizain lanak egitera. 'Gerra zibilaren egunerokoa'n ematen digu han bizitakoaren berri. Hain zuzen ere, duela gutxi kaleratu da Whitmani dagokion poesia kaiera. Bakearen eta bizitzaren alde kantatu zuen, bere baitatik eta guztien ahotik, eta gaur-gaurkoak dira haren testuak, baina poesiak ezin ditu bonbardaketak eta sarraskiak geratu. Metrikak ere ez. Hunkitu egiten gaitu poesiak, edertasunaz eta kontzientziaz blaitzen. Guztiarekin, aspalditik dira hitzak ezgai balen eta bonben aurrean. Baita musika ere. Jar dezakezu doinu eder bat bataila baten atsedenaren erdian. Hunkitu egingo dira soldaduak eta zibilak, baina atsedenaldia amaitzean, soldaduak euren lanera itzuliko dira. Ez dituzte armak lurrera botako, ez dira agintarien eta aginduen aurka matxinatuko. Gerraren erdian doinu baten edertasuna beti da bala baten ziztua baino laburragoa. «Lantza herdoiltsuez eta kanoi-jantziz/ zeharkatzen ditu heriotzak eskualde mortuak,/ non sustraiak eta itxaropenak lantzen dituen gizakiak,/ non gatz-euria ari duen eta burezurrak diren barreiatzen». Hala zioen Miguel Hernándezen poema ezagunak. Mendeak dituen katedral bat segundo gutxiren buruan suntsi daiteke urrutitik botatako lehergailu baten bidez. Zenbat eta gehiago zibilizatu, teknologiari dagokionez zenbat eta sofistikatuagoak bihurtu, orduan eta urrunagotik eragin daiteke heriotza, herio eragilea zikindu edo blaitu gabe. Ia bideo-joko batean bezala.

«Zartailua edo ezpata/ altxatzen direla ikusten duzunean,/ espetxeak bere sarrailak areagotzen dituela,/ fusilak herio-mehatxuka datozela,/ hurbil zaitez eta, bularra agerian,/ mundua salbatuko duen EZ ikaragarri bat jaurti». Ángela Figuera Aymerichen hitzak dira. EZ ikaragarriak jaurtitzen jarraitu arren, ikaragarriagoa da gerraren egunerokoa, hilotzaren bular irekia. Dagoeneko ez gara horren xaloak. Badakigu gure protestek ez dutela gerra geraraziko. Horren ardura dutenak ez daudela guri begira. Diplomazia kontuak neurtitz-joskerak baino zailagoak eta arantzatsuagoak direla. Botereak bere langintza krudel eta ilun propioa duela, nahiz erantzukizun maila ezberdina izan kasuaren arabera. Aberriaren, jainkoaren edo dena delakoaren izenean mila egia eta beste mila gezur asma daitezke. Mila fikzio edo kontakizun, jendeak haien zurrunbiloan murgiltzeko eta itotzeko ere. Rilkek aspaldi ohartarazi zigun handiagoa iruditzen zitzaiola ezein banderarengatik zin egiten ez duena; izan ere, keinu horrekin zatitik askatu eta osotasunean murgiltzen da, mundu guztiaren parte bihurtuz. Whitman bat etorriko zen Rilkeren hitzekin.

María Zambranok 1936 eta 1939 urteen artean idatzi zituen 'Los intelectuales en el drama de España'ko testuak, «ez borrokaren irakinaldian, zauriaren aldarrian baizik». Zauri hori denona dela erakutsi zigun aspaldi Homerok 'Iliada'ren azken ataleko topaketa ezkutuan, Akiles eta Priamoren artekoan. Minak senidetzen gaituela alegia, minaren kontzientzia partekatuak. Horregatik da kontsolagarria poesiara eta Donneren hitzetara itzultzea, eta une batez irla bat ez garela amestea. Geuregatik ere ari direla kanpaiak, guri deika. Horretan datza poesiaren ahalmena.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad