Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Liburu-denda batean sartuz gero, ez da txikia intrigazko eta genero beltzeko liburuek hartzen duten lekua. Zalantzarik gabe, irakurleek gehien eskatutakoen artean daude liburu horiek. Genero horretako telesailek ere bereziki kateatzen gaituzte. Jakin nahi dugu nor den krimenaren egilea, zer dagoen atzean, nola heltzen den ikertzailea, komisarioa edo dena delakoa erruduna harrapatzera, baita, bide batez, nolakoa den eleberri horrek islatzen duen gizartea ere, gizarte horren usteldura edo axolagabekeria maila… Nolakoa den ikertzailearen bizitza pertsonala, baita gaizkilearen barne mundua ere. Ikertzailearen pausoen atzetik goaz, ia beti gaizkilea baino pauso bat edo bi atzerago. Batzuetan, gaizkilearekin batera goaz. Gustuko ditugu fikziozko kalezuloak eta bidegurutzeak, jakin badakigulako ez garela luzaroan haietan harrapatuta geratuko. Eta horretan ari garela, modu atseginagoan igarotzen zaigu denbora, egunerokoaz ahazten gara une batez, lurralde ezagun bat zapaltzen dugu.
Luze eztabaida daiteke genero horretako liburuen literatur kalitateaz. Irentsi eta ahazteko liburuak ote diren, erretratu sozial eta psikologiko paregabeak aurkezten ote dituzten, krimenaz harago joateko gai diren… Ez dira gutxi, halaber, literatur genero horren zale ospetsuak. Deigarrienetako bat, Freud bera. Beharbada horregatik diote polizia eleberrien arrakasta arrazoi psikoanalitikoekin lotua dagoela. Baina, berez, ez da horren harrigarria Freud genero horren zalea izatea, haren metodoek zerikusi handia baitzuten ikertzaileen metodo deduktiboekin. Adibidez, denoi gertatuko zitzaizuen zerbait ahaztea: data bat, hitzordu bat, duela lau hilabete ikusi genuen pelikula baten izenburua, ikusi berri dugun aspaldiko lagun horren izena… Ez dakigu zergatik ahazten ditugun gauzak, baina ez dugu horretan denbora gehiegi galtzen. Ahaztu egin ditugula uste izaten dugu, eta kito. 'Lapsus' esaten diegu batzuetan. 'Zahartrosia' beste batzuetan. Freudek, ordea, ez zituen ahanztura horiek horren erraz alboratzen, eta halakoen atzean disgustu bat zegoela uste zuen. Ondorioz, lapsus horiek 'hiltzailea' bilatzen ariko balitz bezala ikertzen zituen.
Esaterako, Freudek berak kontatuta dakigu behin B.R. eta Konpainia enpresatik deitu ziotela langileetako bati mediku-laguntza emateko. Langilearen etxerantz zihoala, burura etorri zitzaion lehen ere joana zela enpresa horren eraikuntza berera, beste bulego batzuetako gaixo bat ikustera (A gaixoa). Are gehiago, eraikuntzaren beheko solairuetan B.R. eta Konpainiaren kartel batzuk zeuden. Hala ere, ez zuen gogoratzen non zegoen zehazki eraikuntza hura, ezta nola zuen izena A gaixoak ere. Kontuak, berez, ez zuen inolako garrantzirik, baina Freud tematu egin zen hutsune edo ahanztura horren iturburura heltzen. Oroitzapen (edo desoroitzapen) horri tiraka hasi, eta arazoarekin lotura zuten ideiak edo izenak azaleratzen joan ziren. Izan ere, arrazoiren bat egon behar zuen berak hura ez gogoratzeko. Lehenik eta behin, akordura etorri zitzaion bulegoen gainean Fischer pentsioa zegoela, eta hitz horri esker, eraikuntza identifikatu zuen. Orain bazekien non zegoen. Hala ere, ez zitzaion inolako gertaera desatseginik burura etortzen, ahanztura justifika zezakeena. Orduan konturatu zen, A gaixoa ikustera zihoala, gizon batek agur egin ziola kalean. Aurpegi ezagunen bilduma astintzeari ekin, eta gogora etorri zitzaion bat-batean. Gizon hari bisita egin zion duela hilabete batzuk: larri zegoen eta paralisi progresiboa diagnostikatu zion. Handik puska batera jakin zuen gizon hura osatu egin zela, eta beraz, bere diagnostikoa okerra zela. Okerrak ekarri zuen ahanztura. Gero gogoratu zuen gizon hark bulego handi batzuetan egiten zuela lan, eta hango gaixoak artatzera ere joaten zela bera, Freud. Gizon hari tratamenduan lagundu zion medikuak Fischer izena zuen, pentsioak bezala. Konexio horiei guztiei esker askatu zuen ahanzturaren korapiloa, bere inkontziente zitalak ehundutako tranpa. Metodo deduktiboak erabiliz, Sherlock Holmesek bezala.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.