Borrar
Afp
Zazpi hilabete
Bete-betean

Zazpi hilabete

Trump eta Netanyahuren arteko loturak Gazako masakreari eta Zisjordaniako kolonizazioari testuinguru berezia ematen dio

Miércoles, 5 de junio 2024, 14:02

Tzachi Hanegbi Netanyahu Israeleko lehen ministroaren aholkulari nagusienetakoa da. Duela gutxi esan du Gazako gerrak zazpi hilabete gehiago iraun dezakeela. Hau da, urtarrilera arte. 2025eko hilabete horren 20an Estatu Batuetako presidente hautatuak kargua hartuko du. Trumpek posibilitate handiak ditu aukeratua izateko. Trumpen eta Netanyahuren arteko lotura oso estua da. Trumpek erabat menderatu du Alderdi Errepublikanoa, eta horrek haren muturreko ideiak barneratu ditu. Nazioarte mailan, Netanyahuri erabateko apoioa ematea, eta horrek etsai nagusitzat duen Iranen aurka jardutea. Halaber, Txinaren kontrako gerra komertziala areagotzea.

Bidenek hori badaki, eta Gazako masakrea geratu nahi du, hilketa masiboek jarraitzen badute hauteskundeak gal ditzakeelako, gazte eta musulman askok bizkarra emango bailiokete. Su-etena lortzeko ahaleginetan dabil, baina ez du erraza izango. Israel barruan, operazio militar suntsitzailearen aurrean (36.000 hildako, ospitalak txikituta, ehundaka mila pertsona goseak eta etxerik gabe, noraezean) ez dago oposizio handirik. Israeldar gehienek Gazako palestinarrak Hamasek urriaren 7an egindako atentatu basatiaren erantzule egiten dituzte eta -deshumanizazioaren ondorioak- ontzat ematen dituzte bere armadaren hilketa basatiak. Hamasek ekintza terrorista horretan bahitutako pertsonen senideak su-etena eskatzen ari dira behin eta berriro kaleetan, baina alferrik. Azken inkesten arabera, Netanyahuk irabaziko lituzke berriro hauteskundeak. Mussolini eta Hitler ere irabazle izan ziren hauteskundeetan.

Trump erruduntzat jo du New Yorkeko herri-juratu batek zenbait deliturengatik. Nago ez dela espetxera joango eta, aitzitik, horrek indartu egingo dituela presidente izateko bere aukerak. Deigarria da nortzuek eman dioten babesa erabakia ezagutu denean; besteak beste Putinek, Orbán Hungariako eskuin muturreko presidenteak, eta Elon Musk enpresario ahaltsuak (X –lehen Twitter–, eta hainbat enpresaren jabeak). AEBko bilioidun batzuk hasi dira bere apoioa ematen Trumpi, bere promesa ekonomikoak gustukoak dituztelako. Blackstone inbertsio-funts erraldoiaren nagusia den Schwarzman da horietako bat.

Nazioarteko ardatz nagusiak mugitzen ari dira, maila guztietan, eta testuinguru horretan Europa txikiagotua agertzen da. Ziurgabetasunaren aurrean, eskuin muturreko indarrak nabarmen ari dira indartzen, datozen europar hauteskundeen emaitzek azalduko duten bezala. Etorkinen aurkako diskurtsoek, nolanahi ere, sakoneko aldaketa-planak ezkutatzen dituzte.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Zazpi hilabete