Borrar
Afp
Putinen irribarrea
Bete-betean

Putinen irribarrea

Europar Batasunak bakea eta seguritatea uztartuko dituen estrategia egonkor, autonomo eta sendo bat behar du Putinen aurrean

Miércoles, 21 de febrero 2024, 13:19

Duela egun batzuk elkarrizketa bat egin zion aurrez aurre Tucker Carlson eskuin muturreko kazetari estatubatuarrak Vladimir Putini. Oso lasai eta irribarretsu agertu zen errusiar presidentea. Agian Carlsonek elkarrizketa samurra egin ziolako. Deigarria da eskuin eta ezker muturreko zenbait sektorek bat egitea Putin eta bere ekintzak defenditzeko orduan. Lehenek, gogoko dutelako bere ultranazionalismoa eta pertsona gai, lesbiana eta transexualen aurkako errepresioa, Eliza ortodoxoaren mandatuei men eginez. Bigarrenek, ikuspegi dikotomikoa dutelako; Estatu Batuen politikak guztiz gaitzesgarriak iruditzen zaizkie; beraz, Putin eta bere gobernuarenak, onak.

Putinek bazituen, dena den, motiboak kontent egoteko. Ukrainako gerrarengatik Mendebalde politikoak ezarritako zigor ekonomikoek ez diote Errusiari kalte handirik sortu. Latinoamerika, Afrika eta Asiako herrialde gehienek ez dituzte zigorrak aplikatu, eta petrolioa eta gasa (eta zerealak, lehengaiak eta abar) saltzen jarraitu du Errusiak, ez bakarrik Txina eta India erraldoiei, baizik eta atzeko atetik Europako enpresa batzuei ere bai (batez ere likidotutako gasa). Errusiaren ekonomiak eta monetak porrot ez egitean eragina izango zuen seguruenik herrialde hartako banku zentraleko gobernadorea den Elvira Nabiullinaren lan onak. Edozein modutara, Errusiako klase ertainak ez daude orokorki egoera txarrean. Errusiar asko ikusi omen daiteke oporretan, diru dezente gastatzen, zenbait leku turistikotan, batez ere Asian.

Ukrainako gerra ez doakio gaizki Putini. Herrialde hori okupatzeko hasierako planak porrot egin zuen. Ukrainak inbasioa gerarazi bazuen ere, Errusiak okupatu dituen Krimea eta ekialdeko probintziak ezingo ditu segur aski errekuperatu. Gerra luzaroan mantendu ahal izateko soldadu, arma eta diru nahikoak dauzka Errusiak, baina Ukrainak ez. AEB eta EBk laguntza gehiago eman beharko liokete, eta Trumpen errepublikanoek laguntza moztu edo murriztu nahi dute.

Putin nahi duenera arte egon daiteke agintean, botere ia absolutuarekin gainera. Aise irabazten ditu hauteskundeak, eta Errusia Batua bere alderdiak hauteskunde parlamentarioak ere bai. Baina oposiziorik ez dago, hauteskundeetara ezin direlako aurkeztu, edo haren buruzagiak (Boris Nemtsov, adibidez) –baita kazetari kritiko batzuk, Anna Politkóvskaya, kasu– erail dituztelako, edo espetxean hiltzen direlako (Aleksei Navalni, oraintsu). EBk bakea eta seguritatea uztartuko dituen estrategia egonkor, autonomo eta sendo bat behar du Putinen aurrean.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Putinen irribarrea