El Euromillones del viernes: comprobar resultados del 31 de enero

Sekulako gatazka sortu da Disney konpainiaren eta Floridako gobernadorea den Ron DeSantisen artean. Honek AEBko presidente izan nahi du. Trumpen alde zegoen, baina orain bere burua aurkeztu du hautagaia izateko, eta hura haserre bizian jarri da. 'Ron DeSanctimonious' deitzen dio, iseka eginez. Eliza ebangeliko ultrakontserbadoreek indar gero eta handiagoa dute AEBn. Trumpek haien apoioa lortu zuen, baina orain DeSantisek bere alde jar ditzake harena baino programa estremistago batekin. Abortua ezabatzea eta pertsona lesbiana, gay eta transexualen eskubideak murriztea dira ebanjeliko erradilaken helburu nagusia.

Publicidad

Disney konpainiak parke izugarria du Floridan. Hori ez ezik, parkea eta horri lotutako langileen eta zerbitzuetarako etxe eta eraikinak kokatzen diren barrutian eskumen oso handiak ditu, gobernu txiki bat izango balitz bezala. DeSantisek lege bat bultzatu zuen, eskoletan sexu-orientazioaren eta sexu-identitatearen dibertsitateaz nerabezarora arte hitz egitea debekatuz. Disney konpainiak lege hori bertan behera uztea eskatu zuen. Sututa, DeSantisek Disneyren aurka jo zuen, konpainiak aipatutako barrutian zituen eskumenak gutxituz. Auzipean dago kontua.

Pertsona guztien duintasuna, askatasuna eta segurtasuna bermatu nahi badira, giza eskubideez eta aniztasunaz hitz beharra dago eskolan eta eskolatik kanpo, adin txikitan ere bai, orduan finkatzen baitira balioak. Erlijioak -guztiak- era desberdinez interpretatu eta azaldu daitezke. Beti egon dira jarrera inkisidoreak, beren ikuspegia eta dogma inposatu nahi dutenak (Galileo kondenatu zuena, adibidez). Ziurgabetasuna nagusitzen ari den honetan badirudi ideologia baztertzaile eta zapaltzaileak, egia absolutua dutela aldarrikatzen dutenak, indartzen ari direla.

Komentatzen ari garenak ez du soilik eragina AEBn. Gustatu edo ez gustatu, han sortu diren mugimendu kultural, sozial edo ideologikoak herrialde askotara zabaldu dira. Ebanjeliko ultrek diru asko daukate, eta beren doktrina ideologikoa ahalik eta gehien hedatu nahi dute. Erdialdeko eta Hegoaldeko Amerikako zenbait estatutan (Guatemala edo Brasilen, esaterako) jarraitzaile asko dituzte. Afrikako herrialde batzuetan ere bere helburuak lortzen ari dira. Ugandako parlamentuak pertsona lesbiana, gay eta transen aurkako lege oso gogorra onartu berri du. Populazioaren gehiengoa kristaua da, eta urteetako lan isilaren ondoren estremistek lortu dute pertsona haien kontra astakeria galantak esaten dituzten telepredikariek audientzia handia izatea.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad