Azken aldian asko hitz egiten da extralurtarrez. Aurreko batean, momifikatutako bi gorpu txiki erakutsi zituen Mexikoko parlamentuan ufologo batek, extralurtarrak izan zitezkeela esanez. Hilabete batzuk lehenago, Estatu Batuetako kongresuan hiru militarrek zin egin zuten herrialde hartako armadak extralurtarrak munduan egon direla (edo daudela) egiaztatuko luketen ebidentziak dituela. Lehen ovni akronimoa erabiltzen zen, gaztelaniaz 'objektu hegalari ezezaguna' esateko (ingelesez, ufo). Orain, 'identifikatu gabeko ohiz kanpoko fenomenoak' espresioa hasi da erabiltzen (uaps ingelesez, fani gaztelaniaz) esanahi zabalago batekin. Azken aldian zenbait objektu arraro ikusten dira zeruan gauez, alegia hegazkinak ez diren objektu dirdiratsuak. Elon Musk-en sateliteak omen dira. Enpresari superaberatsa bezain ahaltsua den horrek, Space X eta Starlink enpresen bidez, ontziak bidali ditu espaziora eta komunikazio-sateliteak jarri orbitan; horietako ia bost mila daude zeruan. Halaber, Ilargira eta Martera bidaiak antolatu nahi ditu. Badira aipatu bi astro horietan gizakien koloniak sortzeko planak. Ehunka urte barru agian gizakiok ezingo dugu Lurrean bizi klima aldaketagatik, eta batzuk hasi dira espazioaren konkistan pentsatzen.
Publicidad
Izendatutakoez aparte, Elon Muskek zenbait konpainia inportante kontrolatzen ditu, adibidez Tesla edo X (lehen Twitter). Inteligentzia artifizialaren alorrean jardungo duen enpresa baten sorrera iragarri du oraintsu, eta kriptomoneten munduan arituko den beste batena. Botere izugarria ari da metatzen, beste konpainia erraldoietako buruzagiekin gertatzen den bezala (esaterako, Facebook, Amazon, Microsoft, Google, edo TikTok). Hori arazo eta mehatxu izugarria da botere demokratikoentzat, horien gainetik agintzen baitute haiek. Ukrainako gerran ere esku hartzen dute Musken sateliteek. Batek daki zergatik, murriztu egin die ukrainarrei informazioa eskuratzea horien tropak egiten ari diren kontraerasoan.
Harvard unibertsitateko Astronomia departamentuko zuzendaria den Avi Loeb konbentzituta dago zibilizazio inteligente gehiago daudela unibertsoan. Edo egon direla duela ehunka mila edo milioika urte. Oumuamua objektu misteriotsua beste zibilizazio inteligente baten espazio-ontzi bat izan daitekeela dio. Niri, egia esan, beldur pixka bat ematen dit gu baino inteligenteagoak izan daitezkeen extralurtarrak aurkitzeak. Gure antzekoak badira, Lurra kolonizatu lezakete, eta gizakiok esklabu egin edo gure adimen eta gorputzak beren ikerketetarako erabili.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Publicidad
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.