Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Sentsazionalista ez omen den egunkari batek joan den igandean titular hau bota zuen portadan: Europa prestatzen ari da jada gerra-eszenatoki baterako. Sentsazionalista ez bada ere, esaldi horrek ikarazko sentsazioak eragin zizkidan, eta gosaria kontrako eztarrira joan zitzaidan. Zoritxarrez, gerra hitza, Europa eta Errusiaren arteko balizkoa, buruzagi politiko batzuen ahotan egon da azken egunetan. Adierazpen esanguratsuenak Macron presidente frantsesarenak izan dira. Zer dela-eta hori guztia? Trumpek mitin batean esan zuen Europak bere defentsa propioa antolatu eta ordaindu beharko duela. Presidente izan zenean jarrera hori azaldu zuen, eta EBri exijitu zion defentsa-gastuak produktu gordinaren %2ra igotzea. Oso europar estatu gutxi dira kopuru horretara iristen direnak (Espainiarena ez da %1,5era heltzen). Europar Batzordeko presidentea den Ursula von der Leyenek esan du, ekaineko europar hauteskundeei begira, Defentsako komisario (ministro) kargua sortzea proposatuko duela, bai eta europar estatuek arma-ekoizpenean gehiago gastatzea ere.
Litekeena da Trump AEBko presidente hautatua izatea. Kanpo-harremanetako kontuetan Txinarekin dago tematuta, eta Errusiak ez du kezkatzen. Azken finean, komunismoaren aurkako gerra hotza AEBk irabazi zuen, eta Putin ez da komunista. Horren ultranazionalismoak eta Errusiaren handitasuna errekuperatzeko ustezko xedeak ez diote Trumpi loa kentzen; bere ustez, AEBren interesak ez leudeke arriskuan. Europako zenbait agintarik adierazi dute sarritan ekidin behar dela Errusiak Ukrainan gerra irabaztea. Baina, Italiako ezkerreko M5S alderdiko buruak oraintsu esan duen bezala, Ukrainak ezin du gerra irabazi. Gerra Hotzaren garaian «realpolitik» kontzeptua sortu zen Mendebaldeko Alemanian, Ekialdeko blokearekin (Alemania komunistarekin, gehien bat) hartu-emanak izatea legitimatzeko. Putin arbuiagarria da, baina boterean jarraituko du. Eta Georgia eta Moldaviako erregio batzuetan Errusiaren laguntza militarrarekin estatu horiekiko de facto bereizita dauden erregioen egoera ez da aldatuko. Esango nuke Europako arduradun politiko eta militarrek ziurtzat ematen dutela Ukrainan antzeko zerbait gertatuko dela.
Oso irresponsablea eta larria da gerra hitza aipatzea. Estatu baltiko eta eskandinaviarretan eta Polonian Errusiarekin gatazkak izateko beldurra badago. Seguritate-arkitektura bat eta gatazken prebentziorako mekanismo egokiak eraiki beharko lirateke Europan, Errusia haien barruan sartuz, baina bide horiek itxita daude oraingoz.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.