El Euromillones del viernes: comprobar resultados del 31 de enero
Militar bat, soroak zaintzen, Ukrainan. Efe
Bete betean

Ezustekoak batasunean

Ukrainako zerealen kontura liskar berri bat sortu da EBn. Arazo horrek Batasunaren bilakaeraren zailtasunak agerian jarri ditu

Miércoles, 19 de abril 2023, 09:03

Behin baino gehiagotan esan dugu zutabe honetan Europar Batasunak gabezia handiak dituela, interesek pisu handiegia dutela, eta EBri bihotza, arima eta proiektu politiko komun bat falta zaizkiola. Hala eta guztiz, eskerrak existitzen duela eta barruan gaudela. Ezustekoak gertatzen dira batzuetan, eta ziurra zirudiena aldrebestua agertzen da bat-batean. Frantzia eta Alemaniaren arteko aliantza sendoa zela ematen zuen; EBren ardatza omen da. Alabaina, gaur egun elkarrengandik urrunduta daude, eta haien arteko diferentziak nabarmentzen ari dira, besteak beste AEB eta Txinarekin eduki nahi diren harreman politiko eta ekonomikoak definitzeko orduan.

Publicidad

Polonia eta Ukrainaren arteko harremana oso indartsua da, eta laguntza handia ematen ari zaio hura Errusiaren erasoa jasaten ari den herrialdeari, baina ezustean arazo potolo bat sortu da. Poloniak betoa jarri dio Ukrainatik datorren zerealari, poloniar nekazarien interesak defendatzeko argudioaren pean. Hungariak bat egin du berehala poloniar gobernuaren erabakiarekin, eta Eslovakia eta Bulgariak segur aski beste horrenbeste egingo dute. Europar Batzordearen politikari desafio egiten dio erabaki horrek. Interes ekonomiko eta elektoralek pisu handia izan ohi dute EBren gorabeheretan (udazkenean hauteskundeak egongo dira Polonian), eta europar Batzordea eta Kontseilua etengabe aritu behar dira estatuekin negoziatzen, maiz balantzaka. Arazoari aurkituko diote soluzioa, baina galdera inportante bat geratuko da airean: onartuko al da, lau haizetara aldarrikatu den promesa beteaz, nekazaritza-eremuan horren inportantea den Ukraina EBn sartzea? Gertatutakoa ikusita, esango nuke ezetz. Turkiak urteak daramatza sartzeko itxarote-zerrendan, eta ez dirudi inoiz EBren barruan egongo denik. 27 estaturen klub horretan kontraesan eta tirabira handiak daude zenbait gai korapilotsuren inguruan (fiskalitatea, estatuen zor publikoaren muga, immigrazioa eta errefuxiatuak, dirulaguntzak eta abar). Testuingurua, gainera, ez da ona: estatu soziala ahultzen ari da; ziurgabetasuna eta haserrea, eta immigrazioaren aurkako jarrerak, berriz, zabaltzen ari dira.

Zirkulu desberdineko Europa eraikitzea izan daiteke bide errealistena, segur aski. Gaur egun EBren barruan gertatzen da hori: denak ez daude Eurogunean edo Schengen akordioaren barruan. Turkia eta Erresuma Batuarekin hartu-eman egonkor eta fidagarriak izan beharko lituzke EBk. Baita Errusiarekin eta Magrebeko herrialdeekin ere. Herkulesen lanak baino zailagoa izan daiteke erronka hori.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad