Borrar
Santurtziko Hijas de la Cruz ikastetxea eraitsi dute luxuzko etxebizitzak eraikitzeko. Diana Martínez
Hezkuntzan 1+1 ez da beti 2
Zorrozkailua

Hezkuntzan 1+1 ez da beti 2

Zer gertatzen da irakasleekin bi ikastetxe batzen direnean?

Miércoles, 15 de enero 2025, 00:15

Jakin berri dugu datorren ikasturtean Portugaleteko bi eskola publiko batuko direla, jaiotza-tasaren jaitsierak horietako bat gogor jo duelako. Datozen hilabeteetan Txurdinagan, Gasteizen eta Donostian bat-egite gehiago izango direla salatu dute sindikatuek. Zenbakiak argi daude: 2032ra arte, euskal hezkuntza sistemak 65.000 ikasle galduko ditu. Ez dago ume nahikorik.

Portugaleteko kasuan, ikasle guztiak arazorik gabe birkokatuko dira. Bi eskolak publikoak direnez, Hezkuntza Sailak iragarri du lanpostu guztiak ere bermatuko direla. Momentuz ez dakigu nola, baina hori da konpromisoa.

Kasu honetan nahiko erraza izan da, azken finean bi eskolak titulartasun publikokoak baitira. Baina, zer gertatuko da ikastetxe batek beste titulartasun bat duenean, adibidez erlijio-ordena bat? Ezin dugu ahaztu ikasleen ia erdiek itunpeko eskoletan ikasten dutela. Kristau Eskola da itunpeko sareko patronal nagusia, 73 erlijio-ordenen esku dauden 118 ikastetxerekin.

Galdera zera da: zer gertatuko da langileekin horrelako ikastetxe bat ixten denean? Adibide bat jarriko dugu: prozesu judizial luze baten ondoren, Santurtziko Hijas de la Cruz ikastetxea eraitsiko dute luxuzko pisuak eraikitzeko. Ikasle guztiak Santa Eulalia Patronatuan sartuko dira, baina langileek salatu dute hainbat kaleratze egongo direla.

Zuzendari batek behin azaldu zidanez, «Hezkuntzan 1+1 ez da beti 2». Bi ikastetxe batzen direnean, ez dituzu langile guztiak behar. Irakasle batzuk, nahitaez, ez dira beharrezkoak izango. Ikastolen Elkartearen ustez, 2.000 inguru lanpostu soberan egongo dira. Horregatik sindikatuek presio handia egiten dute langileak birkokatzeko mekanismoak sortzeko eta lanpostuak mantentzeko.

Testuinguru horretan, egokiena Administrazioak plangintza sendoa egitea izango litzateke, epe ertainean zer zentro itxiko dituzten jakinda, langileek jakin dezaten zeri heldu. Kontua da ea horrelako zerbait ikusiko dugun edo ikastetxe ahulenei hiltzen utziko zaien, horrek langileei eta familiei dakarkien estresarekin eta ezegonkortasunarekin. Hori bai galdera potoloa.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Hezkuntzan 1+1 ez da beti 2