Borrar
Urgente Muere un narcotraficante tras chocar su narcolancha con una embarcación de la Guardia Civil en Tarifa
Penelope Cruz, 'En los márgenes' filmaren irudi batean. Filmaffinity
Infernura jaistea

Infernura jaistea

Energia-enpresetako zuzendaritzako kideak ez dira jada 'infernura' jaisten

Lunes, 24 de octubre 2022, 01:10

Barne-krisi latz baten ostean, Tolstoik bere idazle zereginak utzi, eta nekazariekin eta jende apalagoarekin nahastu zen. Ez zuen erabat utzi literatura, baina sufrimendua salatzen zutenen ahots eta bozgorailu bihurtu zen batez ere. Bazterrekoen ahots. Biolentzia ezaren aldarrikatzaile sutsu, polemika biziak izan zituen orduko Elizako agintariekin, goi-klaseen interesetara erabat makurtuta zeudela salatzen baitzuen. Nahi gabe ere, ezinezkoa da ez ikustea orduko Errusiaren eta gaurkoaren artean dauden zenbait antzekotasun. Shakespeare gehiegi atsegin ez bazuen ere, badu Tolstoik zerbait Lear-etik, erotzat jotzen zuten errege abandonatu hartatik. Bardoaren arabera, Endrike V.a soldaduekin nahastu zen Azincourteko batailaren aurretik, mozorrotuta, jakiteko soldaduek zer iritzi zuten erregearen erabakien gainean. Erregea zela esan izan balie, isilik geratuko ziren, baina mozorroaz baliatuta, bere soldaduen benetako iritzia jakin zezakeen lehen eskutik. Haietako bat gehiago bihurtu zen. Antzeko zerbait egiten zuen 'Mila gau eta bat gehiago'ko istorioetan Harun Al-Raxid kalifak, gehienetan merkatariz jantzita eta Djafar bisirraren konpainian. Bere marfileko dorretik atera, eta Bagdadeko kaleetan barrena ibiltzen zen gauez, bere agindupekoen benetako bizitza ezagutu nahian. Esan daiteke, jende arruntarekin harreman zuzena bilatzeko praktika berezi horri esker, kalifa jakintsu bihurtu zela, hiri bat eta jada ezezagunak ez zitzaizkion biztanle multzo bat gobernatzeko behar den jakinduria bereganatu zuela. Nekez imajina dezakegu errege-erreginarik gaur egun horrelakorik egiten. Tradizio literarioak gogorarazten digu, gainera, erregea eskale bihur daitekeela, eta alderantziz, Mark Twainek iradoki zigun bezala. Txanponak bi aurpegi izan baititzake.

Bazterreko horiez arduratu da, hain zuzen ere, Juan Diego Botto bere azken pelikulan, 'En los márgenes' izenburukoan. Etxegabetuez, zehatzak izateko. Luis Tosar antzezleak zera esaten dio gazteagoa den beste protagonista bati une jakin batean: «Ez baduzu ikusten, ez duzu ezer egiten; ikusten baduzu, tartean sartuta zaude jada. Arazoa da eroarena egiten duzunean, alegia mundu guztiak egiten duena». Learren ispiluaren aurrean jartzen gaitu beste behin ere. Edo Hamletenean. Izan ere, ez al zituen azken honek ero plantak egin bere aitaren heriotza mendekatzeko? Ez dakit «lokatzetara jaistea» hitz egokiena den arestian aipatu kasuetarako. Dantek, adibidez, infernura jaisteko gonbita egin zigun orain dela zazpi mende baino gehiago, eta infernua nolakoa zen irudikatzen saiatu zen. Rimbaudek epealdi bat pasatu omen zuen infernuan. Infernua, nolanahi ere, ez dago beti garrez eta su-lamez inguratua; infernua miseria gorria izan daiteke baliabiderik eta aurrera ateratzeko modurik ez duenarentzat. Ez da derrigorrezkoa lur azpira jaistea hura aurrez aurre ikusteko. Zer geratzen zaizu dena kentzen dizutenean? Primo Levik esan zuenez, judutarrei dena lapurtu zieten Auschwitzen: arropa, liburuak, janaria, ilerik ere ez zuten… Kendu ezin zieten gauza bakarra buruz ikasia zekartena zen. Gauez Danteren bertsoak errezitatzen zituzten, Odisearen pasarteak. Naziek ezin zieten ostu askatasun eta barne-barneko jakinduria apur hura. Mandelstamek gauza bera egin zuen gulagean. Bere zoritxarrerako, idatzia ez zegoen poema bategatik kondenatu zuten.

Esan gabe doa literatura oso tresna garrantzitsua dela mundua ulertzeko eta bakardadea eramateko. Errege-erreginak, agintariak eta energia-enpresetako zuzendaritzako kideak ez dira jada «infernura» jaisten, ez dute hemen behean zer dagoen ere begiratzen. Ez zaie axola. Nuccio Ordine idazlearen ustez, neoliberalismoa, indibidualismoa, kanpotarrarekiko beldurra eta arrazakeria nagusi diren garai hauetan, ezinbestekoa da literatura. Gauzak ezin dira onura materialaren arabera neurtu. Ezta askatasuna ere. Tolstoik galdera esanguratsu bat egiten zion bere buruari: erotuta nago, besteek ikusten ez dutena ikusteko, edo ikusten ari naizen guztiaren arduradunak daude erotuta?

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Infernura jaistea