Borrar
Urgente Grandes retenciones en la A-8, el Txorierri y la Avanzada por la avería de un camión
Iñaki Murua, BEC-en egindako artxiboko argazkian. Bihar Nafarroa Arenako fokoak izango ditu gainean. BORJA AGUDO
Iñaki Murua: «Finalean bertso bikainak izango direla badakit, zortzikotea bikaina delako»

Iñaki Murua: «Finalean bertso bikainak izango direla badakit, zortzikotea bikaina delako»

Bertsolaria ·

Bederatzi bertsolari izango dira gaur protagonista Nafarroa Arenan: zortzi finalistak eta Iñaki Murua gabiriarra

NEREA AZURMENDI

Sábado, 17 de diciembre 2022

Behin baino gehiagotan igo da Iñaki Murua Jauregi (Gabiria, 1956) Bertsolari Txapelketa Nagusiko finaleko oholtzara. Finalista gisa 1986 eta 1989koetan, eta Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakari bezala 2005etik 2018ra bitartekoetan. Bihar, Nafarroa Arenan, berak jantziko dio irabazleari Itziar Alduntzin donostiarrak brodatu duen txapela.

– Sorpresa handia izan zen irabazleari txapela jarriko zeniola jakitea, edo bazeneukan susmoren bat?

– Bazebilen kontzientzia deitzen den txori txiki hori inguruan, eta albistea pixka bat atzeratu bada ere lehenagotik banekien. Harridura puntu batekin hartu nuen berria, gustuko lanean aldaparik ez dagoelako... Jende askok adierazi dit poza, eta poza adierazi didan jende horren eta ni han ikusteaz poztuko den jendearen ordezkari sentituko naiz unea iristean. Hala ere, txapela jartzea ez da beste munduko lana. Txapela irabazteak dauka balioa eta ardura eta lana eta zama.

Noticia Relacionada

– Txapeldunari txapela jartzera iristea ere bada zerbait. Aspalditxo zabiltza fokopetik aldenduta, baina bihar berriro erakarriko duzu milaka lagunen arreta. Oholtzara itzultzeko prest?

– Fokopetik aldenduta denbora asko daramat, behartuta ere bai gaixotasunagatik, parkinsonagatik. Jendeak bertsoekin eta sormen lanarekin gozatu baino bizitzen ari naizen egoeragatik sufritu gehiago egiten duela iruditzen zait, eta horregatik pixka bat lehen lerrotik alde eginda ibili naiz. Antzematen diot gainera jende artean-eta nenbilenean edozein momentutan ateratzen zitzaidala erantzuna, eta orain pixka bat motelago, makalago, izoztuago bezala sentizen dudala nire burua. Dena dela ere, oso pozik nago bihar han izatearekin eta jende pila horren aurrean txapela ematearekin. Batik bat saioa entzuteko gogoz nago, gozatzeko asmotan noa. Bertso bikainak izango direla badakit, zortzikotea bikaina delako.

– Sentsazio hori utzi dizute Txapelketaren aurreko faseek?

– Bai, zortzi bertsolari mundial, bikain, sekulako maila daukatenak izango dira finalean, eta hori saio bikainaren garantia da Bertsozale Elkartearentzat eta bertsozale guztiontzat.

Txapela

«Txapela jartzea ez da beste munduko lana, txapela irabazteak dauka balioa eta ardura eta lana eta zama»

– Zer ikusi duzu hiru emakume eta bost gizonezko horiek finalera eraman dituen bidean?

– Ikusi dut final honetan ez dagoen bertsolari batek baino gehiagok ere sekulako lana egin duela. Ikusi dut baita ere genero ikuspegitik gaiak emateko eta proposamenak egiteko garaian ausardia handia, lehendik ere bazetorrena, baina orain ia gauzatu eta finkatu egin dena. Gure garaietan emakumeak ez zuen hitz egiten gure ahotsetik ez bazen. Orain bere ahots propioa du eta hor sinesgarritasunean asko irabazi da. Gainera jende gazte asko ikusi dut, ez dakit den Txapelketa delako, edo gazteak gaztea erakartzen duelako, baina bertsozalea gaztetzeak ilusio handia egiten dit.

'Tradizio modernoa'

– Aldaketa horien guztien aurrean, bertsozale beteranoak gazteak bezain eroso sentitzen direla uste duzu?

– Erregistroetan-eta batzuetan beteranoak galdu egiten gara, baina hori ez da berria. Txirritaren garaian, latinezko hitzak ez zituela ulertzen eta ikasi egin beharko zuela esanez bukatu zuen bere jarduna. Gu orain ingelesetik datozen hainbat espresio entzuterakoan, esaterako, galdu egiten gara, baina horrek esan nahi du gaurkotasuna antzeman egiten zaiola bertsolaritzari. 'Tradizio modernoa' ondo jarritako izena dauka bertsolaritzak.

Genero ikuspegia

«Emakumeak ez zuen hitz egiten gure ahotsetik ez bazen. Orain ahots propioa du, eta asko irabazi da sinesgarritasunean»

– Tradizioa modernizatzen lan handia egin zuen belaunaldikoa zara, bertsotan aritzeko moduan zein bertsolaritzaren hedapenean, kudeaketan... Trantsizio moduko bat burutu zenuten.

– Nik uste trantsizioa guk egin egin baino gehiago gertatu egin zela. Modernoak edo berriak edo berrizaleak baino gehiago ginen gazte hasiberri ezjakin eta ausartak. Orain bertso eskoletatik datozen horiek beste zurratu bat hartuta azaltzen dira plazetara. Guk batik bat egin genuena izan zen lehengoei asko entzun, baina guk barruan genuen forman adierazi jendeari. Iruditzen zait horretan asmatu egin genuela.

– Gauzak egiteko modua ere hasi zineten aldatzen.

– Bai, uste dut geure burua antolatzen eta geure elkartea geure erara egiten ere asmatu genuela. Hor lan egin genuen lehengoak eta hasiberriak nahasten. Esango nuke halako uztarri lan bat egin genuela, bisagra lana. Trantsizioa eta transgresioa, biak gertatu ziren gure parean aldi berean. Orduan ere baziren ideologoak, ideiak gorpuzten aritu zirenak, eta beste mordoxka bat ginen ekipoa egiten saiatu ginenak. Horren guztiaren ondorio izan dira behar bada bertso eskolak eta hezkuntzan egiten den lana, bertsolaritza eta bertsozaleak berritzea...

– Askotarikoa da bertsozalea.

– Bertsolarietan fijatzen gara beti, baina bertso munduan dabilen bertsozale mordoxka horri ere begiratu behar zaio, hor ere denetatik baitago. Badaude garai bateko bertsozaleak esaten dutenak Lazkao Txiki eta Lasarte hil zirenez geroztik bertsolaririk ez dagoela, edo oraingoei ez zaiela entenditzen, eta gure garaikoei bai... Hori entzun eta puztu gaitezke, baina etorkizuna ez dago gurean, ondorengoengan baizik. Horrek ez dauka bueltarik.

Oholtza

«Ikusiko dut, baina oraingoz uste dut ametsetan hainbat aldiz botatako bertso hori niretzat gordeko dudala»

– Ezta biharko hitzorduak ere. Badirudi dena dagoela alde eguna gogoangarria izan dadin.

– Esperantza horrekin goaz... Kantura doan zortzikoteak izan dezala horretarako aukera gaien bidez, izan dezala aldarte ona, ez dadila ibili hirugarren puntua tolestatu ezinik... Nik oso gustura jarriko diot txapela epaileek puntu gehien ematen dioten bertsolariari.

– Irudikatu duzu momentu hori? Pentsatu duzu nola kudeatu seguruenik gainezka egingo duten emozioak?

– Ikusiko dut... Jendea asko ari zait hori galdetzen, eta ea egingo dudan bertsotan. Joxe Agirrek hiru kantatu zituen, eta nirea ere han tartean kantatua edukiko duela pentsatzen dut. Halako bertso maila aurreikusten den egun batean, gainera... Bertso afarietan-eta badaukazu defentsa halako bat mahai baten atzean, baina han ez dago horrelakorik. Ez dakit, ikusiko dut, baina oraingoz uste dut ametsetan hainbat aldiz botatako bertso hori niretzat gordeko dudala. Emozioei dagokienez, bihar emozioak kudeatzea ez da erraza izango, baina parkinsona ezin da kudeatu. Ikusiko dugu, ni disfrutatzeko asmotan noa.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Iñaki Murua: «Finalean bertso bikainak izango direla badakit, zortzikotea bikaina delako»