![Iñaki Martínez de Lunak Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona 2023 saria jaso du](https://s1.ppllstatics.com/elcorreo/www/multimedia/2024/04/15/manuel-lekuona-kH3B-U2102081694295u9-1200x840@El%20Correo.jpg)
![Iñaki Martínez de Lunak Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona 2023 saria jaso du](https://s1.ppllstatics.com/elcorreo/www/multimedia/2024/04/15/manuel-lekuona-kH3B-U2102081694295u9-1200x840@El%20Correo.jpg)
Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Zurekin
Viernes, 12 de abril 2024, 18:47
Eusko Ikaskuntzaren 2023ko Manuel Lekuona Saria jaso du Iñaki Martínez de Luna soziologo eta soziolinguista arabarrak, ostegun honetan, apirilaren 11n, Gasteizko Ignacio Aldecoa Kultur Etxean.
Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzálezek eta Eusko Ikaskuntzako lehendakari Ana Urkizak hartu dute hitza, José Miguel de Barandiaran Fundazioko lehendakari Abel Ariznabarretak epaimahaiaren erabakia irakurri ondoren. Ekitaldia Edurne Begiristain kazetariak gidatu du.
Hitzaldian, Ana Urkizak Iñaki Martínez de Lunaren argazki gizatiar eta intelektuala atera du, bost alderdiren bidez: euskararekiko konpromisoa, bere ibilbide osoan zehar izan duen bokazio berritzailea, erakundeen eta proiektuen sustatzaile gisa egindako lan nagusiak, Eusko Jaurlaritzari atxikitako soziologo gisa egindako lan profesionala 1982tik erretiroa hartu zuen arte, eta irakaskuntzan mende laurden baino gehiagoan egon izana EHUn. Eta Iñaki Martínez de Luna 2023 Manuel Lekuona Sari gisa egiaztatzen duten merezimenduak laburbilduz, honela definitu du: «Begirada zabaleko intelektual bat, hizkuntza-egitateaz ikuskera integrala duena. Gaur egungo euskal soziolinguistikako eragile nagusietako bat, teorialari eta ikertzaile gisa. Hizkuntzaren alorreko lider eta bultzatzaile bat. Eta, gainera, erreferente baliotsua da Euskal Herriaren aurrerapen sozial, zientifiko eta kulturalaren alde lanean dihardugun guztiontzat».
Manuel Lekuona Saria irudikatzen duen Remigio Mendibururen eskultura jaso ondoren, Iñaki Martínez de Lunak bere esker ona adierazi du. Gasteizen bizi izan zuen haurtzaroa gogora ekarri du, gazteleraz hitz egiten zuen garaikoa, bai eta nola aurkitu eta ikasi zuen euskara bere gaztaroan. Garai horretan, joan den mendeko 70ko hamarkadan, euskararen indarberritze-aroa izan zen, lehenik herri-gogoak bultzatuta eta geroago bulkada instituzionalarekin. Gaur egun, gizarte-baldintza berriek euskararen egoera aztertzea eskatzen dute, gure gizartearen erronka nagusiei erreparatuko dioten estrategiekin berrabiarazteko, hala nola globalizazioa, migrazioak edo eremu digitala. Gizarteren euskararekiko atxikimendua aktibatzea eta zabaltzea funtsezko zeregina izanik, horrekin duen konpromisoa berretsi du Iñaki Martínez Lunak.
Azkenik, Arabako diputatu nagusiak, Ramiro Gonzálezek, Iñaki Martínez de Lunak Araban euskara biziberritzeko egin duen ekarpena azpimarratu du; izan ere, 1980an %4 ziren euskara ulertu eta erabiltzeko gai zirenak, eta gaur egun %50 baino gehiago dira. Sariduna «euskaltzale amorratua» dela esan du diputatuak, eta errealitateari buruzko ikuspegi zabal eta sakonarekin lan isil, apal eta etengabea egin duela, errespetuz eta beti positiboki. Gonzálezek berak eskertu nahi izan dio hamasei urtez Arabako Foru Aldundiko Euskararen Aholku Batzordean parte hartu izana. Eta Martínez de Lunak bere ibilbide luzean ereindako haziak fruitu ugari ematen jarraitzeko desioa agertu du.
Halaber, ekitaldian proiektatu den ikus-entzunezko baten bidez, euskalgintzako erakundeetako kide askok sariduna zoriondu dute: Bat Aldizkaria (Estibaliz Amorrortu), Soziolinguistika Klusterra (Olatz Altuna, Imanol Larrea, Belén Uranga, Asier Basurto, Olatz Bengoetxea, Maialen Iñarra, Paula Laita, Isabel Godinez, Pablo Suberbiola), EHUko Gabriel Aresti Katedra eta Jakin Aldizkaria (Patxi Juaristi), Euskaltzaindia (Roberto González de Viñaspre), Gasteizko GEU Elkartea, EHU (Gidor Bilbao), Lazarraga Elkartea (Iñaki Lazkano), Mintza Lasai (Oihana Zamponi eta Uhaina Azpeitia), Topagunea (Jasone Mendizabal eta Irati Iciar), Tokikom (Iban Arantzabal, Mikel Irizar), UEU (Ane Sarasua) eta Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxa Gazte Saria 2023ko edizioaren irabazle Beñat Garaio.
Ekitaldia sarituaren gertuko lagunen dantza-emanaldi batekin amaitu da. Irteeran, bertaratutakoei Iñaki Martínez de Luna jaunaren biografia eta bibliografia biltzen duen liburua eman zaie, Eusko Ikaskuntzaren 'Manuel Lekuona Saria' bildumaren 40. alea dena.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Noticias recomendadas
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.