Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Zuzenbidezko Estatuan botere banaketa funtsezkoa da, elkarren arteko kontrolaren ondoriozko orekak bermeen iturburu direnez. Espainian aspalditik jarri da auzitan Justiziaren independentzia. Hori zalantzan jartzeak sistema osoari eragiten dio, osotasunezko gabeziak islatzen dituelako. Zenbat eta goi mailakoagoa izan epailea orduan eta nabarmenagoak dira politikarekiko horren loturak. Eta menpekotasunak. Kasu ugaritan sumatu dira halakoak, momentuan momentuko exekutiboaren bultzadak edo oztopoek nabarmenduta. Gehienetan aurkari politiko sutsuenei kaltea gurata areagotzekoak. Baita gertukoenei zigorrak leuntzen saiatzekoak ere. Kutsadura hori eskandaluzkoa izan da zenbaitetan, Estrasburgoko Auzitegiak ostean agerian utzi duenez.
Oraintsu, hipoteken eskriturak egiteagatik Ogasunari ordaindu beharreko ekintza juridiko dokumentatuen zergari buruzkoak biluzik utzi du Auzitegi Gorena. Justiziaren maila horretan seriotasunaren eta inpartzialtasunaren ordez bitxikeria eta interes boteretsuenei men egiteko ekinbidea nagusitzen direnean arazoa sistemikoa da. Eta nahiz eta epaileak beti ari diren euren lanarekiko errespetu eske, euretako batzuk dira inork baino lehen errespetatu behar luketenak, botere politiko eta ekonomikoekiko distantzia hartu eta independentziazko irudia ohikoan landuta.
Urriaren 18an Goreneko hirugarren aretoak argi esan zuen aipatutako zerga ordaintzea bankuei zegokiela, lehenago Auzitegiak berak esandakoa ezetsiz. Hurrengo egunean, aldiz, Luis María Díez-Picazo administrazioarekiko auzien salako presidenteak ohar bat eman zuen ezagutzera epaiaren eragina eteteko, izan zitzakeen «ondorio ekonomikoengatik eta sozialengatik». Ostean, Goreneko presidente Carlos Lesmesek hirugarren salako osoko bilkura deitu zuen azaroaren 5erako, ekintza juridiko dokumentatuen zergari buruzko behin betiko irizpidea finkatzeko. Jakina denez, bankuen alde jotzeko.
Hautsak harrotu ditu ebazpenak, Justiziaren balizko independentzia berriz auzitan jartzeraino. Ez da gutxiagorako. Pedro Sánchezen ondorengo erabakiek zerga horren zama azkenean bankuen aldera eramatea lortuko duten ala ez alde batera utzita, Gorenaren jokabidea zeharo irregularra izan delako, eta presioen ondoriozkoa ematen duelako. Hala, ez da harritzekoa arlo politikoan hainbat eragilek Bateragune auziaren, Kataluniako Prozesuaren ondoriozko judizializazioaren eta zerrenda luzeegi bateko beste hainbat kasuren gibelean sasoiko exekutiboaren esku hartzearen itzala antzematea. Presioak eta baldintzatzeko saiakerak egon badaudelako, Justiziaren goreneko instantziak kontrolatzekoak ere bai. Horrek ez dio hiritarrari inolako konfiantzarik ematen eta bete-betean eragiten dio sistema demokratikoaren kalitateari. Justizia independenterik gabe arbitrariotasuna gailentzen delako eta oinarrizko hainbat berme zein oreka desagertzen direlako.
Epaileen aginte-organoak aukeratzeko formula da jatorrian dagoen arazoetakoa. Ez bakarra, baina bai nagusia. Ez horrenbeste horren filosofia, muturrera eramandako praktika baizik. Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia (CGPJ) parlamentuak osatzea ez da berez txarra, azken hau herri-borondatearen isla den neurrian. Baina ez da ahaztu behar lehenaren zeregina dela funtzio judizialean independentzia bermatzea. Lehen mailako helburua, beraz. Eta alderdikeria Justiziara zabaltzen denean ez dagoela horri eusterik.
Epaileak eta magistratuak ez dira egunerokoez gaindi bizi diren gizaki orekatu eta orbangabeak, ideologia bakoak, kanpotik heltzen zaizkien estimuluen aurrean zirkinik ere egin gabe geratzen direnak. Badute nolabaiteko antzik kazetariekin. Pertsona izan eta euren nortasuna eta ezagutza giro jakin batean landu duten neurrian ez direlako zeharo independenteak, baina profesional onak eta zintzoak izan daitezke, transmisore ideologiko huts beharrean.
Kontua da arlo judizialaren buruzagitzan, botere-organoetan, alderdiek azken horietakoak nahi dituztela, ez euren kabuz ariko direnak, euren pentsamoldearen gainetik legeari estu lotutakoak. CGPJ aukeratzeko prozesuan ez da erakundea bere osotasunean aintzat hartzen. Are gutxiago izaten da gogoan zein den horren xede konstituzionala. Eragile politiko bakoitzak norbere oso aldekoak jartzen ditu bertan, hitzartutako kuoten bidez. Ondorioz, guztiz kutsatzen dira erakunde hori zein horren gertuenekoak. Independentzia eragozten da, nekez egon daiteke autonomiarik. Eta mezu bat bidaltzen zaie Justiziako profesionalei: gora heldu nahi duenak alderdi politikoen eskutik egin beharko du ezinbestean.
Irtenbidea ez da CGPJren aukeraketa epaile eta magistratuen esku soiletan uztea, berez badutelako joera kontserbatzaile samarra eta hainbat interes korporatiboren araberako jarduna izan dezaketelako. Ezin dira kasta ez legitimitaterik gabeko kontrabotere bihurtu. Herri-borondateak izan behar du oihartzun zuzenik Botere Judizialaren gobernu-organoak osatzerakoan, baina beste modu batean. Horko eragileekin solaskidetza zuzen eta oparoagoa sustatuta eta jarrera independenteak eta prestigio ahalik eta aho batekoena lehenetsita, gutxienez.
Gaur egungoan ez da harritzekoa, esaterako, Kataluniako buruzagi presoen egoeraren inguruko kezka, edo horiei begirako zigor-eskaerak puztuta egon daitezkeen ustea. Politikoki bideratu beharrekoa judizializatzea erabaki zuen Rajoyren gobernuak. Horretarako bitarteko guztiak baliatu zituen, baita zenbait epaileren gehiegizko gertutasuna ere. Horrek, jakina, giroa gaiztotu baizik ez du egin, besteak beste kasuaren instrukzio fasea osagarri estrajudizialez bete duelako, legearen interpretazioan irizpide politikorik falta izan ez delako.
Justizian txarrerako eragiten duten elementu nagusiak ondo identifikatuta daude. Ez da onargarria horren independentzia aldarrikatzea aldi berean hori baldintzatzen dutenak bultzatzen direnean. Jostailu modura erabiltzeak kalte itzela egiten dio bere sinesgarritasunari eta sistema osoa jartzen du auzitan. Buruzagi politikoei dagokie gurpil zoro hau geraraztea; eta epaile askori, azkenaldi luzean galdutako izen ona berreskuratzea. Egungo ameskeria elikatzen jarraitzeak eragindako kaltea Justiziari izen hori eman ezin izaterainokoa izan daiteke goizago ala beranduago. Horren ondorioak sekulakoak dira. Arduraz eta halakoez etengabe mintzo direnek jakin beharko lukete.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.