Borrar
Iker Galartza eta Zuhaitz Gurrutxaga, 'Almazenean' obrako emanaldi batean.
Iker Galartza: «Indarrak dosifikatu eta obrari amaiera arte eustea da zailena»

Iker Galartza: «Indarrak dosifikatu eta obrari amaiera arte eustea da zailena»

Galartza eta Gurrutxagak Durangon, Erandion, Leioan, Zigoitian... antzeztuko duten 'Almazenean' obraren «testuak duen maila» txalotu dute

Jon Agirre

Jueves, 15 de febrero 2024

Antzerkia eta aktore lanak mintzagai dituenean pasioa eta ofizioarekiko maitasuna dario Iker Galartzari. Esperientziak ematen duen ikuspegitik, argi du «adin batetik aurrera zerbait egitekotan gauzak kontatu» nahi dituela «aktore bati istorioak kontatzea» gustatzen zaiolako. Beti ez da posible, eta horregatik gogo handiz hartu du 'Almazenean' (Txalo Produkzioak) oholtzaratzeko aukera. Are gehiago alboan Zuhaitz Gurrutxaga izango duela. Ostegun honetan heldu da Durangora; 18an, Erandiora; martxoaren 1ean, Leioara (kasu honetan, gaztelaniaz); 15ean, Sestaora (gaztelaniaz); 16an, Muskizera; 22an, Amorebieta-Etxanora eta 23an Zigoitiara.

David Desolak idatzitako testua da Galartzarentzat obraren gakoetako bat, izan ere ordu eta erdian zehar «intriga eta suspensea mantentzea, zer gertatuko den ezkutatzea eta kuriositatea piztea» lortzen du. Eszenografia aldetik proposamena apala baita, itxuraz deus gertatzen ez den almazen huts bat, «aulki eta mahai banarekin, hiru karpeta eta fitxatzeko makinarekin. Eta kitto», laburtzen du tolosarrak. «Parafernalia» falta hori aktorearentzat erronka dela azaltzen du, obrak 'irauten' duen bost egun horien baitan «aktoreak indarrak nola dosifikatu» jakin behar duelako eta intrigari, suspenseari eta dramaturgiari «bukaeraraino eutsi» behar zaiolako.

Antzezlanean zehar bi langileak soilik daude agertokian, erretreta hartzekotan den arduraduna –Galartza– eta bere lanpostuan ordezkatuko duena –Gurrutxaga–, astebeteko lanaldia simulatuz. Hori bai, leku finkoa izateak ez du esan nahi mugimendu gutxi denik. Ildo horretan duela urte batzuk oholtzaratu zuen 'Retén' obrarekin alderatu du. Orduko hartan bi soldadu ziren protagonista eta garitan igarotzen zuten gaua eta «testuak eusten zion denari: esaten duzuna, komentatzen duzuna, pertsonaia bakoitzaren bizipenak, publikoari sortzen diozun interesa pertsonaiei buruz, publikoak ezagutu nahi izatea zer dagoen bakoitzaren atzean, zein istorio, zer ezkutatzen duen, gezurrik dagoen, tartean gezur horri agertze utzi baina ez kontatu», azaltzen du pasioz.

Kalitatezko testuak, gainera, «hausnarketarako, zer pentsatzeko» ematen duela, baina aldi berean umorea ere baduela azaltzen du Galartzak eta horrek asko bete dituela Gurrutxaga zein bera. Ez da elkarrekin lan egiten duten lehen aldia, 'Lehendakari gaia' obrarekin ia hiru urtez aritu baitira elkarrekin lanean eta aukera honen aurretik beste testu bat ere aztertu zuten. «Txalok proposatu zigun, gure tankerakoa zela, baina irakurri genuen eta ez gintuen konbentzitu». Mugimendu gehiago zuen, kafetegi bat eszenatoki eta agian «eramangarriagoa» zen, baina tolosarrak esan bezala «testuaren helburua barrearen bila joatea zen une oro, barre eginaraztea barre eginarazteagatik».

Baina elkarrekin aritzeko grina piztua zen jada eta tarte batera 'Almazenean' laneko testuak eman zien aukera. «Irakurri genuenean esan genuen 'hau bai'», besteak beste hezurtzea «erronka» bat izango zelako eta «konplikatuxeagoak diren horiei, zailtasunei, aurre eginda, gero satisfazioa beti doblea delako». Entseguetan berretsi zen sentsazioa. «Zuhaitzi esaten nion 'honi gero eutsi behar diogu, eh', baina hori da gure lana». Eta funtzionatzen duela ikustean sentitutako gozamena dakar berriro elkarrizketara. «Zure senari segika irakurri eta ikusi duzun hartatik asmatzen... Hori poza».

Laugarren pareta

Antzerkian publikoa gertu sentitzeak ematen duen energia azpimarratzen du Galartzak. «Ez zaio publikoari erreferentzia egiten, ez da laugarren pareta sekula hausten. Biok bakarrik gaude almazenean eta ez da beste inor existitzen. Baina aktoreei eskatzen digu publikoa entzutea, obra jarraitzen ari dela sentitzea». Eta adibide modura jartzen du obra erdi aldera Gurrutxagak duen telefono elkarrizketako unea. «Ni hor adi egoten naiz eta ikusten da jendea adi dagoela, engantxatua, ez gaituela abandonatu almazenean, ez duela joan nahi. Eta hori sentitzea garrantzitsua da, ez jende kopuruan, energian baizik. Ez barrez entzuten direlako, sentitu egiten da».

Eta sare sozialen presentziaren, presaren eta berehalakotasunaren garaian patxada hori aldarrikatzen du. «Gure umeei eskatzen diegu aspertzen eta egoten ikasi behar dela, liburua hartu edo marrazki bat egin. Edo besterik gabe egon, lasai eserita edo lainoei begira. Eta ez dakigu, bukaera nolakoa den ikusteko aurreratzen dugu». Hala, argi du teknologiak edo YouTubek, Instagramek edo Tik Tok bezalakoek «zuzenekoekin ezingo dutela antzerkia sekula ordezkatu».

Magia eta energia berezi hori oholtzan defendatzea da bi artisten helburua. «Orain arteko 7-8 emanaldiak bete ditugu eta azkenean luxu bat bihurtuko da», dio ilusioz eta profesioa aldarrikatuz. «Jendea etortzen da, mugikorra itzali, txamarra kendu eta ez du besterik egin behar. Egunean zehar hainbeste aldiz begiratu duen telefonoa itzali eta guri begira jarri. 'Y déjate llevar'». Hala, 'Almazenean' ordu eta erdi irribarrez egoteko «aukera paregabea» dela azpimarratzen du eta bertaratzen den orok «gozatu ederra» hartuko duela «txalo gustura» eginda eta «barrez». Plan sinple bezain aproposa eta Galartzarentzat dena izan daitekeena. «Hori da bila gabiltzana. Askotan iruditzen zaigu ez dakit zer gauza arraro egin behar dugula zoriontsu izateko eta maiz hortxe daukagu, auzoan, ondokoan edo etxe azpian».

Gurrutxaga - Galartza, 'klasiko' bihurtze bidean doan bikotea

Oholtza gainean osatzen duten bikotea klasikoa bihurtze bidean doa. Duela hiru urte jada elkarrekin aritu ziren Zuhaitz Gurrutxaga eta Iker Galartza 'Lehendakari gaia' obrarekin. Orduan tentu gehiagorekin aritzen zirela oroitzen du, elkarri baimen eske ekarpenak edo proposamenak egiteko. Lortutako konfiantzarekin oso gustura dabiltza 'Almazenean' lanarekin eta, batik bat, antzokitik kanpora. «Horrela lan egitea gozada bat da, eta zer esanik ez errepidean zaudenean». Aste-bukaera asko egokitzen zaizkie eta ohituak badaude ere, errazagoa da bidaide on batekin. «Eramangarriagoa da kotxean zoazenean kontu kontari aritzea, futbol edo pilota partida jarrita edo emanaldia bukatu eta etxera joan ordez zerbait hartzeko».

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Iker Galartza: «Indarrak dosifikatu eta obrari amaiera arte eustea da zailena»