El Euromillones del viernes: comprobar resultados del 31 de enero
Udarako ipuinak

Igotzen doan ura baino ez

Martes, 9 de agosto 2022, 19:51

Autobusetik jaitsi da Carlarekin, baina eskutik helduta joan gabe. Lehen begiratuan ez du auzo hura ezagutu, baina arazo handirik gabe konturatu da hiriaren erdigunetik urrun dagoela. Eskuinean etxe hondatu ba-tzuk daude, biltegi itxura duten lauzpabost eraikin, kolore gorri higatuko hesi batez inguratuta. Ezker aldean, berriz, taberna isolatu pare bat, aspaldi abandonatuta dirudien haurrentzako jolas-parke baten ondoan. Hortik aurrera lautada zabal farolarik gabeko bat hedatzen da, gauarenak bakarrik diren gauzak egitera gonbidatzen duena.

Publicidad

Autobusaren zarata entzun du urruntzen, eta bat-batean ohartu da ez diola ibilgailuaren zenbakiari erreparatu. Ez zaio iruditu, gainera, kalean ibilgailuaren ibilbideari buruzko seinalerik dagoenik. Beharbada, autobus horretara igota, ezingo zinateke fidatu beti inguru hartan ager-tzeaz, udal zerbitzuek aurretik ezarritako errutina bati jarraituz, kasu honetan ez baitirudi halakorik dagoenik. Badaki hara joan behar zutela, baina ez daki zergatik. Carlak besotik tira egin dio urduritasunez, eta tabernetako baterantz abiatu dira. Kanpotik begiratuta, kristala herdoilduta dutela dirudi, aspaldi uretan hondoratutako garbigailu erraldoi bat balira bezala. Hala ere, kristalera lapa eginda dagoen behe-lainoaren atzetik argi eta giza berotasun zantzuak igar daitezke, baita musika-hari ahul bat ere. Berriro galdetu dio bere buruari: zer egiten dute hor? Buruari bueltaka ari da, baina ez zaio egunsentia inondik etor-tzen. Tabernetako baten sarreratik hamar metrora daudela, gelditu egin da gizona bat-batean. «Tsvetaieva…», xuxurlatu du, hitz horiek bere ahoan gorpuztu direlako harrituta. Irakurritako zerbaiten oihartzunak dira, nonbaitetik berreskuratutako hitz naufragoak, eta susmoa du zerikusia dutela haiek han egotearekin. Puska batzuk ari zaizkio bekokian mailuka. «Zerua eztainu herdoilez, hatza harantz doa artez». «Nora? Aukeratu: amildegia, bala, pozoia… Garbi esanda: heriotza». «Arren eskatzen dizut: Heldu besotik, ez gaitezen presoak bezala joan». «Zerbait esan duzu?», galdetu dio Carlak. Baina ez dio kontua argitzeko denborarik eman, Carlak tira egin baitio besotik, eta libre duen besoarekin tabernetako baten atea bultzatu baitu aurreraka.

Barruan daude jada. Egia da beste garai batetik ateratako taberna bat dirudiela, baina taberna beti da taberna. Zerbitzaria, bezeroak, dekorazioak, mahai-aulkiak… Taberna bakoitzak bere estiloa, nagusien irizpideekin edo kontu korrontearen ahalmenarekin bat datorrena. Taberna atseginagoak ikusi izan ditu, baina baita zarpail eta arruntagoak ere. Filmetan eta nobeletan portuko giroekin lotuta agertzen diren taberna horietako bat dirudi, baina ezberdintasun batekin, itsasoa hiritik mila kilometrora dago. Taberna hau ez du, inondik ere, itsasoak ekarri. Kanpotik entzundako musika-hari ahula tipo baxu bat jotzen ari den akordeoi txiki bati zegokiola ohartu da, hormaren kontra eta lurrera begira dagoena. Melodia ezaguna egin arren, ez da identifikatzeko gai. Aire triste bat dario, maleta eskuan norabidea aspalditik galduta dabilen norbaitena. Tipoak burua altxatu du, eta musika jotzeari utzi gabe, keinu ia ikusezin bat egin die biei. Ikusezina ia, baina keinua. Ez dago zalantzarik. Barraren atzeko nagusia adin ertainekoa da, eta urdintzen hasitako bizar arrastoak dauzka masailean, inurriak bezala mugitzen direnak. Beso sendoak ere inurriz beteak dauzka, baina ez dirudi tragoak zerbitzatzeko behar baino gehiago presatzen den horietakoa. Are gehiago, esango luke atsegin duela tragoak jartzea eta bezeroekin hitzen bat trukatzea, soiltasunez, erdi hezibidez erdi epeltasunez, batez ere berriak edo arro-tzak badira. «Zerbait eskatu beharko dugu…», ohartarazi dio Carlak belarrira. «Eskatuko dut nik», esan du berak, aldi berean arreta eskuin aldeko mahaian jarriz. Hiru gizon eta emakume bat kartetan ari dira, baina beraiei begira geratu dira une batez. Hiru gizonetako batek mahai gainean kartak uzteko aprobetxatu du, eta gainerakoek ere berdin egin dute. Emakumeak, ordea, laugarren jokalariak, sarrerarantz desbideratu du begirada une batez.

«Carla…», esan dio ahopean Saulek bere kideari. «Izenik ez», kargu hartu dio besteak, baina ez tabernakoak ohartzeko bezain nabarmen. Gizonari gero eta gehiago iruditzen zaio taberna hartako egoera, jarrerak, eserita egoteko eta begiratzeko moduak, aldez aurretik prestatutako egitasmo bati erantzuten diotela, dena antzerki moduko bat dela, baina ez litzateke ausartuko esatera bera edo Carla diren protagonistak, halakorik badago behintzat. Eskusoinua gogo handirik gabe jotzen ari den gizonaren atzean hutsune bat dagoela esango luke, mahai bat eta pare bat aulkirekin. Erdi itzalean dagoen kosko biribil itxurako hori norbaiten bizkarra izan daiteke, edo gortina bat bestela. Ilunegi dago bereizteko. Behinola buruz ikasitako idazle horren hitzak etorri zaizkio ezustean berriro: «Gure kalea! Zenbat aldiz gu…! Gurea? Jada ez. Gu? Jada ez». Ez daki zergatik ikasi zituen buruz, baina hala egin bazuen, zerbaitegatik izango zen.

Saulek barrarantz jo du. Tabernariaren bizarra gertutik ikustean, konturatu da hasieran uste baino urdinduagoa dagoela. Edalontzi bat garbitzen ari da harraskan. Bi garagardo eskatu dizkio Saulek. Kanila itxi, edalontzia alde batera utzi, eta lehortuta daudenen multzotik pare bat hartu du hatz trebez. Hatzetako batean dagoen eraztunak baino, hatzen beren fintasunak eman dio arreta Sauli. Beso eta besaurre trebatuen muturrean piano jotzaile baten hatzak ageri dira. Hitzik trukatu gabe zerbitzatu du garagardoa. Edontzi-azpikoan barra gainean kontu handiz jarri, eta bi garagardoak ainguratu ditu bertan, aparrik isuri gabe. «Etorri zarete azkenean…», entzun uste izan du Saulek tabernariaren ahotik, baina horren baxu hitz egingo du, ez baitago ziur hitzen bat ahoskatu duen, purrustada antzeko bat egin duen ala bere irudimena ote den. Ez dio Carlari ezer esan, baina, autobusera igo aurretik, lau ardo beltz edan ditu Gastanbideren ardandegian ia zurrut bakar batez. Hitzorduaren mezua eman zion gizonak apur bat «kargatuta» etortzea komeni zela esan zion, adoretsuago joka-tzeko. «Nor dago soinujolearen atzean?», galdetu dio tabernariari axolagabe antzean, nolabait haren konfidentziari herabeki jarraipena eman nahian. Deigarria egin zaio, erantzuna eman baino lehen, tabernariak ez duela adierazitako lekurantz so egin, eta zuzenean esan dio han ez dagoela inor, despentsa moduko bat dela, edariak, tramankulu zaharrak eta horrelakoak. Saulek bai begiratu du harantz, baina lehen bezain ilun eta lanbro jarraitzen du txokoak. Bikote bat itzal multzo hartan musuka eta igurtzika ari balitz ere, ezingo lituzke haien siluetak bereizi. Mostradorearen gainean bosteko billete bat utzi duenean, eskusoinutik doinu berri bat atera dela begitandu zaio, lehengoa baino apur bat biziagoa eta alaiagoa. Doinu eslaviarren bat, akaso. Smetana, Dvořák… Batek daki, egin du bere artean.

Publicidad

Carlarengana itzuli da garagardoekin. Karta jokalarien mahaitik lauzpabost metrora dagoen leihatila baten oinean jarri dira, eserleku luzexka ba-tzuetan bermatuta, mahaiarena egiten duen upel baten konpainian. Carlak berak baino lehenago eraman du edaria ahora. Dauden lekuan eta aurpegietara erortzen zaien argi hitsarekin, Carlaren ezpainetako apar arrastoek arrexka kolorekoak dirudite, melaza distira bat darie. «Eta orain, zer?, hasiko litzateke Saul. «Nor izorratzera etorri gara?», galdetuko lioke hurrena. Baina…, jakingo al luke hark ere? Autobusean zetozela, bera bezain galduta zegoela iruditu zaio, begirada leihoaren beste aldean hondoratuta. Ia beti kide ezberdin bat esleitzen diete. Oker ez badago, beste behin egokitu zitzaion Carlarekin, Atenea liburu-dendarekin zerikusia zuen zerbaitetan. Agian, dokumentu bat atzematea izango zen. Sauli gero eta urrunagoak iruditzen zaizkio iraganean egindakoak, beste norbaitek eginak bezalakoak, beragandik gero eta urrutiago dagoen norbaitek. Horren urruti, dagoeneko ezin baitute elkar ikusi, ez gogoan ez ispiluan. Ahazten joan da dena pixkanaka. Zentrorik aurkitu gabe bere bizitzari bira eta bira ematen diola iruditzen zaio. Tsvetaieva horren hitzak heldu zaizkio berriro: «Honda-tzen ari den etxe bat bezala da 'etxera' hitza». Ezin esango luke zein den bere etxea, baina susmoa du badakiela noiz hasi zen hondatzen. Non esnatu da gaur, ordea? Non oheratuko da? Non zegoen Gastanbideren ardandegian ardo batzuk edan eta autobusera igo baino lehen? Taberna hartako giro lausoa geratzen zaion argitasun apurra zurrupatzen ari zaiola esatera ausartuko litzateke, baina badaki argitasun hori askoz lehenago galdu zuela, ez dagoela jada bere baitan.

«Erakundea…», hasi da esaten Carla, baina airean igerian utzi du hitza. Karta jokalarien artean, emakumezkoari karta bat erori zaio lurrera: komodina. Orain ziur dago Carlak eta jokalariak begirada trukatu berri dutela, soinujoleak musika eten duela dakien segurtasun berarekin. Haren atzean dagoen ustezko gortina edo mulkoa mugitu egin da, hurbildu. Saulek ez du eskua patrikara eraman erreakzio gisa. Dagoeneko badaki hartu behar zuen hura isilean kendu diotela. Carlaren apar arrastoetara joan zaio begirada. Buruz ikasitako hitz edo poema puska horietako bat itsatsi zaio eztarrian. «Kortxozko musua ezpainetan». Tsvetaievaren hitzak otoitz iragarle bat baino ez ziren.

Publicidad

Taberna osoa gainera etorri zaiolako sentsazioa izan du tupustean, baina badaki pertsona bakarra dela berarengana itzaletik datorrena, ingurukoen konplizitatearekin. «Hots metalikoa. Pasabide odoltsua. Amaitu da jokoa». Eta orain, ia ziur dago hasieratik zekiela eta otzantasunez onartu duela. Nekatuta dagoelako. Ontziak bezala hondoratzea erabaki duelako. «Edan egiten dugu, ez negar». Garagardoa zintzurreratu du eserialdi batean. Alferrikakoa bezain irrigarria izango litzateke autobusaren zarata entzun, eta salbazio fantasmagoriko horri atxiki nahi izatea. Ez dago ezer kanpoan, ezta barruan ere. Igo-tzen doan ura baino ez.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad