Borrar
Fotolia
Igerilariaren odisea

Igerilariaren odisea

Viernes, 16 de junio 2023, 20:05

Odiseo izan zen literaturako lehen igerilaria. Naufrago gisa Ogigia uhartera heldu ostean, hantxe eduki zuen berarekin Kalipso ninfak urte luzez. Baina nekatu egin zen gizona ninfaren besarkadez eta laztanez, eta itsasora begira ematen zuen egunaren zati handi bat, itzul-minak jota. Itzultzeko etorria baitzen. Ninfak, jakina den bezala, hilezkortasuna ere eskaini zion berarekin uhartean geratzearen truke, baina Odiseok uko egin zion eskaintzari. Behin uhartetik ateratzeko Zeusen baimena lortu ostean, baltsa bat eraiki eta haize leun baten laguntzaz abiatu zen. Zeusek eta gainerako jainkoek bai eman zuten baimena, baina Poseidoni ezer esan gabe. Azken honek baltsa ikusi zuenean, olatu erraldoi bat bidali zuen haren aurka. Odiseo itsasora erori, eta Leukotea jainkosak belo magiko bat eskaini zion ito ez zedin eta Poseidonen suminetik igerian ihes egin zezan. Igerian heldu zen feaziarren lurraldera. Ez dakigu zer estilotan egin zuen igeri, baina bai distantzia oso luzea egin zuela.

Igeri saio hartatik Cheeverren Igerilaria maisu-lanera arte mende luzeak igaro ziren. Zinemazaleok Burt Lancaster gogoratzen dugu etxe partikularretako igerilekuz igerileku, Neddy Merrill pertsonaia gorpuzten. Merrill ez da Ogigia bezalako leku batetik abiatzen, dirudunen uda eta festa-giro alkoholez blaitutik baizik. Igerileku baten ertzean dago kontakizunaren hasieran, gin kopa bat eskuan eta berriketan. Hortik aurrera, auzuneko igerilekuak esploratzen hasiko da, erromesaldi akuatiko moduko batean. Zenbat eta gehiago murgildu erromesaldi horretan, orduan eta mingarriagoa bihurtzen da bere errealitatea. Merrillek, ordea, igerian jarraitzen du, bere etxe huts eta goibelera heldu arte. Ez dakigu zehazki zer gertatu den, baina hutsune sentsazioa pixkaka nagusitzen doa odisea hiritar eta bitxi horretan zehar. Kontakizuna The New Yorker aldizkarian eman zuen argitara estreinakoz Cheeverrek, eta urtebete geroago, The Brigadier and the Golf Widow bilduman sartu zuen. Euskaraz irakur daiteke armiarma weborrian, Jasone Larrinagak egindako itzulpenari esker. Filma lau urte geroagokoa da, eta Frank Perryk zuzendu zuen. Esan behar da Perryk ez zuela filma bukatzea lortu, ekoizleekin izandako desadostasunengatik. Sidney Pollackek eman zion amaiera.

Anne Sextonek badu biluzik igeri egiteari buruzko poema gogoangarri bat (Harkaitz Canok itzulia eta Poesia Kaieretan irakurgarri). «Jenderik gabeko leize ezezagun ttipia topatu genuen/Capriko hego-mendebaldean./Barruraino sartu eta gure gorputzek askatu/egin zuten euren bakardade osoa./Minutu bat aski, geure baitako/arrain guztiek ihes egin zezaten./Bost axola benetako arrainei,/ez ginen gu traba haien bizitza intimoan (…)/ Hain gardena zen ura ze, liburu bat irakurri/baitzitekeen urpean./Hain bipila zen ura ze,/ukondo bat aski baitzen/eusteko hondoratu gabe». Anne Sextonen ur horiek eta Odiseorenak ez ziren elkarrengandik urruti ibiliko, osagai eta memoria ale berdinez isuriak dirudite.

Camusen Arrotza eleberrian, Meusault protagonista atxilotu berritan, kartzela hiriaren gain batean dagoela adierazten du, eta leiho batetik itsasoa ikus dezakeela. Apur bat aurrerago, gizaki askearen pentsamenduak etortzen zaizkio zamalka. Hondartzan egon nahi du, itsasoraino jaitsi, olatuen marmarra irudikatzen du oin zolak miazkatzen, gorputza uretan sartzen. Orduan jabetzen da zenbateraino hertsatzen duten ziegako hormek. Zenbateraino dagoen hondoratuta harriaren artean bere gorputza eta gogoa. Albert Camusek bereziki atsegin zuen igeri egitea, eta, bitxiki, esan daiteke igeriketaren erruz bukatu zuela futboleko atezain, waterpoloan aritzen zen bere lagun batek akuilatuta joan baitzen RUA taldera aprobak egitera, bai eta hautatzaileek bera aukeratu ere.

Soledad Puértolas idazleari galdetzen diotenean zer den estiloa, erantzuten du berak: «Igeri egiteko modu bat». Modu metaforikoan ari dela pentsa genezake, baina ez, idazlea igeri egiteaz ari da, igerilari kartsua baita. Estiloaz ari denean, crawl, bizkar, bular eta tximeleta estiloaz ari da, ez literaturaz. Jakina, une jakin batetik aurrera narratzaileak eta igerilariak bat egin zuten hainbat liburutan. Idazle batzuek, idazteko prozesuan daudenean, ez dituzte beste autore batzuk irakurtzen, estiloa kutsatuko zaien beldurrez. Puértolasek bizitza erdia eman du igerilekua beste igerilari batzuekin partekatzen, eta inoiz ez zaio gertatu crawl estiloan joan, eta ondoko kalean bular estiloan dabilen batekin gurutzatzean, oharkabeki bular estilora pasatzea bera ere.

Beste igerilari konpultsibo batek, Héctor Abad Faciolince idazle kolonbiarrak (El olvido que seremosen egileak), igeri egiteko misterioa argitu dezakeen metafora iradokitzaile bat adierazi zuen: «Igerian aritzen naiz ezerk eragin ez diezadan. Bakarrik eta isilik egoteko igeri egiten dut uraren atzean, jaio aurretik bezala».

Solon jakintsuaren esaldi batekin amaitu nahi nuke gaurko odisea: «Haurrek ikasi beharreko lehenengo gauza igeri egiten eta irakurtzen izan dadila».

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Igerilariaren odisea