Ezin dugu alde batera utzi sentimena, ezta arrazoimena ere. Sentimenaren bidez, bizitzari lotzen gatzaizkio; baina arrazoimenak lagun egiten digu barneko beroa epeltzen, behar dugun oreka bilatzen. Sentitzen dudan bezalaxe diot; nahiz dakidan inor ez dagoela kontraesanetatik libre: arrazoimenaren gehiegikeria eta sentimenaren eskasia; sentimen ugari eta arrazoimen gutxi. Ez dakit zer den hobea.
Publicidad
Verlainek tiro egin zion Rimbaudi. Poesiak ez du oraindik ere zauri hori itxi. Baina egia da Verlainek, mozkor-mozkor eginda eta Rimbaudez maiteminik, bi aldiz tiro egin ziola Rimbaudi, bere burua hiltzeko erosi zuen pistolaz. Besteari tiro egin zion, jakinik bere buruari ere egiten ziola. Sekula ez da egongo zigor nahikoa maite duenarentzat, sekula ez duelako jasoko nahiko lukeen saria. Rimbaudek idatzi zuen «Je est un autre». Susmoa zuen, edo beharbada bazekien, identitatearen esanahia uste baino korapilatsuagoa dela. Hala ere, inor ez da bestea, nahita ere ez, inork ez dakielako bestea zer den. Bat egin daiteke inorekin bera oinazez edo pozik dagoenean, baina zaila zaio haren tokia bereganatzea. Ni ni naiz jaiotzetik hiltzeraino, ez badakit ere zer naizen, nor naizen, ez behintzat eguneko hogeita lau orduetan. Ni ni naiz, baina beste bat nirudike. Bizi naiteke beste izen baten mende, ezkuta dezaket naizena paper faltsuekin edo mozorroz jantzirik; beste pertsonaia baten figura interpreta dezaket, baina ez horregatik izango naiz ez naizena. Ez naiz ni aldatzen dena, nire identitate soziala baizik, alegia besteek nitaz duten irudia. Norberaren identitatea, niaren gotorlekua, toki basa eta irits ezina izan daiteke. Mamu bat, itzalen artean ibilki, norberarengandik ezkutatuz eta sakabanatuz; mamu bat etxeko eta hurbila, norberaren tokia betetzen duena, batzuetan. Mallarmek 'obsesio' deitzen dio.
Euskaldun askok nortasunari buruz duten obsesioak beren muga psikologikoak aspaldi gainditu ditu, trauma bihurtzeraino. Zer gara? Nor gara? Nor garela uste dugu? Nor garela uste dute? Kontraesan handia dago zer garen sinesten dugunaren eta besteek zer garen uste dutenaren artean; nola ikusten dugun geure burua eta nola ikusten gaituzten. Lancre inkisidoreak euskaldunengan herri heretikoa ikusten zuen, deabruaren maitale. Voltairek, aldiz, dantza eta jauzi egiten zuen gerlari talde bat ikusten zuen, danbolinaren soinuaz lagundurik, hori bai. Bestea goratzeak edo gutxiesteak ez digu bera ulertzen laguntzen. Topikoak baino ez dira, aurreiritziaren igalia.
Zer garen edo zer egiten dugun galdetzeak galga jartzen die gure ekinbide eta gure jardunari. Pilotariak galdetuko balu pilota eskuan hartu eta frontoia aurrean ikusten duen bakoitzean zertan den jokoa, ez luke gehiago jokatuko edo eroriko litzateke ahuspez. Batzuek diote zenbat eta hobeto ezagutu nork bere burua orduan eta errazago zaiola egiteko duena burutzea. Baina nork bere burua ezagutzea ez da lirudikeen bezain erraza. Geure burua ezagutzen dugula uste dugu eta, gehienetan, mamu bat baino ez dugu ikusten, gure tokia hartu eta gure ohean lo egiten duena, gure neska- edo mutil-lagunaren ondoan, eta gure edariak edan eta gure musika entzuten hasten dena. Jasangaitz bihur daiteke. Zenbat eta gehiago hondoratu garen horren zuloan eta orduan eta gutxiago jakitera iristen gara. Eta zenbat eta gutxiago ezagutu geure burua orduan eta zailagoa ekinbidea, zalantzaren arantzen artean. Nor naiz? Ez gintuzke harritu behar zer garen ez jakiteak, baizik eta, horren ezean, barre egiteko, maitatzeko edo zorionaren pareko zaigun zerbait sentitzeko gauza izatea. Nortasuna, mende puska honetan, gero eta aldakorrago, hauskorrago eta arinagoa da. Munduaren desakralizazioak dotrina handiekiko lotura apurtzea ekarri du berarekin, egiarekiko fedearen galera, ez baita balore unibertsala dagoeneko. Ez dugu sinbolo kolektiboen beharrik, zurrunak eta aldagaitzak badira, ez baitugu talde ezagun batekin identifikatzeko beharrik, askorekin baizik. Gaur euskaldun naiz, edo espainiar, europarra noski, edo Athletic zale, garagardo edale… baina bihar dena alda daiteke, auskalo. Norberak bere sinboloak daramatza, doan tokira doala, zamaz arindurik. Aldaketa eta aniztasuna elkarren eragile dira; batak bestea dakar, ezinbestean. Garena gara, baina ez beti izan ginena.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Publicidad
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.