Borrar
Zaloa Aldatz, 'Erro, harri, har' leloa erakusten duen ikasle batekin, Abusu ikastolako sarreran. Luis Ángel Gómez
Ibilaldia 2022: Abusu Ikastolak bere hirugarren edizioa ospatuko du igande honetan
Ibilaldia 2022

«Aurtengo Ibilaldiak auzoan euskaraz bizi gaitezkeela erakusteko balioko du»

Zaloa Aldatz, Abusu Ikastolako gerentea ·

Abusu ikastolak antolatu du Bizkaiko Ikastolen jaiaren 40. edizioa eta gaurko hitzordua arrakastatsua izango dela aurreikusten du Zaloa Aldatz gerenteak. «Jendeak ondo pasatzeko eta elkarrekin egoteko gogoa du», dio

Viernes, 27 de mayo 2022

Milaka euskaltzale Abusu ikastolak antolatutako Ibilaldiaren berrogeigarren edizioa ospatzen ari dira gaur. Pandemiaren osteko mugarik gabeko Bizkaiko ikastolen lehenengo jaialdia izan da, eta Zaloa Aldatz Abusu ikastolako gerentea pozik dago. Hilabete asko eman dituzte egitaraua prestatzen, eta denbora honetan ekimen ezberdinak atondu dituzte motorrak berotzen joateko. Gauzak horrela, eta eguraldi ona egiten duenez, edizio arrakastatsua izaten ari da.

-Pandemiaren osteko mugarik gabeko lehen Ibilaldia ospatuko dugu asteburu honetan; 40. edizioa, gainera...

-Somatzen da jendeak baduela ondo pasatzeko eta elkarrekin egoteko gogoa. Gainera, ikusita eguraldi ona egiten duela, jende pilo bat etorriko da domekan ikastolaren inguru honetara, eta kriston ilusioarekin gaude. Lan oso polita egiten ari dira guraso, irakasle eta ikasle guztiak azkenengo txanpa honetan...

-Noiz jaso zenuten edizio honen antolatzaileak izango zinetelaren berria?

-Ibilaldia Bizkaiko ikastola guztien jaialdia denez, Ikastolen Elkarteak erabakitzen du aldiro aldiro hurrenkera bat eta guk duela bost urte jada bagenekien guri tokatuko zitzaigula 2022an Ibilaldia antolatzea. Orduan, 2021eko otsailean egin genuen prozesu parte-hartzaile bat guraso, ikasle eta irakasleekin leloa eta logoa aukeratzeko. Eta Ander Deuna eta Betiko ikastolek 2021eko Ibilaldia amaitu zutenean, guk hartu genuen lekukoa eta orduan hasi ginen gure arropa saltzen, jarduera ezberdinak prestatzen, etab.

-Koronabirusagatik ez ospatzearen beldur izan zarete?

-Egia da Ibilaldia ez dela egun bateko gauza bakarrik, eta urte osoan jarduerak egin ditugula. Hala ere, batzuk bertan behera geratu dira pandemiagatik eta pena bat izan da. Baina, beti izan dugu argi, nahiz eta badaezpada 'plan B' bat hor gordeta izan dugun, ohiko Ibilaldi bat antolatu nahi genuela. Eta buruan izan dugu lau gune (txosnekin, eta jateko eta edatekoekin...), eta lau kilometroko zirkuitua egin nahi genuela. Eta zorionez, horra goaz!

-Ekimen batzuk bertan behera geratu diren arren, liburu ibiltariaz, bertso saioez, kalejirez, dendaz... gozatu ahal izan dugu.

-Ekimen pilo egin ditugu, bai. Urrian aurkezpena egin genuen hemen, auzoan. Gero, abenduan, moda desfile bat Bilboko Arenalean, eta kontzertu asko, Abusu ikastolako ikasle ohien topaketa bat martxoaren 4an (oso hunkigarria izan zen, 46 urte baititu ikastolak)... Gero, otsailean egin genuen bertso maratoia, eskupilota partida mistoa, eta, martxoan, Bilboko BBK aretoan aurkeztu genituen leloa eta bideoklipa. Esperientzia itzela izan zen hori. Horretaz aparte, arropa batzordekoek ere lan izugarria egin dute, 200 irteera baino gehiagorekin urte guzti honetan. Meritu izugarria, are gehiago, kontuan izanik joan den udan hainbat azoka bertan behera geratu zirela. Bizkaia osoko herri eta ikastola askotan saldu dugu gure materiala eta harrera ezinhobea izan da. Horregatik, estimatzen dugu igandeko erantzuna ere oso ona izango dela, ikusten dugulako jendea dagoela grinaz elkarrekin egoteko, eta euskaraz gauzatzeko azken finean.

«Gure ikastola euskararen erreferente bat da auzoan, eta konplexu barik esan behar dugu finantziazioa behar dugula»

-Abusun ospatzen ari da Ibilaldia hirugarrenez (1994 eta 2001ean ere izan zen bertan). Zeintzuk dira auzoaren berezitasunak?

-Abusu Bilboko auzorik erdaldunena ez bada, erdaldunetakoa dela esan genezake. Oso kontziente gara daukagun errealitateaz, eta bai uste dugu auzoan eta hirian euskara bultzatzeko ikastolaren papera funtsezkoa dela. Orduan, Ibilaldia oso inportantea da guretzat balioko duelako auzoan erakusteko zelan bizi gaitezkeen euskaraz eta zenbat euskaltzale hurbilduko diren guregana igandean. Azken batean, gure ikastola euskararen erreferente bat da auzoan, eta konplexu barik esan behar dugu finantziazioa behar dugula. Izan ere, 2013an haurrezkuntzako eraikin berria estreinatu genuen eta horrek eraman gaitu egoera batera non haztea oso zaila suertatzen den. Gure proiektu metodologikoa oraintxe bertan eraldaketa plenoan dago, eta ikastolako eraikin historikoa jarri behar dugu proiektu metodologiko horren mesedetan. Beraz, uste dugu lortuko dugun finantzazioarekin jarriko dugula arkitektura pedagogiaren mesedetan, eta hori oso garrantzitsua da guretzat.

-Hiriko auzo erdaldunetakoa izanda, nola bizi izan dituzue koronabirusaren azken bi urteak?

-Tamalez, pandemiaren ondoren euskararen presentzia eta euskararen erabilera oraindik eta murritzagoa da, eta hori nabaria da. Pandemiak bai sortu du arrakala bat euskaraz darabilten eta ez darabiltenen artean. Ikastolara itzuli ginenean, 2020ko irailean, oso nabaria zen hori. Horregatik indartze neurriak jarri genituen euskara berriro indartzeko gehien behar zuten ikasleekin.

-Hala ere, uste duzu ikasleak eta gurasoak gero eta inplikatuago daudela euskararekin? 

-Zoritxarrez, ezin dizut baiezkoa eman. Denetarik dago, batzuk geroz eta inplikatuagoak daude eta beste batzuk ez. Onartuko dizut ikusten dugula jendartea ardura puntu batekin. Azkenean, Euskal Herrian beti ibili gara puntu komunak topatzen eta horien alde borrokatzen erakunde, eragile eta elkarte pilotatik, eta bai ikusten dugu gizartea badagoela beste ardura batzuekin momentu honetan. Konpromiso mota ere aldatuz doa eta guk ere joan beharko dugu aldatzen zentzu horretan.

«Pandemiaren ondoren euskararen presentzia eta euskararen erabilera oraindik eta murritzagoa da»

'Erro, harri, har'

-Igandera bueltatuz, 4,2 kilometroko ibilaldia prestatu duzue. Nola banatu dituzue guneak?

-Lau gune ditugu: Ikastola, 'Erro', 'Harri' eta 'Har'. 'Ikastola' gunean eguardian bazkari herrikoia egongo da ikastolako jantokian, eta, gero, egun osoan egongo dira hainbat jarduera eta hainbat ekintza: ipuin kontalaria, magoa, Yogurinha Boroba, zurezko jolasak, eta, noski, bertan daukagun ingurune berezia. Gure ikastolara etortzen diren pertsona guztiek beti pentsatzen dute ikastola gris bat topatuko dutela, eta ez dute inondik inora hori topatzen. Daukagun parajea oso berdea da, bai hemen bai gainerako guneetan, eta gero Ibaizabal ibaia dugu ondoan.

Ondoren, 'Erro' bigarren gunera, Ibaieder parkean, Paseo de los caños-etik joango gara. Bertan, tonbola, Go!azen eta Afrika Bibangen kontzertuak, disko txantxa... izango ditugu. Eta Ollarganen dagoen 'Harri' hirugarren gunean karpa, Kai Nakai, Oxabi eta Itziarren Semeak taldeen kontzertuak, eta herri kirolak eskainiko dira, besteak beste. Amaitzeko, 'Har' laugarren gunea Montefuerten dago, eta han datza tailerra, eta Garilak 26, Modus Operandi, Str, eta Dj Bull -en boloak izango ditugu. Urrunen dagoen gunea da, eta niretzako da ikusgarriena. Azkenean, Montefuerteko parkea oso jende gutxik ezagutzen du eta oso espazio berde, handia eta ikusgarria da.

Aipatutakoaz aparte, ibilbidean zehar trikitilariak eta eguna alaituko duten beste zenbait jarduera dauzkagu. Agian programak ez ditu oso kontzertu potenteak, berez gazteak ez ditugulako erakarri nahi izan ohiko aisiarekin, ikusita nola disfrutatzen duten gaur egun. Baina hortik ihes egiteko 'erronka' berreskuratu dugu. Zer da 'erronka'? Bizkaiko ikastoletako DBH 3 eta DBH 4ko hainbat ikasle (ehun eta piku inguru) etorriko dira igande goizean eta gune ezberdinetatik eta ibilbidetik zehar egingo dute ginkana moduko bat, froga ludikoekin... Arduratuta gaude dagoen aisi motarekin eta alternatiba bat eskaini nahi izan diegu.

-Eta, amaitzeko, 'Erro, harri, har' lelo horren zergatia azalduko didazu.

-Bai, noski. Abusu ikastolako antzinako eraikin historikoa izan zen errota bat eta hori da lelo horren jatorria. 'Erro', errota izan ginelako, baita gure erroetan euskara daukagulako ere; 'Harri', harria bezain gogor jokatuko dugulako euskara bermatuz; eta 'Har' izan nahi dugulako harrera ikastola bat, ez gaudelako gizartetik urrun. Badakigu zer problematika dagoen eta zelan dagoen gizartea eta gure ikastolak harrera ikastola bat izan behar du. Beraz, bagara, eta izan behar gara.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo «Aurtengo Ibilaldiak auzoan euskaraz bizi gaitezkeela erakusteko balioko du»