Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Muineko arazo politikoren bat dagoen edonon epaitegietara begiratu behar izatea porrotaren seinale da beti, berba egin eta oinarrizkoenak adosteko gaitasun edo baldintza ezarena. Auzitegi Goreneko Llarena epaileak espetxera bidali zituen aurreko barikuan Kataluniako bost buruzagi independentista —tartean bere inbestidura saioaren bigarren bozketaren zain zegoen Jordi ... Turull presidentegaia—. Hala, lehendik preso zeudenei gehitu zaizkie aipatutako hori eta Carme Forcadell (Parlament-eko buru izandakoa) zein Josep Rull, Dolors Bassa eta Raül Romeva (Generalitat-eko Lurralde, Lan eta Kanpo Gaietarako kontseilari ohiak, hurrenez hurren). Matxinada egozten zaie denei eta delitua berriro egiteko nahiz alde egiteko arriskua dagoelakoan bidali dituzte presondegira; fiskaltzak eta akusazio partikularrak, Vox eskuin muturreko alderdiarenak, hala eskatuta. Kataluniako prozesu subiranistarekin lotuta, guztira 28 lagun ikertu dituzte eta horietako 25 auzipetu ditu Llarenak.
Egoera erabat etsigarria da, erbestea (ERCko buru Marta Rovirak ere Suitzara alde egin du egunotan) zein kartzela ez direlako sekula konponbiderako osagai izango, oztopo gaindiezin baizik. Subjektu politiko izan nahi duen Kataluniako gehiengo zabalak hor dirauelako —erabaki eskubidearen aldekoa zeharkako aldarrikapena da, populazioaren hiru laurden inguruk babestutakoa— eta ukazioak, 155. artikulua indarrean jartzeak eta antzekoek ez dutelako errealitate hori desagerraraziko. Hala, askoz hobe goiz berandu baino, sakonekoari heldu beharko zaio, gatazka guztiz atzeraezinezko izan baino lehen. Gutxienez kataluniarren ia erdiaren behin betiko deskonexio politiko eta sentimenduzkoa eragozteko legerik ez dagoelako, bestela bertako bizikidetza oso luzarorako erabat baldintzatuta eta hankamotz geratuko delako.
Estatut berria negoziatu eta hitzartzeko sasoian, Rajoyk lehen mailako ekarpena egin zuen sutzarra piztu eta elikatzeko, gainerakoei horrenbestetan leporatzen dien nazionalismoaren alderik makur eta muturrekoena baliatu eta xaxatuta. Garai hartan hainbat hedabide aski ezagun eta ez independentistak zioten legez, besteenganako fobia eragiterainokoa. Usteltzen utzi du gero arazoa, ohiko duenez, berez konponduko zelakoan. Baina txarrera besterik ez du egin. Eta Kataluniako herritarren ordezkaritza demokratikoak badu hainbatetaz hitz egin eta negoziatzea eskatzerik, badaudelako erantzunik jaso ez duten hainbat aldarrikapen, maila nazionaleko aitortzarekin lotutakoak.
Zilegizkoa da prozesu subiranista bultzatu dutenen estrategiaren hainbat alderekin kritiko agertzea —gehiengo argiko erabaki eskubidearen alde ekin beharrean erdira gutxigatik heltzen ez den independentziarekin tematu izanarekin, CUPekiko menpekotasunarekin, urriaren 1eko galdeketaren ostean hauteskundeak deitu ez eta 155.a indarrean jarritakoan Rajoyk deitutakoetan parte hartzearekin edo-ta, barru zein kanpoko baldintza egokirik gabe, maila birtual-emozional hutseko Errepublika aldarrikatu izanarekin, besteak beste—, baina egungo egoeraren gogortasunak fokoa beste aldearen erantzunera darama. Honakoan, oldarraldi judiziala Zuzenbidezko Estatuaren erantzun soil, arrunt eta beharrezkoa dela diote zenbaitzuk, nahiz eta jakin Espainian botere exekutiboaren txinpartek judiziala gehiegitan berotzen dutela, menpean hartzeko edo baldintzatzeko saiakerak oso agerikoak direla halako gaietan, Justiziarekiko itxurazko errespetua azpitik eragiteko asmo lotsabako izan dela hainbatetan.
Tamalgarria da Kataluniako egoera, bertako herritarrek aukeratutako ordezkari talde zabala preso edo erbestean egotea, Puigdemont presidentea Alemaniako kartzela batean ikustea. Leporatzen zaizkien delituak, Estatuarentzat deserosoak diren beste auzibide askotan ez bezala, ahalik eta gogorrenak izatea. Kataluniar gizartearen zati oso handi baten ezinegon politikoa horrela makurrarazten saiatzea. Hala, ideia demokratiko eta baketsu ororen alde egiteko ez ezik horiek gauzatzeko adostutako tresnak beharko dira noizbait eta, horra heldu aurretik ere, elkarrizketa ezinbestekoa da gatazkak berbideratzeko, areago horiek honakoa bezain larri eta sakonak direnean. Epe laburreko etekin bila dabilen Espainiako Gobernu honek, baina, nabarmen erakutsi du ez duela horretarako inolako borondaterik ez gaitasunik, arazoen ukaziora mugatzen dela.
Premiazkoa da egungo blokeoa gainditzea, alde bien arteko hurrengo hamarkadetako harremana zehazteko negoziazioari ekitea, politikaren judizializazioa bazterrean uztea. Rajoy ahulegi dago horretarako, eta egon ez denean ere ez du urratsik egiteko gogorik erakutsi. Ezin arduragabeago jokatu du behin eta berriz. Eta jarrerak muturrera eramateak Kataluniako gizartearen zati handi baten maila askotako behin betiko urruntzea besterik ez du ekarriko, Estatut berriaren aurreko oldarkortasunak egungoa ekarri duen eran. Prozesu historikoek gorabehera asko izan ditzaketelako, eta inoiz ustekabeko ematen zuten amaierak izan. Inkesten arabera, independentziaren aldeko babesa beheraka zihoan azken hilabeteotan, bazegoen halako ezinegon bat, PDeCAT eta ERCren arteko etengabeko ika-miken ondorioz, salbuespenezko egoera batean abenduaren 21eko funtsezko hauteskundeei begira bat egiteko gauza izan ez zirelako, ostean ere nor baino nor aritu direlako alperrik eta aurreko legealdiaren amaierakoa neurriren batean baliogabetzearen aldeko adierazpenak egin izan dituztelako. Baina zalantzarik ez dago azken egunetakoek giroa gori-gori jarriko dutela berriz, arazo politikoa kale itsura eramanda.
Buruzagi politikoek sarri aipatzen dituzte ardura, sen ona, elkarrizketa, demokrazia, hitzarmena eta antzeko kontzeptu potoloak. Katalunian behar gorria dago horiek guztiak eta askoz gehiago praktikara eramateko. Mehatxurik, kartzelarik eta erbesterik gabe, letra larrizko politikari bide eginez. Konstituzionalista deitutakoek jakin behar dute Estatua bideragarri izateko ezinbestekoa dela Kataluniako gehiengo ahalik eta zabalenaren mihiztadura politikoa lortzea, aitortza nazional nahikoari esker berori eroso sentiaraztea. Bestelako irtenbideek, parez pareko elkarrizketa baliatu ez eta lasterbideetara jotzen dutenek, auzia betikotu, trinkotu eta gaiztotzea besterik ez dute ekarriko. Hori da dagoeneko gertatzen ari dena.
¿Ya eres suscriptor/a? Inicia sesión
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.