Borrar
Friedrich Hölderlin eta Friedrich Schelling.
Hölderlinen izpiritu poetikoa eta filosofia

Hölderlinen izpiritu poetikoa eta filosofia

Sábado, 17 de diciembre 2022, 08:27

Azken urteetan Friedrich Hölderlin poeta alemaniarrari buruzko zenbait liburu interesgarri argitaratu dira. Azkenetako bat Giorgio Agamben filosofo italiarraren La follia di Hölderlin (Hölderlinen eromena, 2021) liburua da. Liburu horretan Agambenek Hölderlinen bizitzaren kronika bat idazten saiatu da. Agambenentzat kronika identitate propioa duen literatur-generoa da. Historiarekin alderatzen badugu, kronikaren helburua historiarena baino xumeagoa da, ez baitu gertatutakoaren azalpen sakona eta osoa eman nahi. Bereizketa horren arabera, Agambenen kronika liburua 2019an Rüdiger Safranskik Hölderlini buruz idatzi zuen biografia arrazoituaren kontrapuntua da. Historiagileak bizitza baten kartografia intelektuala eraikitzen du; kronikalariak ordea, gertakarien hurbileko ulermen bat ematen du. Liburu hauez gain, Hölderlinen pertsonalitate konplexua ezagutzeko badago gainerako testurik. Ikuspegi filosofiko batetik esanguratsuak dira Hölderlinen saiakerak eta gutun filosofikoak. Gutunetan eta saiakeretan nabaritzen da Hölderlinek izan zuen kontzientzia intelektual bikoitza: aldi berean poeta eta filosofoa. Hölderlinen pertsonalitatearen bihotzera iristeko testu hauek guztiak aztertu behar dira. Gutunetan poetak bere baitan zeramatzan kezka filosofikoak azaltzen zituen. Saiakeretan, aldiz, kezka horiei irtenbide poetiko bat ematen saiatu zen.

Kezka filosofikoak gutunetan

1795eko urtarrilaren 26an Hölderlinek gutun bat idatzi zion G.W.F. Hegel filosofoari. Gutun horretan, poetak zenbait iritzi kritiko helarazten zizkion Kanten filosofiaren ondoren garatzen ari ziren proposamenei buruz. Testu horren garrantzi historikoa hiru alderditatik aztertu daiteke. Lehendabizi, Kantek alemaniar pentsamenduan lurrikara baten antzeko eragina izan zuela atzematen du. Garai hartan, Hölderlinek Hegeli aitortu zion bere irakurketa bakarrak Kant eta greziar filosofoak zirela. Irakurketa horien eraginez, Hölderlinek iritzi propioak zituen Kanten ondorengo filosofiak izan behar zuen norabideari buruz. Poetaren ustez, Fichtek aldarrikatzen zuen filosofiaren oinarri absolutoa ez zen onargarria. Fichteren teorian pentsamenduaren jarduera eta norbere-kontzientzia bereizgarriak ziren. Pentsamenduaren jarduera mugagabea zen eta bere etengabeko mugimenduan zuen oinarri bakarra. Mugimendu horri Fichtek ezagutzaren oinarri absolutoaren balioa eman zion. Hölderlinek uste zuen Fichte erratuta zegoela, filosofia ezin baitzen, bere ustez, jarduera batean oinarritu, nolabaiteko arrazoi batean izan behar zuen azken justifikazioa. Baina Hölderlinentzat arrazoi hori ez zen zientziaren arrazoi teorikoa, baizik eta «izpiritu poetiko» bat. Gutunetan azaltzen den hirugarren kezka filosofikoa da Hölderlinek bere pentsamendu filosofikoaren balioaz zuen segurtasun falta. Hegeli idatzitako gutunean argi uzten zion testua gogoeta filosofikoak idatzi ez balitu bezala irakurtzeko.

Saikerak eta izpiritu poetikoa

Hölderlinen ikuspegi filosofikoa poeta alemaniarrak bizitza poetikoari buruz zuen ideian oinarritzen zen. Hölderlinentzat bizitza poetikoak helburu zehatz bat zuen, komunitatearen izpirituarekin bat egitea. Poesia eta giza-komunitatearekiko lokarria erabat elkartuta azaltzen ziren Hölderlinen teoria estetikoan. Baina zergaitik hobesten zuen Hölderlinek izpiritu hitza eta ez ordea arrazoia edo argudioa? Ziur aski Schelling filosofoaren teoriaren eraginez. Schellingek Fichteren filosofian Ni-aren eta ez-Ni-aren arteko oposaketa gainditzea nahi izan zuen. Schellingentzat subjektua zein objektua, biak, aktibitate hutsa ziren. Hori dela eta, subjektua eta objektua bateratu zitzakeen errealitate bakarra izpiritua zen. Izpirituari esker subjektibitatearen eta objektibitatearen arteko oposaketak gainditzea lortzen zuen Schellingek. Hölderlingek izpirituaren gaitasun bateratzaile hori bere teoria poetikoaren erdi-erdian kokatu zuen. Hölderlinentzat historian eguneratzen den errealitatea kontraesankorra zen. Alde batetik, Hölderlinek komunitatearen oinarri materiala bereizten zuen, kontzientziak, nahiak eta fantasiek osatzen zutena. Elementu hauek elkarrekin liskarrean azaltzen ziren historiaren mugimendu etengabean. Bestalde, forma unibertsalak zeuden, ideia orokorrak mugiarazten zituztenak, askatasuna eta justicia, batik bat. Hölderlinentzat bizitzaren mugimendu etenezinak gatazka bazterrezin bat eguneratzen zuen. Testuinguru horretan, bizitza poetikoaren helburua zen forma unibertsalen bitartez komunitatean zeuden posizio kontrajarri horiek bateratzea edo leuntzea. Hölderlinek gogoan zuen poetaren komunitatearekiko funtzio hori pentsalari idealisten ardurekin bat zetorren. Ardura horien artean gertakari historiko zehatzak zeuden, batez ere Alemaniak Napoleonengandik pairatzen ari zen eraso militarra. Adibidez, Fichtek Berlinen eman zituen azken hitzaldietan aipatzen du Napoleonentzat giza-komunitateak formarik gabeko masa bat zirela, Napoleon bezalako buruzagi batek moldatu behar zituena. Jakina, Fichterentzat ikuspegi hori moralki itsua eta askatasunaren aurkakoa zen.

XX. mendeko 30eko hamarkadan, Martin Heideggerrek Hölderlinen poesia modu sakonean aztertu zuen. Une historikoaren eraginak zerikusi handia izan zuen Heideggerrek egin zituen Hölderlinen poesiaren interpretazioetan. Egungo ikuspegitik azpimarragarrria da Heideggerrek poetari ematen zion garrantzia. Bere ustez, poetari zegokion egia historikoa eguneratzeko gorengo mailako eginkizuna. Ikuspegi kritiko batetik pentsa daiteke filosofo alemaniarrak Hölderlinen pentsamendua modu dogmatikoan goraipatzen zuela. Hölderlinek bere gutunetan erakusten zituen zalantzak ziurtasun bihurtu nahi izan zituen Heideggerrek, poetaren pentsamenduaren zirrara berezia lehorra bilakatuz.

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Hölderlinen izpiritu poetikoa eta filosofia