Borrar
Ikerketa zentro berriaren aurkezpen ekitaldia. UPV/EHU
HiTZ hizkuntza teknologien ikerketa zentroa martxan da jada

HiTZ hizkuntza teknologien ikerketa zentroa martxan da jada

Donostiako Informatika Fakultatean du egoitza zentroak, eta 60 kide inguru ditu, irakasle, ikertzaile, teknikari eta doktoretza ikasleak kontuan hartuta

Zurekin

Sábado, 7 de noviembre 2020, 12:53

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) HiTZ zentroa aurkeztu dute aste honetan, hizkuntza teknologien arloan «erreferente» izateko helburu duen ikerketa zentroa. Donostiako Informatika Fakultatean du egoitza zentroak, eta 60 kide inguru ditu, irakasle, ikertzaile, teknikari eta doktoretza ikasleak kontuan hartuta. Formakuntzan, ikerketan eta teknologiaren transferentzian ari dira dagoeneko lanean.

Nekane Balluerka EHUko errektoreak, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak, Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, Eneko Goia Donostiako alkateak eta Eneko Agirre HiTZ zentroko zuzendariak parte hartu zuten osteguneko ekitaldian. Aurkezpenean azaldu dutenez, eraldaketa digitalaren eta adimen artifizialaren erronka eta aukera berrien aurrean, «ezinbesteko bihurtu da hizkuntza teknologien ikerketan sakontzea», eta horretarako elkartu dira EHUko IXA eta Aholab ikerketa taldeak.

Eneko Agirreren hitzetan, «hizkuntza teknologien arloan nazioarteko erreferentea izateko» sortu da HiTZ zentroa, «baita Euskal Herria ikerketa eta garapen gune garrantzitsu bihurtzen laguntzeko ere, adimen artifizialaren inguruko beste eragileekin batera».

Hizkuntza teknologien gaia ertz askotarikoa izanik, diziplinarteko adituen talde zabala biltzen du HiTZek, besteak beste, informatikariak, hizkuntzalariak, ingeniariak, itzultzaileak eta soziologoak. 60 kide inguru dira denera, teknikariak eta ikertzaileak kontuan hartuta (irakasleak, doktoretza ondokoak eta doktoretza egiten ari direnak).

Hiru alderditan aritzen dira jardunean HiTZ zentroan: formakuntzan, ikerketan eta teknologiaren transferentzian. Formakuntzari dagokionez, Erasmus Mundus labeldun nazioarteko masterra eskaintzen dute, hizkuntzaren teknologien inguruko doktore programa, bai eta 'Deep Learning' tekniken inguruko nazioarteko ikastaroa ere. Donostiako Informatika Fakultatean berriki eratu den adimen artifizialeko graduan ere zeregin garrantzitsua dute.

Ikerketan, hizkuntza teknologietako punta-puntako hainbat adarretan dihardute lanean, hasi informazioaren erauzketa eta analisitik, eta gizaki ordenagailu elkarrizketetaraino, itzulpengintza automatikotik pasatuz. Teknologiaren transferentziaren alorrean, azkenik, enpresei ideia berritzaileen inguruan aholkularitza ematen diete, bai eta prototipo industrialak sortzen lagundu ere. Joan den urtean enpresekin 34 kontratu izan zituen.

Euskararen presentzia bermatzen

Hizkuntzen teknologien bitartez, mundu digitalean euskararen presentzia bermatzea ere bada HiTZen helburu garrantzitsua. Horretarako oinarrizko baliabideak eta tresnak sortu eta mantentzen ditu, terminologia batuz eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin batera hizkuntzaren teknologiak bultzatzeko plana lantzen dihardu. «Azken urteotako lanari esker, euskarak hizkuntza txiki bati dagozkionak baino kalitate hobeko baliabideak eta teknologia ditu», nabarmendu dute.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo HiTZ hizkuntza teknologien ikerketa zentroa martxan da jada