Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Azken bolada honetan den-dena «historiko» bihurtu omen da. Historikoak izan dira «procés» barruan izandako manifestazio guztiak eta emakumeen greba. Historikoak erretiratuen kontzentrazioak pentsio duinen alde eta Bilbon izandako txirrindularien lasterketa erraldoia. Historikoa zen MTVk antolaturiko ikuskizuna eta San Mamesen jokatutako errugbi lehiaketa... Izendapen horrekin ... deitutako ekitaldien zerrendaren erdia egiatan historikoa izatekotan, etorkizuneko historia-liburuak ez dira liburutegietan sartuko. Badirudi «aparta», «garrantzitsua», «itzela» eta antzeko deiturak txikiegiak geratu direla. Gaur egun, egunkari baten azalean agertzen diren gertaera gehiegi «historikoak» omen dira, nahiz datorren urterako zerbait ahaztua izan.
Bitxia da gero, Mozambiken izandako uholdeak, Sirian, Kongon edo Yemenen sufritzen ari diren gerrak eta goseteak, astero errepikatzen diren atentatu terroristak... hedabideetan agertzen direnean ez da inoiz «historiko» hori inondik ere erabiltzen. Baina historia berri txarrez beterik dago zinez.
Denborak ematen duen distantziarik gabe «historiko» hitza horren arin erabiltzeak nartzisista samarra ematen du. Beharbada, gure bizitza horren laburra izanik, garai interesgarriak egokitu zaizkigula pentsatu nahi dugu, baina txinatarren madarikazio zaharrak dioenez: «garai interesgarrietan bizitzea opa dizut», garai «historikoak» nahitaez gogor samarrak izan baitira bizi izan dituztenentzat. «Krimen eta zoritxarren erregistroa besterik ez da historia» idatzi zuen Voltairek.
Lehengo eta bigarren mundu-gerrak eta Urriko Iraultza joan den mendean izandako gertakaririk garrantzizkoenen artean daude ezbairik gabe. Hiruretan Errusiari lehen mailako protagonismoa egokitu zitzaion. Lehenengo bi gertaerak Ilunpeak eta Goizaldea izeneko eleberrian daude islaturik. Aleksei Tolstoik idatzitako nobela, telesaio bihurtu da errusiar telebista kate baten eskutik eta hamabi atalak ikusi ondoren, asko dira benetan, nire uste makalean, lan hau gomendatzeko arrazoiak.
Joan den mendearen hasieran ere, San Petersburgoko artista eta intelektualak une «historikoak» bizitzen ari zirelakoan zeuden. Margolaritza, poesia eta musika, alkohol eta idilioekin nahasten ziren garaiko burgesiaren festetan. Ezer gutxi zekiten haiek zer zuten zain. Alemaniarren kontrako guda ostean, errusiar armadan tsar-en alde elkarrekin borrokatzen zutenak banandu ziren. «Zuriak» eta «gorriak», hemengo gerra zibilean gertatu zen bezala, anaiak edo lagun minak izan zitezkeen, baina alderdi ezberdinetan gertatuz gero, elkar hil zuten inongo gupida barik. Hala eta guztiz ere, eta ezinezkoa dirudien arren, egoera hartan, adiskidetasunak eta maitasunak ere bazuten lekurik.
Eskertzekoa da, benetan, emanaldi honek aukeratzen duen planteamendua. Gehiegitan erabiltzen den manikeismoa aldera utzita, hemen, gaizto eta zintzoen arteko mugak ez dira batere garbiak. Ez dago oso argi, ezta ere, zergatik gerraren alde batean edo bestean geratzen diren azkenean militarrak. Madarikazio baten barruan mugituko balira bezala pertsonaiak bizirik irauten saiatzen dira, helburu hori gero eta zailago bihurtzen bada ere.
Jeannette Rankin AEBko batzarkide eta bakezaleak esan zuenaren arabera: «Ezinezkoa da gerra bat irabaztea. Lurrikara bat irabaztea ezinezkoa den legez».
¿Ya eres suscriptor/a? Inicia sesión
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.