Borrar
Hiperrinteresgarria
'Mandamentu hipermodernoak' liburuaren kritika

Hiperrinteresgarria

Jon Martin-Etxebeste

Jueves, 14 de octubre 2021

'Izan zoriontsu' eta, batez ere, hala zarelako itxurak egin. Dibertsioa derrigortasun bihurtu da, baikor izatea bizi-estilo, eta gehiegik barruan sentitzen duten tristura ezkutatu beharra sentitzen du. Gaur egungo jendarteak herritarrei ezartzen dizkien 19 mandamentu jorratu ditu filosofoak saiakera honetan. Garaiotako gaitzik kutsakorrenak aztertu ditu Iñigo Martinezek 'Eztabaida' saileko liburuan. Zuzenean eta zeharka bonbardatzen gaituzten mezuak atalen izenburu bihurtu ditu: «bila ezazu berriena, ausart zaitez, bidaia ezazu, ez ezazu denborarik gal…». Mezuok garunean iltzatuta daramatzagu eta jarreratan eta portaeran eragiten digute. «Ez zaitez astuna izan» da mandamentu horietako bat. Ezagutzaren prozesua ludifikatu beharrak irakaskuntzan izan duen eraginaz kexu da autorea; eta, ironikoki, exijentzia hori betetzera bideratutako formatuan erredaktatu du liburua: labur, umorez eta atal bat hurrengoarekin txirikordatuz. Hipermodernitatearen diagnosia eta kritika zorrotza da Martinezena.

Batxilergoko irakaslea da autorea eta igartzen da gazteriaren kezkak eta premiak gertu dituela. Pop estilo distiratsuan diseinatutako azalak pentsarazi lezake gazteenen interesera zuzenduta legokeela; baina liburuak askoz ere espektro zabalagora iritsi beharko luke. Soziologo baten begirada zolia eta filosofo baten hausnarketarako patxada erakutsi du idazleak; eta gehiago sakondu nahi duen irakurlea erreferentzia pertinenteetara bideratzen du. Aurreztea urre denez, eta denbora eta energia urri, hitzostea deshostotzea koherentea zatekeen; asmoei eta azalpenei eskainitako zati honen estiloak liburuaren borobiltasuna kraskatu baitezake. Baliteke liburua oharkabean pasatzea; baina aurtengo perlatako bat da. Harrian, ez; ebookean izkiriatutako mandamentuak dira. Hona, idatzi gabe geratu den hogeigarren mandamentua: «Irakur ezazu».

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Hiperrinteresgarria