Urgente Grandes retenciones en la A-8 y el Txorierri, sentido Cantabria, por la avería de un camión
Euskalgintzaren Kontseiluko kideak, aurreko agerraldi batean.

«Hezkuntza Legearen aurreproiektuak euskara gehiago behar du»

Euskalgintzaren Kontseiluaren arabera, «iraileko aurreproiektuarekin alderatuz gero, ez du egiturazko aldaketarik proposatu euskararen normalizazioak egun dituen erronka itzelei erantzuteko». Hala ere, gogorarazi dute «oraindik posible dela legea hobetzea»

Martes, 25 de abril 2023, 18:56

Euskalgintzaren Kontseiluak balorazio «gazi-gozo» bat plazaratu du astearte honetan Eusko Jaurlaritzak onartutako Hezkuntzari buruzko euskal Legearen aurreproiektuaren inguruan.

Publicidad

Euskararen normalizazioaren aldeko erakundetik gogorarazi dutenez, Legea ontzeko prozesua hasi zenetik, hainbat ekarpen egin dituzte hizkuntzaren ikuspegitik, hezkuntza-komunitateko eragile nagusien, gehiengo sindikalaren eta kultura eta euskalgintzako aditu eta profesionalen adostasunarekin. Hala ere, erakundeak deitoratu du lege aurreproiektuak ez dituela jaso euskararen inguruan egindako eskaera nagusi horiek. «Legebiltzarrak gehiengoz onartutako hezkuntza-itunetik zenbait elementu positibo ez dira jasotzen, adibidez, jatorrizkoan defendatzen zen eta Kontseiluak txalotu zuen eredu inklusibo orokortua», esan du.

Bestalde, aurreproiektuan jasotako elementu batzuk begi onez ikusi ditu, hala nola, ikasleen euskara-gaitasuna bermatzeko B2 irteera-perfila definitzea eta euskal kulturaren ezagutza aitortzea. Ildo horretan, nabarmendu du Lege-aurreproiektuaren zioen adierazpenean euskara «gutxiengoaren hizkuntza eta hizkuntza gutxitua» dela jasotzen dela. Kontseiluaren iritziz, interesgarria da hori bere horretan jasotzea, legean neurri proaktiboak edo aurrerakoiak biltzea ahalbidetzen dituelako, baina azpimarratu duenez, dokumentuak aurrera egin ahala, zioetan jasotako esaldi hori ez da neurrietan garatzen.

Euskalgintzatik azaldutakoaren arabera, gauza bera gertatzen da euskalduntzeari dagokionez jarritako helburu zehatzekin. Zioetan helburu gisa hartzen da ikasle guztiek bi hizkuntza ofizialak menderatzea bermatzea, baina ez da jasotzen garapenean, non bi hizkuntza ofizialetan komunikatzeko gaitasuna lortu dezaten sustatzea aipatzen den. Hala, Kontseiluaren ustez, kezkagarria da sustatu hitza gehiago agertzea bermatu hitza baino. «Helburuetan atzera egiten ari gara, izan ere, 1993ko hezkuntza-legeak helburuetan jaso zuen ikasle guztiek, baldintza beretan, derrigorrezko irakaskuntza-aldia bukatzean bi hizkuntza ofizialen ezagupen praktikoa izango dutela bermatu beharra», gogorarazi dute.

Bestalde, Kontseilutik salatu dutenez, «testuaren 65. artikuluak dio hezkuntza-sistema 'esparru eleaniztuna eta kulturartekoa' eta 'euskararen inguruan artikulatua' dela. Baina ez du zehazten nola interpretatu behar den sistema eleaniztuna izatea hizkuntza-ereduari dagokionez, ikastetxe bakoitzak nola aplikatu beharko duen, ezta hizkuntza bakoitzeko orduen esposizioa zer-nolakoa izango den».

Publicidad

Era berean, erakundetik nabarmendu dute gutxieneko esposizio-orduak zehaztea «funtsezkoa» dela belaunaldi berriak euskalduntzeko, izan ere, «frogatu da eskolan euskaraz denbora gehiagoz aritu diren ikasleak izan direla euskalduntzean gehien aurreratu direnak». Hortaz, diote «legeak ahalik eta zehaztasun handienarekin jaso behar duela euskara izango dela irakas-hizkuntza orokorra, auzitegien edo uneko gobernuen interpretazio murriztaile posibleak galarazteko».

«Oinarrizko hizkuntza-eredua finkatu»

Kontseilutik ados daude lege-aurreproiektuaren 66. artikuluak adierazitakoarekin, non ikasle guztiek euskarazko B2 hizkuntza-eskakizuna lortu beharko dutela adierazten den. Horrela jasotzea egokia bada ere, argi daukate helburuak jartzeak, bere horretan, ez duela ekarriko ikasle guztiek euskararen ezagutza izatea. «Beraz, ezinbestekoa da horra iristeko zein izango den oinarrizko hizkuntza-eredua finkatzea, hain zuzen ere, euskara irakas-hizkuntza izango duena», diote.

Publicidad

Bestalde, erakundeak egokitzat jotzen du ikasleen maila sozioekonomikoari erreparatzea. Baina berresten dute inguruaren ezaugarri soziolinguistikoen araberako neurriek ezin dutela, edonola ere, ikasleen euskarazko ordu-esposizioen murrizketa ekarri. «Aitzitik, ikasleen euskalduntzea bermatzeko euskara gutxien duten ikasleek euskara gehiago ematea ezinbestekoa da, horrek eskatzen dituen baliabide material zein pedagogikoekin».

Halaber, lanbide heziketarako ikastetxeek eta araubide bereziko ikasketetako ikasleek zein irteera-perfil izan beharko duten ezartzea falta dela gogorarazi dute, baita hizkuntza-konpetentzia lortzea nola bermatuko duten zehaztea ere.

Publicidad

Hori nahikoa ez balitz, azpimarratu dute 66. artikuluaren bukaeran, ebaluazioari dagokionean, aldaketa ez dela egiturazkoa. Zehazki, Jaurlaritzak ebaluaziorako tresnak arautuko dituela jasotzen da, baina «oso lauso» eta ezinbestekoa den kanpo-ebaluaziorik izango den zehaztu gabe. «Ez da nahikoa ikasleen hizkuntza-gaitasunen ebaluazioa irakasleek berek egitea, administrazioak tresnak arautuko baditu ere. Emaitza errealak ezagutzeko beharrezkoa da kanpo-ebaluazioa bermatzea, eta hala jasotzen zen hezkuntza-itunean», salatu du Kontseiluak.

Dena den, positiboki baloratu du 67. artikuluan ikastetxeetako hizkuntza-proiektuak garrantzia izaten jarraitzen duela, aurreko zirriborroan bezala, baina larritzat jo du azken dokumentu honetan ez dela jaso hezkuntza-hitzarmenean aipatzen zen ikastetxeen ondorengo betebeharra: 'euskara lehenetsi egingo da hezkuntza-sistemaren barruan, hezkuntza-jardueran zein harreman profesionaletan, baita ere ikasleen eta irakasleen arteko harreman formal eta ez-formaletan'. «75. artikuluan, esaterako, kanpo proiekzioko jardueretan «euskararen erabilera sustatzea» jartzen du helburu, baina lehentasun izaera desagertu da», deitoratu du Kontseiluak.

Publicidad

Hobekuntzak behar dituen legea

Amaitzeko, euskararen normalizazioaren aldeko erakundeak nabarmendu nahi izan du azken hamarkadotan hezkuntza-sistemak egin duen ekarpenari aitortza egin behar zaiola, izan ere, milaka eta milaka herritar euskaldundu dira. Halere, bere ustez, «oraindik ezagutzaren unibertsalizaziotik urrun gaude, eta gaur-gaurkoz ikasle askori ez zaio euskarazko gaitasun egokia eskuratzeko eskubidea bermatzen».

«Datuek erakusten dute egungo ereduen sistemak arrakalak dituela, baina, hala ere, euskara irakas-hizkuntza duen eredua izan dela arrakastatsuena. Gainera, mundu globalizatu eta digitalizatu honetan euskarari ere biderkatu zaizkio erronkak, eta hurrengo hamarkadetan bizirik eta noranahiko nahi badugu, premiazkoa da hezkuntza-sistemak ere hizkuntzaren ikuspegitik benetako jauzi bat ematea», amaitu dute.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad