Beatriz Akizu, Eusko Ikaskuntzaren egoitzan, Donostian. Jose Usoz

«Hezkuntza espazio kohesionatu baten alde elkarlanean aritzeko borondatea sortu dugu»

Beatriz Akizu adituak 'Euskal Hezkuntza Sistema. Etorkizuna Elkarrekin Eraikitzen' jardunaldian parte hartuko du urriaren 3an, Gasteizko Europa Biltzar Jauregian, Eusko Ikaskuntzak ospatuko duen XIX. Kongresuaren barruan

Martes, 24 de septiembre 2024, 00:47

Itziarren bizi den Beatriz Akizu (Soraluze, Gipuzkoa, 1969) hamahiru urtez aritu da irakasle gisa euskal hezkuntza sistema publikoan. 2008tik aurrera Eusko Ikaskuntzan ari da lanean eta proiektu arduraduna da bertan. Datorren ostegunean, urriaren 3an, Gasteizko Europa Biltzar Jauregian izango da 'Euskal Hezkuntza Sistema. Etorkizuna Elkarrekin Eraikitzen' egitasmoa aurkezten, Eusko Ikaskuntzak urriaren 2tik 4ra bitarte 'Elkartzen gaituena | Lo que nos une | Ce qui nos rassemble' lelopean antolatuko duen XIX. Kongresuaren baitan (izena eman, hemen).

Publicidad

Musika ikasketak dituen irakurle eta antzerkizale amorratu hau Magisteritzan diplomatua da, Gizarte eta Kultur Antropologian lizentziaduna, nortasun kulturala eta etnizitatea espezialitatean, eta Gobernantza eta Politika Ikasketetan masterra du. Urte luzez adierazpen artistiko eta musikalaren arloan lan egin du, eta antropologiako betaurrekoak jantzita ikertzaile-lanak ere burutu ditu.

-Zer bilatzen du 'Euskal Hezkuntza Sistema. Etorkizuna Elkarrekin Eraikitzen' proiektuak?

-Etorkizuneko Euskal Hezkuntza Sistemaren inguruko herri-gogoeta gauzatzea izan da gure asmo nagusia. Gure bide-orri nagusia euskal lurraldeetan hezkuntzarekin lotutako zeharkako gai komunen inguruko gogoeta bultzatzea. Bidean aurrera egin ahala, galdera nagusi honi erantzun nahi izan diogu: Euskal Herriko jendartearen eta lurraldearen kohesioari, nola bide eman hezkuntzatik?

Horri erantzuteko, parte-hartzean oinarritutako inoiz egin ez den hezkuntzarekin lotutako herri gogoetari eman diogu bidea bi ardatz gurutzatuz. Bat: sistema osoa osatzen duten etapa guztien azterketa -Haur Hezkuntza-Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza-Batxilergoa, Lanbide Heziketa, Unibertsitateak-Goi Maila- eta elkarren arteko solasa bilatuz. Bigarrena: hezkuntza sistema bakoitza kokatuta dagoen errealitate sozio-politikoari erreparatuz, lurraldetasunaren logika aplikatuz.

Lau urtetako ibilbide aberatsa eta era berean konplexua izan da.

-Nortzuk hartu dute parte gogoetan?

-Gehien bat Haur-Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntza-Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Goi-mailako Euskal Herriko lurralde guztietako hezkuntzako profesional eta adituek, hezkuntza eragileek, elkarteek eta erakundeek. Baina baita kultura, sozio-linguistika, sozio-ekonomia eremuetako pertsonek ere. Izan ere, hezkuntzaz ezin dugu hezkuntzatik bakarrik hitz egin. Hemen azpimarra jartzea nahiko nuke, hezkuntza bere zentzu zabalenean ulertu behar dugu hezkuntza sistemak testuinguruarekin, komunitatearekin lotuz.

Publicidad

Lau urtetako ibilbide honetan 245 pertsonak parte hartu dugu lurralde desberdinetan antolatu ditugun foro eta eztabaida taldeetan. Horietatik 75 pertsonak eta 47 elkarte eta eragilek modu egonkorrean.

Kuantitatiboki begiratuta emaitza polita da, baina kualitatiboki jaso eta sortu dena da guzti honen emaitzarik ederrena. Gorpuzten joan den zorua izan da, ibiliaz zabaltzen joan dena, Iparraldeko, Nafarroako eta Euskal Autonomi Erkidegoko errealitateen berezitasunetara gerturatzen lagundu diguna. Euskal Herriko hezkuntza espazio kohesionatu baten alde elkarlanean aritzeko borondatea sortu dugu, etorkizuneko bideak eraikitzeko konfiantza esparrua eskaini dugu; hau da lorpenik handiena. Aukera hau aprobetxatzen dut guztiei eskerrak luzatzeko, kongresura eramango duguna denon artean sortutako emaitza baita. Arduraz jaso dugu erantzukizun hori.

Publicidad

«Elkarren arteko solasa bideratzeak elkar elikatzeko bide batean jartzen gaitu, estrategia bateratuak garatzeko bidea irekitzen digu»

-Zer aurkeztuko duzue Eusko Ikaskuntzaren XIX. Kongresuan, Gasteizen?

-Planteatzen dugun galdera nagusiari erantzuteko proposamenak eramango ditugu. Gogora ekartzen dut berriz: Euskal Herriko jendartearen eta lurraldearen kohesioari, nola bide eman hezkuntzatik. Lurraldetasun ikuspegi batetik, kohesiorako bideak non bilatu behar ditugun azalduko dugu eta horiek gauzagarri egiteko proposamenak luzatuko ditugu.

Ekarpen nagusi bat, kohesioari ematen diogun esangurarekin lotuta dago. Kohesioari izaera dinamiko eta performatiboa ematen diogu, logika sozio-kulturala izaera prozesual eta material batetik aztertzera eramaten gaituena. Hurbilketa honekin, kohesioa «materializatzea» bilatzen dugu, kohesioa egingarri bihurtzea.

Publicidad

Bestea aplikatu dugun metodologia bera da. Lehen konplexutasuna aipatu dut; konplexutasunaren aldeko hautua egin dugula esango nuke. Konplexutasun honek begirada osatuagoa izaten lagundu digu, begirada berritzaile eta ausart batetik, kohesiorako espazioak bilatzera bultzatu gaitu.

Etapa bakoitzak bere logika eta exijentziak ditu, bere egiteko kulturak, jarduteko espazioak eta testuinguruak. Elkarren arteko solasa bideratzeak elkar elikatzeko bide batean jartzen gaitu, estrategia bateratuak garatzeko bidea irekitzen digu. Hiru eremu administratiboetako hezkuntza sistemen arteko elkar-ezagutzak, errealitate bakoitzak dituen premiak eta hauei erantzuteko egiteko moduak ezagutzeak, kohesiorako espazio partekatuak identifikatzen laguntzen digu.

Publicidad

Hirugarren ekarpen nagusia elkarlanerako bektoreak izango dira. Etapa bakoitzeko elkarlan bektoreak eta ibilbide proposamenak. Praktikatik, Euskal Herriko errealitatearen jabekuntzarako elkar-ezagutzan sakontzen jarraitzeko eta elkarlanerako sistematizazioak ahalbideratuko dituzten lanabes operatiboak dira. Beharrezkoa ikusten den Euskal Herriko hezkuntza espazioaren definiziorako ibilbidea egiteko tresnak, gai zehatzetan fokatuta daudenak. Abstrakzio bati buruzko hausnarketa errepikakor batetik edota ekintza auto-erreferentzialak eta sakabanatuetatik aldentzeko, elkarlaneko estrategia operatiboak dira.

-Nori egongo da zuzenduta saio hori?

-Hezkuntzako edozein ziklotako profesionalei, hezkuntza komunitateari noski. Baina Kongresuan parte-hartzeko deia herriari zuzenduta dago, erakundeei, eragile sozial, ekonomiko eta politikoei eta herritar orori. Hezkuntza denon ardura da, denon artean josi behar ditugu kohesio bidean jarriko gaituzten konfiantza zoruak eta egikaritzarako konpromisuak, tresnak eta babesak.

Noticia Patrocinada

-Zeintzuk dira egun Hezkuntzaren eremuan dauden korapilo nagusiak?

-Hezkuntzak duen erronkarik handiena egungo gizarte konplexuak planteatzen dituen erronkei erantzutea da. Jaitsiera demografikoa, krisi klimatikoa, gertatzen ari diren eta areagotu daitezkeen arrakala ekonomiko, sozial eta kulturalak, digitalizazioa, adimen artifiziala, sare sozialak, joera globalak… gizartean epe ertain eta luzean izango duten eragina hezkuntzan islatzen dira. Gure kasuan, testuinguru konplexu honetan, gure hizkuntza propioari, euskarari, emango diogun lekua dugu gehitu beharreko beste erronka bat. Baina hezkuntza sistematik bakarrik ezingo zaio erantzun, guztion ardura da, herri estrategia integralak beharko ditugu hezkuntzatik konplexutasun horri erantzun ahal izateko.

«Pantailek sortzen duten gizarte-isolamenduko jokabideak, kohesioaren eta elkarbizitzaren mehatxu bihurtu daitezke»

-Eta pantailek gazteengan duten eragina, ikasle iritsi berriak euskalduntzeko erronka edo euskarak ikasgelatik kalera salto egiteko duen beharra bezalako gaiak ere jorratu al dira proiektuan?

-Eremu birtuala eztabaidetan agertzen den gaia da, aipatu bai, baina landu ez. Berezko lanketa sakona eskatzen duen gaia da. Garapen teknologikoen eragina gizartean eta ingurumenean bortitza izango da. Pantailek sortzen duten gizarte-isolamenduko jokabideak, txikia dirudien eragin bat aipatzearren, kohesioaren eta elkarbizitzaren mehatxu bihurtu daitezke.

Publicidad

Bestalde, euskara eta euskal kultura, euskal dimentsioa, gai nagusi bat izan da gure prozesuan. Euskarak eta euskal kulturak kohesiorako tresnak izan behar dutela esaten da. Ikuspegi komunitario batetik landu beharreko gaia da, euskalduntzeak balio sozio-komunitarioen palanka izan beharko luke. Bide hau egiteko tresnak eta baliabideak beharko ditugu eta, batez ere, herritartasun aktiboa garatzeko proiektuak beharko ditugu.

-Zeintzuk lirateke komunean ditugun elementurik nabarmenak?

-Lurraldetasunaren ikuspegi batetik batzen gaituen elementua euskara dela esaten da. Jakinda euskara bi hizkuntza nagusiekin batera (gaztelera eta frantsesa) eta nagusitzen diren kulturekin ez ezik, askotariko hizkuntzekin eta kulturekin batera ere bizi dela. Bi Estatu eta hiru eremu administratiboetan kokatuta dauden hezkuntza sistemak ditugu, lege marko desberdinak, gure hizkuntza gutxitua da eta ez da ofiziala lurralde guztietan… Batzen gaituen euskara kohesio tresna izateko elkar-ezagutzan sakontzeko bideak eta estrategia integralak garatu beharko ditugu Euskal Herriko ethos-arekiko atxikimendua elikatzeko, lurraldetasuna lurralde kohesioarekin uztartuz.

Publicidad

-Mami asko, eragile anitz eta epe luzeko proiektuaz ari garelarik, nondik has gintezke?

-Kongresuan aurkeztuko ditugun elkarlan bektoreen inguruan gorpuztu daitezken ibilbideak, aliantzak, sareak eta babesak izango dira gure lehenengo urratsak. Konturatuko zinen elkarlan-bektoreak esplizitatzea saihesten ari naizela. Urriaren 3an izango da horiek aurkezteko momentua eta hurrengo urratsei begira irekiko diren aukerak erakusteko unea. Denak gonbidatuta zaudete, beraz, Gasteizko Europa Jauregira hurbiltzera.

«Kongresuan aurkeztuko ditugun elkarlan bektoreen inguruan gorpuztu daitezken ibilbideak, aliantzak, sareak eta babesak izango dira gure lehenengo urratsak»

-Zer lehentasun markatu dituzue hezkuntzaren eremuan urriaren 4tik aurrera ?

-Lehen esan dudan bezala, kongresuan aurkeztuko ditugun elkarlan bektoreen inguruan gorpuztu daitezken ibilbideak, aliantzak, sareak eta babesak izango dira gure lehenengo urratsak. Eta gure izaerari jarraituz, askoren artean erabakiko dugu zeri eman lehentasuna.

Publicidad

-Azkenik, bitxikeri gisa, nazio mailan egin nahiko zenuketen 'Euskal erasmus' terminoari buruz gehiago jakin nahiko nuke.

-'Euskal erasmus' terminoak behar bat gordetzen du, elkarlan bektore desberdinetan forma hartuko duena; elkar-ezagutzarekin eta ikasleen mugikortasunarekin lotuta dagoena. Hara, azkenean agertu zaigu elkarlan bektore baten pista.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad