Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Iraganeko estuasunak azkar ahazten dituzte zuzen jasan ez dituztenek. Gerra zibilaren ostekoak, esaterako. Orduko jazarpen egoerak askoren jokabideak baldintzatu ditu, baita askoz beranduago jaiotakoenak ere. Nabarmen gutxiago hitz egiten da, baina, gabezia materialez, gatazkak eragindako miseriaz. Errazionamenduaz edota seme-alaba ugari izateak areagotutako nekeez. Biziraute hutsekoa izan zen hainbaten garai hartako bizimodua, eustea helburu nagusi zuena.
Sortu berri duten elkarte batek azukre-kanabera moztera Australiara joandako euskal herritarrak gogoan hartu nahi ditu. Queensland izan zen horien jomuga nagusi, eta gehienak bizkaitarrak ziren. 30. hamarkada baino lehen 300 bat lagunek osatu zuten han bildutako taldea. Bigarren Mundu Gerraren ostean, aldiz, bi milara artekoa izan omen zen. Honelakoetan gertatzen den legez lan-baldintza gogorretan ekin zioten, izerditan blai, itzuleran bizimodu hobea izateko itxaropenak eta horren ondoriozko ilusioak bultzatuta.
Kanpora joan behar izate horrek oso urrunekoa ematen du espazioan eta denboran. Baina pare bat belaunaldi goragokoa besterik ez da. Hemen ere izan delako beharrizanik, munduko beste puntaren batera abiatzeko bezain gorririk. Bakardadea eta herrimina zeuden han zain, azukre-kanabera plantazio amaigabeek eragindako nekeak ere leuntzen ez zituenak. Berdintsu ibili ziren Estatu Batuetara artzain zereginetara joan zirenak, lur-sail erraldoietan han-hemenka zaildutakoak, zeruertzean euren burua baino ikusten ez zutenak.
Australiartutakoen eta amerikanuen ibilbide hark hausnarketa eragin behar luke gaur egun. Batetik, zein garai zailetatik gatozen ez ahazteko eta babes-sarerik zein ingelesa tutik ere ulertu barik hain adoretsu jokatu zutenen memoria merezi duten legez lantzeko. Eta bigarrenik, ezberdintasun historiko eta pertsonal guztiak aintzat hartuta, ordukoaren irakaspenetako asko oraingora proiektatzeko. Dena atzean utzi eta herriminak jota lan egitera gutartzeko gogoz datozenenganako enpatiaz eta gizatasunez jokatzeko.
Emigratzailea izatea beti da gogorra, aukeren arteko azkenetakoa. Ez dugu inora joan beharrik horretaz ohartzeko. Nahikoa da etxe askotan aitona-amonei edo gurasoei galdetzea.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.