'Herri Txiki, Zirku Handi' saio berezia, Gabon gaua kantuan ospatzeko

Antzezleak, kirolariak, musikariak, sukaldariak eta EITBko aurkezle eta kazetariak hartuko dituzte Gure Zirkuan, Tolosan. Musikaz gain, umorea eta distira ez dira faltako

Zurekin

Lunes, 23 de diciembre 2024, 12:25

Astearte honetako gauean, abenduaren 24an, musika eta alaitasuna izango dira protagonista nagusiak 'Herri Txiki, Zirku Handi' saioaren oholtzan, 23.15etik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en. Mikel Pagadik eta Miren Nogalesek gidatuta, saio berezi honetan aurpegi ezagunak pasako dira Gure Zirkuaren karpatik euskal kantak abestera, gaur egungoak zein herrikoiak.

Publicidad

«Adin eta belaunaldi ezberdinetako musikariak entzungo ditugu gau berezi honetan, tartean Janus Lester, Estitxu Pinatxo eta Petti, zein Pantxoa eta Orioko Salatxo abesbatza. Chill Mafiako Flako Fonki eta Kiliki Frexko Gontzal Mendibil musikariarekin batera arituko dira, estreinakoz, 'Merezi ote' abestiaren moldaketan; eta Iker Laurobak eta Leire Letuk omenaldia egingo diote Benito Lertxundiri. Korrontziren doinuei laguntzeko sei dantzari izango dira oholtzan, eta Sua Enparantza eta 'Go!azen' telesaileko zenbait antzezle ere bertan izango ditugu. Aurtengoa Joko Olinpikoen urtea izanda, ezin falta hitzordura gure kirolari olinpiko eta paralinpikoak: Iñigo Llopis, Nahia Zudaire, Naia Laso, Miren Lazkano, Janire González-Etxabarri eta Alain Kortabitarte entzungo ditugu aurten 'Herri Txiki, Zirku Handi' saioa berezian», diote bere arduradunek.

Halaber, nabarmendu dute urtero bezala, EITBko ordezkaritza zabala izango dutela Mirenek eta Pagadik, izan ere, sukalde kontuak albo batera utzi eta mikroa hartuko dute Javi Riverok, Zigor Iturrietak, Ander Gonzalezek eta Gabriela Uriartek; eta, Ondas Saria jaso berritan, Euskadi Irratiko 'Faktoria Magazina' programako lantaldea animatuko da abestera. «Hori nahikoa ez balitz, haurrez inguratuta, 'Olentzero' abesti berria oparituko digu IZAROk, eta Maren bakarlariaren ahotsak ere jantziko du ETB1eko Gabon gaua», diote.

Mikel Pagadik eta Miren Nogalesek gidatutako 'Herri Txiki, Zirku Handi' saio bereziaz gozatu nahi baduzu, beraz, jakin ezazu aukera izango duzula astearte honetan, abenduaren 24an, 23.15ean, ETB1en eta eitb.eus-en.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad