Heroiak eta osasun-langileak
Folosofia ·
Gure testuinguru sozialean, heroiak eta orduz kanpo ibiltzeak elkarrekiko lotura ukaezina duteSecciones
Servicios
Destacamos
Edición
Folosofia ·
Gure testuinguru sozialean, heroiak eta orduz kanpo ibiltzeak elkarrekiko lotura ukaezina duteNiklas Luhmann soziologoak aipatu zuen denborak bere semantika edo esanahien multzo propioa duela. Bizi ditugun garai bereziak nola interpretatu daitezkeen jakiteko ziurtasun gutxi dugu. Interaktibitatea izan baldin bada azken garaien ezaugarri nagusietako bat, birusak munduaren egiturak geldiarazi dituenean leihoetatik ikusi dugu mundu murriztua, bitartean, erizain eta medikuen eskuetan jarri baita normaltasunera iraultzeko misioa. Slavoj Zizek filosofoak jarrera horri interpasibitatea deitzen dio. Norbaitzuek bizkar gainean hartu dute zama eta egoera bide zuzenera eraman da, nahiz eta oraindik ez dakizkigun zein izango diren gizarte-gorputzak jasan behar izango dituen ondorioak. Ezta ondorio hauek zein epetan gaindituko diren edo gainditzeko modurik izango den ere.
Denbora hauek ezohiko tartea ireki dute. Marc Augé antropologoak ez-tokiak kontzeptua erabili du adierazteko gizarte konplexuetan bitartekotasuna dela leku batzuen berezko justifikazio nagusia. Aireportuen geltokiak eta iragaitzazko beste gune asko sailkapen horren barne dira. Baina horiek guztiak espazioak dira, ez uneak. Berdin pentsa al dezakegu denboraz? Ez-denbora deitu diezaiokegun kontzeptuak ba ote du justifikaziorik? Ez-ohiko bitartea esanahiz asea dela ere pentsa dezakegu, iraganari buruz eta etorkizunari begira pentsarazten bultzatu beharko lukeena.
Hans Blumembergek uste du mendebaldeko kultura zeharkatzen duen metafora handi edo orokor bat dagoela, antzinatasunetik egungo momentura iristen dena. Metafora hori «naufragioa ikuslearekin» da. Blumembergen aburuz, irudi horretako ikusleak lehorraren segurantza du, itsasoari dagokion ezbeharretik aldentzea lortu baitu. Figura horretaz Montaignek ematen duen interpretazioan, gutxien arriskatzen duen hori saritzen du patuak, plazera da distantziaren ordaina. Nietzscheren bertsioa giltzarri psikonautikoan idazten da, ekiak bere gainbeheran hondoratzen den moduan ezbeharrean blai egin behar du heroi nihilistak. Blumembergek ematen dituen adibide guztien artean agian indartsuena zera da, lurraren eta itsasoaren arteko izaerazko oposaketa. Lurrikarek lur-azala zaurituta uzten dute; itsasoaren gainazalak, berriz, jatorrizko forma berreskuratzen du beti. Uhinek iragana erabat orrazten dute.
Hitz horietan badago ikasgairik: krisiaren zauriak epidermikoak edo larru azpikoak diren argitu beharra, eta garrantzitsuagoa, memoriaren ur sakonek gertakari larri hauek irentsiko dituzten edo ez, hondarrean zauri guztiak berdintzen diren antzera.
Komunikabideetan osasun-langileak heroiak direla azpimarratu da. 'Heroi' hitzak historia luzea du. Europar literaturan lehen idazkiak heroiei buruzkoak ziren, Homeroren abenturen pertsonaia nagusiak, alegia. XX. mendean saiakerak egin dira heroien ezaugarriak aztertzeko, baina ez da zailtasunik gabe burutu daitekeen lana. Garaiak eta gizarteak aldatu direla esan izan da, Homeroren munduak eta gureak ez dutela zerikusirik.
Frantzian Gilbert Durand eta gure artean Ortiz-Osés saiatu ziren, interpretatzeko metodologien laguntzarekin, heroiak, antzinakoak eta garaikideak, aztertzen. Baina idazle bi hauen azalpenetan, nolabait, gizartezko lokarria falta da. Bestalde, BIFO Berardik egungo medioetako heroien biografiak aztertu ditu. Berardiren kasuan, kontrako joera gertatzen da, ez dituela literaturako heroien berezitasunak kontuan hartzen. Beraz, gai hau ikertzerakoan antzinakoa zein oraingoa behar diren baldintzak kontuan hartu gabe aztertzeko arriskua dago.
Zaila den arren, denboraren ozeano bi horiek hizkuntzaren zubiari esker elkar lotzen saiatuko gara. Heroi klasikoek bazutela gizartezko lokarria Gregory Nagy Harvardeko irakasleak erakutsi du. Nagyk, 'heroi' hitzak duen jatorri etimologikoa argitu du. Greziar mitologian heroi nagusia Herakles da. Herakles izenak Hera, Zeusen emaztearen, ospea esan nahi du, 'kleos' hitza ospea baita. Aldi berean, Hera jainkosaren izena etimologikoki orduekin lotzen da, eta Nagyk dio orduan dabilen jainkosa dela Hera. Erro horretatik omen dator 'heroi' hitza. Nagyk dio heroia etimologikoki orduz kanpo dabilen pertsonaia dela.
Baina orduz kanpo ibiltze hori ez da kasualitate hutsaren ondorioa. Heraklesen kasuan, bere aurretik Eurystheus jaio zelako da azken hau errege eta ez Herakles, ekintzetan Eurystheus baino nabarmen handiagoa bada ere. Berdin gertatzen da Akilesen kasuan ere. 'Iliada' osoa Akilesen haserrearen abestia da eta haserre hori ez du aurkariak sorrarazten, Akilesen nagusi Agamenon erregeak baizik. Homerok Akilesi buruz behin eta berriro dio greziarren artean onena zela, baina onena izan arren ez zen erregea, lan jasanezinak gainditu behar dituen heroia baino. Beraz, greziar mitologiako pertsonaia nagusi hauek beren izenetan daramatzate gizartezko giltzarria.
Heroi klasikoa bere gizartean azpi-posizioa betetzen duen pertsonaia da, ekintzetan bera baino gutxiago denaren aginduak jarraitu behar dituen gizakia. Heroia, greziar literatura klasikoan, berandu jaio delako, orduz kanpo dabilen pertsonaia da, eta orduz kanpo jaiotze horrek bere bizitza osoa baldintzatzen du. Une bakarrean lortuko du heroi klasiko horrek orduan izatea. Ordu hori azken ordua da, bere heriotzarena. Beraz, heroia izatea eta heriotzaren bila joatea elkarri lotuta doazen esanahiak dira literatura klasikoan.
Hausnarketa honetan 'heroi' hitzaren erabilerak hizkuntzan bertan erantsitako zama ideologikoa eta dramatikoa azpimarratu nahi dut. Ez da inola ere kontzeptu neutroa, Nagyren azterketak erakusten duen moduan. Gure gizartezko testuinguruan, heroiak eta orduz kanpo ibiltzeak elkarrekiko lotura ukaezina dute. Birusak aurre hartu digulako edo egiturak prestatuta ez zeudelako, orduz kanpo ibili gara. Txerto baten faltan munduan, maskaratxorik gabe kaleetan eta ordu oro heriotzari aurre egiten osasun zentroetan, lan erraldoia egin behar izan dute osasun-langileek. Beraiei eskaintzen diet bihotzez omenaldi xume hau.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Fallece un hombre tras caer al río con su tractor en un pueblo de Segovia
El Norte de Castilla
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.