
«Haurrentzat ez dago gurasoak etsai bihurtzea baino beldurgarriagorik»
ITZULPENA ·
Julen Gabiria itzultzaile galdakaotarrak 'Coraline' euskaratu du, Neil Gaiman idazlearen eleberri arrakastatsuenaSecciones
Servicios
Destacamos
Edición
ITZULPENA ·
Julen Gabiria itzultzaile galdakaotarrak 'Coraline' euskaratu du, Neil Gaiman idazlearen eleberri arrakastatsuenaIRAITZ URKULO
Viernes, 31 de enero 2020, 22:43
Neil Gaiman Ingalaterran jaio zen 1960an, eta Estatu Batuetan bizi da. Haur eta gazte literaturako egile ospetsua da nazioartean, eta haren lanek oihartzun itzela dute. 2002an 'Coraline' izeneko beldurrezko eleberri fantastikoa argitaratu zuen, eta liburuak hain arrakasta handia izan zuen, dagoeneko hamaika hizkuntzatara itzulia izan baita.
Coraline Jones da protagonista, familiarekin beste etxe batera aldatu berri den hamaika urte inguruko neskatoa. Bertako txoko guztiak ikertzen ari dela, ateetako batek atzean adreiluzko horma bat duela ikusiko du. Halako batean, ordea, ate hori ere zeharkatzea lortuko du, eta berearen berdina den etxe bat topatuko du korridorearen beste aldean. Berdina eta ia-ia hobea: gozoagoa da janaria, ugariagoak jostailuak… eta badira beste ama eta beste aita bat ere, bere gurasoen antzekoak, bera han betiko geratzea nahi dutenak.
Elkar argitaletxeak kaleratu du liburua, Dave McKean ilustratzailearen zuri-beltzeko marrazki originalekin. Julen Gabiria itzultzailea (Galdakao, 1973) arduratu da istorioa euskarara ekartzeaz. Haren eskutik, ezohiko elementuak, pertsonaia bitxiak eta gertaera harrigarriak uztartzen dituen Coralineren istorio txundigarrian sakondu dugu.
–Nor da Neil Gaiman?
–'Coraline' itzultzen hasi baino lehen, Neil Gaimanen izena ezaguna egiten zitzaidan, baina ez neukan haren obraren berri. Sortzaile oparoa da benetan: eleberriak idazten ditu, komiki eta telesailetarako gidoiak… Gehienetan fantasia, zientzia fikzio eta beldurrezko generoetakoak. Sari mordoa irabazitakoa da, eta milioika irakurle ditu hainbat hizkuntzatan.
–'Coraline' 2002an argitaratu bazen ere, aurten ekarri duzu euskarara. Euskaraz irakur daitekeen Neil Gaimanen lehen lana da.
–Lehen eleberria, behintzat, bai. Aurretik badu Astiberri argitaletxean kaleratutako haurrentzako komiki bat, Joxe Rojasek itzulitakoa: 'Otsoak hormetan'. 'Coraline' 2002an argitaratu zen, baina nik 2017an izan nuen lehen aldiz liburuaren berri, eta ez zuzenean baizik eta zeharka, alabekin batera filma ikusi nuenean. Alabak liluratuta geratu ziren. Filma ikusi ostean jakin nuen liburu batean zegoela oinarrituta, eta halaxe erabaki nuen liburu hura euskarara itzultzea.
–Zeri buruzko eleberria da?
–Istorioak barneratu egiten zaitu fantasiazkoa izan arren oso erreala ere baden mundu batera, eta mundu horretan dauden gozamen eta arriskuetara. Terrorezko istorio bat da, baina terrore 'domestiko' bat, nolabait esateko: etsaiak ez dira pertsonaia odoltsuak eta ilunak, baizik eta gurasoak, egunero ikusten ditugun horiek, zaindu eta babestu egiten gaituztenak. Hori baino gauza beldurgarriagorik ezin da egon ume batentzat.
–Genero fantastikoaren barruan sailkatuko zenuke?
–Fantastikotzat hartzen baldin badugu gure eguneroko bizitzan errealitate paraleloak egon daitezkeela, orduan fantastikoa da. Baina, niretzat, errealitate paralelo horiek oso mundu errealak dira, inola ere ez fantastikoak.
–Eleberriak hain arrakasta handia izan du, istorioa zinema edo antzerkirako moldatu baita.
–Baita komikirako, musikal baterako, operarako, bideo-joko baterako eta 'The Simpsons' telesaileko kapitulu baterako ere.
–Liburua euskarara ekartzeko prozesua gozamenezko bidea izan da? Edo tarteka sufritu egin duzu?
–Neure kabuz hasi nuen itzulpena, argitaletxeei proposatu gabe, egunen batean liburua amaitu, paperean inprimatu eta alabei oparitzeko asmoz. Ez nion neure buruari presarik jartzen, tarte libreetan itzultzen nuen, eta ez nuen presiorik; beraz, gozatua zen. Baina itzulpenak aurrera egin ahala, eta ikusita liburuak bazuela benetako mamia, pentsatu nuen alabentzat hasitako lan horrek merezi zuela zabalkunde handiagoa eta ume gehiagoren eskuetara iristea. Elkar argitaletxearekin jarri nintzen harremanetan eta berehala eman zidaten baiezkoa.
–Zailtasun berezirik topatu duzu?
–Testu bakoitzak izaten ditu bere zailtasunak, eta honek ere izan ditu: oso liburu irakurterraza da, eta modu sinplean idatzitakoa, erakustaldirik gabe. Gezurra dirudien arren, horixe izan da buruko minik handiena eman didana: nola mantendu ingelesak duen irakurterraztasun hori, irakurterrazkerian erori gabe.
–Ohituta zaudelako testu konplexuagoak itzultzen, ziurrenik.
–Itzulpengintzaren beste muturrean bizi izan dudan esperientzietako bat da, esate baterako, Ander Izagirreren liburuak itzultzea: irakurterrazak dira, baina esaldi bakoitzak ingeniaritza-lan zehatz eta zorrotza dauka atzean. Hori itzultzea ere zaila da, noski, baina aldez aurretik onartzen duzu konplexutasunetik abiatuko zarela eta joko-eremu horretan arituko zarela.
–'Coraline' euskaratzea, ordea, guztiz bestelakoa izan da.
–'Coraline'ren kasuan ezin nuen ulertu nola kostatzen ote zitzaidan hainbeste erraztasun hori itzultzea, eta azkenean konturatu nintzen zein zen arrazoia: nolabaiteko deskonexioa dago istorioak duen mamiaren eta idazleak darabilen estiloaren artean. Hau da, liburuan kontatzen den istorioa gordina da, dezenteko mamia du, irakurketa-maila eta interpretazio ugari izan ditzake, eta esango nuke hamar urtetik gorako haurrentzat dela egokia; baina testua bera, estilo aldetik, idaztankeran, sintaxian, egituretan… lasai asko izan daiteke sei urteko umeentzat idatzitakoa.
–Halakoetan, itzultzaileak zirt edo zart egin behar du.
–Bai, hori da. Fondoaren eta formaren arteko deskonexio horrek beharbada funtzionatu dezake haur eta gazte literatura anglosaxoian, baina euskaraz ez zitzaidan onargarria iruditzen testua modu literalean itzultzea, eta itzulpenari nolabaiteko berniza ematea erabaki nuen, elkarrizketetako akotazioei bizitasuna emanez, esaldi sinpleegiak lokailu edo juntagailuekin elkartuz, eta abar.
–Nor da Coraline?
–Hamaika urte inguruko neskato bat, gurasoekin batera beste etxe batera aldatu dena, eta udako azken egunak bizitzen ari dena asperdura betean. Bere gurasoak, noski, ez dira perfektuak, eta, bat-batean, etxean dagoen ate batetik sartuta, beste guraso batzuk deskubrituko ditu, bereen berdin-berdinak, baina bereak baino perfektuagoak… itxura batean, behintzat. Izan ere, perfekzio horren atzean zenbait ertz beldurgarri ezkutatzen dira; maitasunaren ordez, posesio-nahia, esate baterako.
–Jones familiak auzoko ezin bitxiagoak ditu.
–Beheko solairuan Spink eta Forcible andereñoak bizi dira, bi andre zahar, garai batean aktore izandakoak, eta orain txakur mordo batekin eta antzerki-garai loriatsuen oroitzapenekin bizi direnak. Goiko solairuan, berriz, Bobo jauna bizi da, etxean dituen saguekin zirku bat muntatzeko asmotan ari den agure zoroa. Coralineren gurasoen moduan, pertsonaia horiek guztiek izaera jakin bat dute mundu errealean, eta beste bat, guztiz desberdina, atearen atzealdeko mundu paraleloan.
–Animaliek ere protagonismo nabarmena dute.
–Coralineren aliatu nagusia katu beltz bat da, eta pertsonaia hori da, hain zuzen ere, eleberriaren plano batean zein bestean izaeraz eta itxuraz aldatzen ez den bakarra, Coralinez aparte. Era berean, liburuko antagonistek ere badituzte beren animalia aliatuak; arratoiak, bereziki.
–Istorio osoa hiru solairuko eraikin batean eta haren inguruko lorategian gertatzen da. Idazleak ez du kokaleku gehiagorik behar izan.
–Bitxia da zenbat handitzen den espazioa, soilik ate bat zeharkatuta eta errealitate paralelo horretara iritsita. Berez, han topatuko duguna benetako munduan dagoenaren berdin-berdina da, baina aldi berean badakigu erabat desberdina dela. Beraz, egia da diozuna: kokaleku bakarrarekin, ia infinitua den mundu bat sortzen du egileak, eta meritu handiko zerbait dela iruditzen zait.
–Dave McKeanen zuri-beltzeko marrazkiek ezinegona eragiten dute, eta beldurrezko giroa areagotzen.
–Zuri-beltzaz gain, forma zorrotzak darabiltza, plano laburrak, ekarpen makabroak tarteka, eta beti ikuspuntu berriren bat. Pertsonaiak desitxuratuta agertzen dira, patetiko samar… Zoragarria da Dave McKeanen ikuspuntua.
–Neil Gaimanen esanetan, 'Coraline' «ausardiari buruzko istorio bat da».
–Liburua G.K. Chestertonen aipu batekin hasten da, edo, hobeto esanda, Chestertonen aipu baten inguruan Gaimanek egindako interpretazio librearekin. Funtsean, aipu horrek dioena da maitagarrien ipuinek ez diotela haurrari irakasten zer den beldurra, ezpada beldur hori garaitu dezaketela. Beraz, hasiera-hasieratik, egileak asmo hori zuen, eta bai, ausardiari buruzko liburua ere bada, baina, lehen esan dudan moduan, interpretazio asko onartzen dituen istorioa da. Edonola ere, Gaimanentzat ausardiaren gaia klabea da liburu honetan.
–Zer du berezi 'Coraline'k haurrak liluratzeko?
–Esango nuke lehen aipatu dudan «terrore domestikoaren» faktorea oso erakargarria dela haurrentzat. Era berean, guztiz txundigarria egiten zaie ikustea beste norabait eraman gaitzaketen bideak egon daitezkeela han-hemen.
–Gaimanen alabak aitari esan zion ez zuela uste «inor nagusiegia izan zitekeenik 'Coraline' irakurtzeko».
–Irakurle helduen kasuan, literaturan sarritan gertatzen den moduan, interpretazio askoko obra izateak eta irakurketa bat baino gehiago eskaintzeak izugarri laguntzen du. Beraz, inor nagusiegi sentitzen bada 'Coraline' irakurtzeko, arazo triste bat dauka.
–Zure ustez, zein da eleberriak izandako arrakastaren sekretua?
–Nik uste dut mundu guztiak aurkitu dezakeela berea den zerbait liburu honetan: dela bizitza hobeak amesteko joera –nahiz eta gero hobetzat dugun hori kalterako izan daitekeen–, dela maitasuna eta posesioa nahastea, dela beldurra eragiten diguten elementuak gure inguruan egon daitezkeela ohartzea… Eta, bestetik, lehen aipatu dudan bezala, ez da erraza erabakitzen haur literatura den, gazte literatura den… argi dagoen bakarra da literatura dela, eta hori ere izan daiteke, beharbada, bere arrakastaren sekretua.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Favoritos de los suscriptores
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.