LGTBI+ harrotasunaren eguneko ekitaldiak ez dira jardunaldi bakarrera mugatzen. Bilbon, esaterako, 'Ur Parade' izeneko desfilea egin zen zapatuan itsasadarrean. Jai giroko eta koloretsu izate horrek ez du esan nahi atzean mezu mamitsurik ez dagoenik. Egon badagoelako. Norbere sexu-joera gehienena ez izateak oraindik muga asko ezartzen dituelako, oztopoz eta inoiz saminez betetako bidean barrena eramaten zaituelako.

Publicidad

Egun argizkoetan egoerak nabarmen egin du hobera. Errespetua hedatzen joan da urteotan hedabideetan, eragile garrantzitsuenen artean, hezkuntzan… esparru sozialean. Dagoeneko ez dago guztiz ezkutatzen ibili eta norbere nortasuna errotik ukatu beharrik. Baina badira itzalgune nabarmenak ere. Keinu homofobozkoak. Hirietatik urrunekoak, eta horietako guneetatik kanpokoak. Eguneroko hizkerakoak. Gertukoez apartekoenak. Sailkapenak egitearen ondoriozkoak. Eta LGTBI+ kolektiboaren baitakoak ere.

Tolerantziatik onarpen beterainoko jauzia egiteke dago. Lehenak jasatea esan nahi duelako jatorrizko latinezko adieran. Jazarpena baino askoz hobea da hori, ezin uka; baina ez da nahikoa, ez da hurkoa bete-betean onartzea, parez pareko ikustea. Bizitzen uztea da, besterik gabe. Eta Harrotasunaren Eguna egutegi osora zabaldu behar bada horretarako da, hain zuzen: sexu-joerak inor ez bereizteko, inorentzat inoiz eta inon arazo ez izateko.

Mezu egituratu eta landuek, eguneroko aktibismoak eta zeharkako politikek lagunduko dute hobera egiten. Desfile, manifestazio, ekimen, adierazpen eta bestelako guztiak izango dira baliagarri, jakina, baina helburua argi badago, zer lortzeko bitarteko diren zehaztuz gero. Dena ez dagoelako irabazita, ghettoa ez delako askatasuna, salbuespena ez delako normaltasuna. Isiltasunak ez duelako oihartzunik, beldurrak ez duelako bizipozik.

Maitatzeko gaitasuna duen jende asko behar du mundu honek. Bost axola nork nor. Harro jarraitu behar da borrokan, buruak oso tente, jomugak argi. Kanpoan ezezik berton badagoelako zertan eragin hori guztiz lortu arte, sexu-joerak inor bereiztu ez arte. Kolorearen atzean oraindik min eta ezintasun asko dagoelako. Helmugatik urruntxo jarraitzen dugulako.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad