Borrar
Bilboko Arte Ederren museoa. Ignacio Pérez
HANDIAREN ITZALA

HANDIAREN ITZALA

Guggenheim aukera izan behar da alboan dituen museoentzat

Jueves, 19 de abril 2018, 00:11

Hiri bat biziberritzekotan funtsezkoa da lehengoei halako ezaugarri on batzuk gehitzea. Hirigintzak asko egin dezake belauniko zegoena zutik jartzeko, hainbat espazio sortu eta bertakoen beharrizanetara egokitzeko. Baina horrelako egitasmo bat borobiltzeak ezinbesteko ditu planoetatik haragoko lorpenak. Bilbok bete-betean asmatu du horretan, kulturarekin estu lotu denez gero. Guggenheimek aparteko ezagutza maila eman dio mundu osoan, arte modernoaren ikurretakoa izaterainokoa. Barrukoaz gaindiko bere balio ikonikoak goreneko mugetara bultzatu du hiria bera, titaniozko ametsa ukigarri eta zenbakarri egitera.

Bilbora estrainekoz doanak, hala ere, ezusteko ezin goi mailakoagoak hartzen ditu batetik bestera ibiltzen hasitakoan. Guggenheim erraldoia da, hiria eta Bizkai osoa bere izenarekin lotzeko bestekoa. Baina bere inguruan badira xumeago agertu arren arlo berean ikur diren bestelako batzuk. Arte Ederren museoa da horien arteko hurrengoa, edozein hiritan kultur jardueraren ardatzetakotzat hartzeko modukoa. 110 urte daramatza jada lehen mailako izaten, Bilbori sekulako ekarpena egiten.

Erakunde publikoen eta gizartearen loturaren ereduetakoa da, kudeaketa eta norabide egokiarekin kultur erreferente izan nahiak lor dezakeena ezin hobeto adierazten duena. Betikoez gain, Rembrandt-en lanak ditu gozagai hilabeteotan, 'Goya eta gorte ilustratua' izeneko erakusketarekin batera. Betiereko maisuak biak, museoa zein mailakoa den sarreratik bertatik agerian jartzekoak.

Hiri gutxik duten kultur mailako aberastasun hori osatzeko badira nabarmentzeko beste bi. Euskal Museoa eta Berreginena. Hiriburukoak izanagatik lurralde osoari begirakoak dira, udalerri mugez gaindiko bokaziokoak. Lehena asko emana da, eta beste horrenbeste eskaintzeko prestatzen ari da, berau berregituratu eta moldatzeko abian jarritako egitasmoari esker. XVII. mendeko eraikinean, material etnografiko aberatsa gordetzen du, garenari atxikitakoa. Berreginena ere ez da atzokoa, 1830ean zabaldu baitzen Berastegiko eskola zaharretan, eta Estatuko bilduma garrantzitsuenetakoaren jabe da.

Guggenheim aukera izan behar da alboan dituen museoentzat, ezagutzera emango dituena. Sare sendoa osatzeko eta elkar aberasteko. Bilbo berri hau ikusgarria eta anitza delako, beste askotan bezala kultur mailan.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo HANDIAREN ITZALA