Urgente Grandes retenciones en la A-8 y el Txorierri, sentido Cantabria, por la avería de un camión
Muse taldeko kontzertua.

Lau haizetara

Martes, 6 de noviembre 2018, 01:01

Bilbo eta Bizkaia inoiz baino ezagunago dira munduan. Guggenheim museoak sekulako bultzada eman zion hiriburuari, turismoa ohiko bihurtzeraino, XX. mende amaierako arkitekturaren ikurretakoak jendea nonahitik ekartzeko gaitasun paregabea duelako. Gero etorri da Gaztelugatxeren loraldia, azken urteotako telesail garrantzitsuenetakoaren eskutik. Bi horiei lehenagokoren bat gehitu behar zaie susperraldi honetako zirkuituan: mundu mailan bakearen sinbolo den Gernika bera eta hango Batzar Etxea, esaterako.

Publicidad

Bizkaia modan dago, aspaldiko sustraiak eta abangoardia batzen dituen lurralde modura. Hori ez da berez jazo, jakina, erakundeen lanari eta herritarren bultzadari esker baizik. Egia esan, oraindik pil-pilean dagoen prozesua da, Zorrotzaurrekoaren moduko egitasmoek borobilduko dutena. Urratsok hainbat arlotan eragiten dute, kausalitatezko dinamikak ahalbidetuta, mundu globalizatuan Bilbo eta Bizkaia erakargarri eginda.

MTV gala izan da horren azken adibidea. Mundu osoko milioka lagun, gazteak batik bat, bertora begira jarri ditu. Musikaren eskutik, sormenarenetik. Izar distiratsuz bete zen BEC domeka gauean, amets gisako produkzioko agerraldian. Hipnotizatzailea zen guztia, letra larrizko ikuskizuna osatzerainokoa. Bertaratu zirenak zein telebista bidez bat egin zutenak txundituta utzi zituen horrenbesteko soinu eta argizko batuketak, bikaintasun ikusgarriak.

Herri honetan zerbait antolatzen denerako berehala agertzen dira kritikoak, ia aldez aurretik. Eta eskubide osoa dute era horretan plazaratzeko. Baina nekez uka daiteke MTVren eskutik ekarritakoaren arrakasta borobila, Bilbo eta Bizkaia modurik positiboenean munduan zehar ezagutzera emateko izan duen lehen mailako balioa. Bertokoen beharrei erantzuteko ere lagungarri delako turismoa sustatzea, aukera ekonomiko berriak lantzea.

Azken egunotakoa ez da alperrik galduko, ez da txinparta soil izango. Lehen mailako ikuskizun globalek sendotu egiten gaituztelako, lehenago errugbi finalek edo-ta sukaldaritzako gailurrak bezala. Bizkaiak asko du emateko, barrura zein kanpora begira. Bide ertzean zilborrari begira geratzen denak, aurreiritziz beteta dagoenak, nekez egingo du inorako urratsik. Oso bestelako jokabideak ekarri gaitu egungora.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad