Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Iraitz Urkulo
Martes, 1 de octubre 2019, 00:06
IONT musika-talde gasteiztarrak hamar urteko ibilbidea egingo du laster. 2015ean argitaratu zuten lehen diskoa, 'IONT' izenekoa. Aurten, ordea, 'II' kaleratu dute, Cosmic Tentacles euskal zigiluaren eskutik. Oraingoan ingelesa baztertu eta euskarazko bederatzi kanta grabatu dituzte. Munstro-bilduma zabala topa daiteke disko berriaren letretan, eta argi uzten dute rock estilo ezberdinetatik edatea, erritmo frenetikoak, melodia landuak eta ahotsarekin esperimentatzea maite dutela. Izan ere, lau taldekideen esanetan, «munduaren akabuaren zain egon bitartean entzuteko diskoa» sortu dute.
-IONT ez da inola ere rock talde arrunta. Zaila da zuei etiketarik jartzea.
-Erraza da gu deskribatzea: zertxobait ergelak, ameslariak eta umilak gara. Eta urteak aurrera joan ahala, erretxin samarrak. Askotan esaten digute etiketatzen zailak garela. Gure ustez, ez dugu estilo berririk asmatu, gure musika eragin ezberdinen interpretazio pertsonala baino ez da… Bizia eta zaratatsua.
-Post-hardcore, metal alternatiboa, rock estilo ezberdinak, ukitu progresiboak... Genero askotatik edaten duzue.
-Nahaspila bat, bai… Aipatzen dituzun estiloetako talde asko gustuko ditugu. Kanta bakoitza ideia baten inguruan sortzen dugu. Batzuetan riff bakar batetik abiatuta sortzen dugu kantuaren ideia eta haren inguruan kapak sortzen goaz, abestia pixkanaka janzten. Normalean horiek izaten dira abesti progresibo eta zoroenak. Besteetan, aldiz, ez gara konplikatzen eta, riffetan oinarrituta, gorputzak eskatzen diguna botatzen goaz, kanta biribildu arte.
-Bi disko baino ez dituzue kaleratu hamar urtean.
-Hasiera asko kostatu zitzaigun. Denbora ugari eman genuen lokaletik ia atera gabe. Gasteiz inguruko talde eta lagunek kultuzko taldea ginela esaten ziguten. Guk, aldiz, 'talde ezkutua' ginela erantzuten genien. Denborarekin abiadura hartu dugu eta taldean lan egiteko modua aldatzen joan gara. Oso eroso sentitzen gara oraingo dinamikan. Gaur egun, taldea inoiz baino sendoago eta aktiboago dago. Gure nahia ahalik eta jende gehienengana heltzea da, eta horretarako gogor ari gara lanean.
-'II' disko berria da euskara hutsean argitaratu duzuen lehena.
-Bai, aurreko diskoan euskarazko hiru abesti txertatu genituen. Ingelesez eta euskaraz abestu ondoren, euskararen soinua gure musika estiloarekin bat zetorrela ohartu ginen. Horretaz gain, sekulako zortea dugu euskara ulertu eta hitz egin dezakegunok. Gure hizkuntzarekiko zordun sentitzen ginen, nolabait. Disko berria euskara hutsean egitea iruditu zitzaigun zentzuzkoena.
-Nolako munstroei egiten diezue aurre abestietan?
-Bakoitzak bere barnean dituen eguneroko munstroei, gehienbat. Hainbat mamu eta heroi ezagun erabili ditugu unibertsalak diren istorioak kontatzeko. Gure ikuspegitik, munstroak ez dira hain beldurgarriak, ezta heroiak hain miresgarriak ere.
-Letretan begien bistakoa denetik urruntzen zarete eta metaforaren bidetik jotzen duzue.
-Ez zaigu gustatzen oso zuzenak izatea. Letrak zabalik uztea gustuko dugu, abestiek esanahi eta interpretazio ezberdinak izan ditzaten entzuten diren unearen eta pertsonaren arabera. Mezua zuzenean adierazi beharrean, gauzak iradoki nahi ditugu. Hori egiten saiatzen gara, behintzat. Gure ustez, horrela ez gara hain agerian geratzen eta letren egilea babestuago sentitu daiteke eta askeago jokatu dezake.
-Argi dago melodia bortitzak eta erritmo frenetikoak gogoko dituzuela.
-Bai, taldekide bakoitzak bere ekarpena egiten du, eta musika eragin ezberdinak argi nabaritu daitezke. Erritmo azkarrak eta zarata maite ditugu. Disko berrian sartu ditugun 'blast beat' atalak izugarri gozatzen ditugu zuzenekoetan, atal melodiko lasaiak edo progresiboak bezainbeste.
-Ez diezue gitarra elektrikoari eta bateriari atsedenik ematen. Protagonismo handia dute.
-Lau taldekide gara eta bateria-gitarra-baxu-abeslari eskema prototipikoa betetzen dugu. Gitarra eta bateria denbora guztian entzun behar direla uste dugu. Gitarra bakarra egonda, melodiaren pisua eraman behar du bai ala bai. Beraz, baxuak 'gorputza' eman behar dio gitarrak sortzen dituen donuei; eta bateriak, bitartean, milaka kolpe jotzen ditu.
-Ahotsa da, zalantzarik gabe, zuen bereizgarri nagusietako bat, tonu lausoak zein oihu urratuak.
-Gainerako instrumentuekin bezala, ahotsarekin ere gauza berriak probatzea gustatzen zaigu. Ahotsak normalean taldeak markatzen edo etiketatzen ditu, eta, alde horretatik, ez dugu geure burua mugatu nahi. Abeslariak nahi duenaren eta besteok eskatzen diogunaren arteko zerbait egiten du. Tira, egia esan, berak nahi izaten duena egiten du gehienetan… Beste taldekideok bezala, hark ere gauza berriak probatzea eta esperimentatzea gustuko du.
-Ikuspegi apokaliptikoenetik epikotasunera, erabateko gozamenetik hondamendira, itxaropenetik gorrotora. Sentsazio-koktel arriskutsua dirudi.
-Sentimenduz eta emozioz osatuta gaude, eta horiexek dira musikan bilatzen ditugunak. Euforia, tristura edo dena delakoa sentituko ez bagenu, ez genuke musikarik entzungo, eta are gutxiago egingo. Helburu hori dugu buruan, hau da, jendearengan sentimenduak sorraraztea, gure abestien bidez zirrararen bat sentiaraztea. Guk musika entzuten dugun bakoitzean sentitzen dugun berdina sentiarazi.
-Nolakoak dira zuen kontzertuak? Izerditan blai eta neka-neka eginda amaituko duzue, ezta?
-Mugimendu handia egoten da. Gorputzak une bakoitzean eskatzen diguna egiten dugu. Transmititzea da gure helburua. Emozioak sorraraztea. Horregatik, zuzenekoetan, gure kantek izerdi usaina dute.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
A la venta los vuelos de Santander a Ibiza, que aumentan este verano
El Diario Montañés
Publicidad
Publicidad
Noticias recomendadas
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.