Borrar
Gizon bat, guaraniera irakasten. Reuters
Guaraniera, oztopoz betetako hizkuntza indigena, harro egoteko arrazoia da berriro Paraguain

Guaraniera, oztopoz betetako hizkuntza indigena, harro egoteko arrazoia da berriro Paraguain

Amerikako herrien artean salbuespen handia da Paraguai, bere gizartearen gehiengoak hizkuntza indigena hitz egiten baitu. Orain arte hartutako neurriek emaitza onuragarriak eman dituzte

Jan Echevarría

Miércoles, 7 de febrero 2018

Porfiria Orrego Invernizzi ikaslea zenean, bere irakasleek belauniko jarri zuten guaranieraz hitz egiteagatik. Goiz osoa igaro zuen zigortuta posizio horretan, arto eta gatz ale zakar batzuen gainean, eta horrek argi uzten du historian zehar zer nolako sorgin ehiza jasan izan duen Paraguaiko lengoaia ofizial horrek.

Arrazoi berberagatik, beste ikasle askok egunak igaro zituzten ezer edan eta jan gabe (hori bai zigor gogorra) eta beste askori haur-ohialak jantzi zizkieten euren kideen aurrean makurrarazteko helburuarekin. Egoera penagarri hori behin eta berriro errepikatu zen Paraguaiko eskoletan, Alfredo Stroessner diktadorearen erorketa heldu zen arte. Zorionez, erregimen autoritario hori -35 urte iraun zuen- 1989an joan zen pikutara eta une horretatik aurrera, guaranierak gora egin zuen.

«Jazarpen zabala izan zen», dio David Galeano Oliverak, Kultura eta Hizkuntza Guaranierako Ateneoko zuzendariak. Erakunde horrek hizkuntza indigena sustatzea du helburu eta bertan guaraniera irakasten zaie irakasleei.

Amerikako herrien artean salbuespen handia da Paraguai, bere gizartearen gehiengoak hizkuntza indigena hitz egiten baitu. Dena den, nahiz eta orain guaranieraren erabilera nahiko hedatua egon, urte askotan zehar herritarrek kaleetan eta etxean baino ez zuten erabiltzen; izan ere, eremu politikorako aproposa ez zela baieztatzen zuten askok.

Egoera hori asko aldatu da azken denboraldian. Orain, Paraguaiko funtzionario eta intelektualek egunero borrokatzen dute hizkuntza horren alde. Helburua, 1992ko Konstituzioak dioena betetzea: guaraniera espainolaren maila berean egotea.

Ez da lan erreza. Aipatutako menderakuntzak eragin handia izan du Paraguaiko jendearen artean, eta pertsona askok guaraniera bigarren mailako hizkuntza bezala ikusten dute oraindik. Gaztelania nagusi da gobernu, auzitegi, literatur eta komunikabideetako ministeriotan eta Ladislaa Alcarazek, Hizkuntz Politikako ministroak, onartzen duen bezala, guaraniaren gainean «estigma bat dago, aurreiritzi zabal bat. Pena bat da baina hizkuntza hau pobrezia, baserri-giroa, ezjakintasuna eta analfabetismoarekin erlazionatzen da oraindik eta hori oso kaltegarria da bere normalizaziorako».

Gainera, ele biko irakaskuntza publikoaren aldeko borrokak talde indartsu baten erresistentziarekin topo egin zuen: guaranieraz hazitako gurasoena. Horietako askok estereotipo negatiboekin lotzen dute hizkuntza hori eta ez dute bere seme-alabek eskolan guaraniera ikastea nahi. Izan ere, euren ustez, espainolak edota atzerriko hizkuntza batek bere seme-alabak lehiakorragoak izatea suposatuko du. Nancy Benítez-ek, Heziketa eta Zientzietako Ministerioko funtzionarioak dionaren arabera -ikasketa planen antolakuntzan lan egiten du-, «gurasoek diote etxean guaranieraz hitz egiten dutela eta, beraz, euren seme-alabek eskolan espainola ikastea aproposagoa dela. Ondo iruditzen zaie guaraniera irakastea, baina ez diote zentzurik ikusten etxean eta eskolan hizkuntza bera ikasteari».

Guaranierazko wikipedia: Vikipetâ

Esan bezala, gobernuak guaranieraren inguruan jendeak duen ikuspegia aldatu nahi du, eremu ofizialetan hizkuntza hori sustatzen. 2011n sortutako Politika Linguistikako Ministerioari, esate baterako, mintzaira hori gobernuaren atal desberdinetan normalizatu eta sustatzeko eginkizuna enkargatu zioten. Funtzionario judizial askori guaraniera irakatsi zaie momentura arte eta paraguaiarrek jada hizkuntza horretan epaiketa izateko eskubidea dute.

Paraguai benetan ele bikoa izatea da helburua, bertako Konstituzioak jasotzen duen bezala, baina kontutan izan behar da gaztelania menperatzen ez duen gehiengoak landa-eremuetan bizi dela oraindik. Hala ere, aipatzekoa da gaur egun pertsona askok guaraniak diren izenak jartzen dizkietela jaio-berriei eta gero eta ohikoagoa dela guaranieraz idatzitako kartelak ikustea kale edo errepideetan. Hori nahiko ez balitz, gero eta musika talde gehiagok (metal, rock...) hizkuntza horretan prestatzen dituzte euren abestiak eta guaranierazko wikipedia (Vikipetâ) martxan da jada. Gauzak horrela, guaraniera pixkanaka-pixkanaka bere tokia berreskuratzen ari dela esan daiteke.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Guaraniera, oztopoz betetako hizkuntza indigena, harro egoteko arrazoia da berriro Paraguain