Emakumeenganako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna izan zen azaroaren 25a. Balio praktiko gutxikoa dela pentsa lezakete hainbatek, ez diola sakoneko arazoari benetan eragingo. Baina urrats sinbolikoz jositakoa izan ohi da lorpenak gauzatu arteko bidea, kontzientziazio lana betetako helburuen atarikoa delako. Arazoaren zenbaterainokoa ezagutzea eta jasaten dutenei aurpegia jartzea berez da aurrerapausoa, nahiz eta bistan den asko geratzen dela egiteko, andrazko ugari infernuan ari direlako egunero, bizirauten.
Publicidad
Horien testigantzak oilo-ipurdia jartzeko modukoak dira. Gizon madarikaturen batek kolpatu, mehatxatu edo-ta menpean hartu dituelako, euren bizitza hondatzeraino ekin diolako. Urtean zehar hamaikatxo emakume erailtzen dituzte horrelako basatiek han-hemenka. Eta kopuru itzel hori izozmendiaren tontorra baino ez da, gizarte osora zabaldua dagoen izurriaren seinale.
Lege mailako saiakerek ez dute arrakastarik izan orain arte. Behar zutenei ez zaie garaiz babesik eman batzuetan. Genero ikuspegirik gabeko Justiziaren gabeziak ageri-agerian geratu dira eta ez da asmatu behar bezain eraginkor izaten. Bitarteko kontua da, maila batean; baina sakonekoenean badago egiturazkoa den akatsik, ezintasunik, aurreiritzirik.
Aurrera begirako itxaropenetako asko hezkuntza sistemarekin lotu dira, belaunaldi berriek berdintasuna beste era batera barneratzeko oinarrizkoa baita. Baina bikotea jipoitzen, kontrolatzen edo gutxiesten dituzten gizonetako asko hain gazte izateak adierazten duenez arazoa ez da adinaren arabera bat-batean bideratuko. Mundu erreala oso konplexua delako, eta gizarte osoak egunero tinko eraginda baino ez dagoelako hobera egiterik, berdintasunak hainbat arlotan entelekia izateari utz diezaion.
Urtean behineko egunetako indar metaketa ohikora eramatea da xedea. Zer esanik ez hain garrantzi handikoa den arazoari dagokionez. Izurri hau ez delako berez desagertuko, berdintasuna ez delako urteen joan-etorriz besterik gabe lortuko. Indarkeria matxistak ez die halako bikote batzuei eragiten, gizarte osoari baizik. Eta erantzunak halakoxea behar du: tinkoa, aho batekoa, zeharkakoa, kolektiboa, errotikoa, etengabekoa.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Fallece un hombre tras caer al río con su tractor en un pueblo de Segovia
El Norte de Castilla
Publicidad
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.