Algirdas Julien Greimas XX. mendeko semiologo ezagunenetako bat da. Semiologoek zeinuak ikertzen dituzte, kultura ororen oinarrizko osagaiak. Greimasek zeinuak aztertzeko ikuspuntu propioa garatu zuen. Bere teorietan nabarmena da literaturaren alde semantikoa azpimarratzeko joera berezia. Literaturaren alde semantikoak esanahiak ikertzen ditu, batez ere. Greimasen ustez, esanahi horiek mailatan antolatu daitezke, literatur unibertso bat osatuz.
Publicidad
Bere garaiko beste semiotika batzuekin alderatuz aipa daiteke Greimasek estrukturalismoaren printzipioak modu irekian eta ez-dogmatikoan erabili zituela. Esate baterako, estrukturalismoak oposaketa harremanari funtsezko garrantzia ematen zion, eta Greimasek, berriz, errepikapenari eta simetriari. Ikuspegi ireki hori bere ikerketen objektuan ere nabaritzen da. Idatzizko literaturaz gain, Greimasek ahozko literatura, folklorea eta mitologia aztertu zituen.
Jaiotzaz lituaniarra zen arren, Greimasek bere karrera akademikoa Parisen garatu zuen. Hori dela eta, frantsesez argitaratu zituen bere lan nagusiak. Lan horietako bat da 'Des dieux et des hommes' (Jainkoez eta gizonez, 1985) liburua, non Lituaniako herri-istorioak interpretatzen dituen. Liburu horren hirugarren atala 'Des abeilles et des femmes' deitzen da, erleez eta emakumeez. Bertan, Greimasek lituaniar eta indoeuropar mitologietan azaltzen diren erleen eta emakumeen arteko harremanak interpretatzen ditu. Berriki gai hau erakargarria bilakatu da, Britainiar monarkiaren burua hil denean, ohiturari jarraituz, erreginaren heriotza erleei komunikatu dietelako.
Greimasen azalpenak argi uzten du erleek indoeuropar folklorean zuten esanahi sinbolikoa. Esanahi sinboliko horren arabera, giza komunitatearen barne kohesioaz hitz egiten dute erleen inguruko kontakizunek. Horregatik, Greimasek aipatzen du antzinako mito hauetan «erleen ordena» bat izendatzen dela.
Erleen ordenak bazituen zenbait berezitasun. Lehenik, emakumezkoen inguruan eraikitzen zen ordena bat zen. Ordena horren gorengo mailan 'Austeja' izeneko jainkosa omen zegoen. Austeja erleen ama omen zen, eta bere eginkizun nagusia zuen erletxoen hazkundea bermatzea. Hazkunde horren alde garrantzitsu bat erleen bizitza erotikoari lotuta zegoen. Egoera horietan Austeja jainkosaren betebeharra zen erleak kuruminoen sedukzioaren ondorio arriskutsuetatik babestea.
Publicidad
Greimasek metafora hauek gizartearen ikuspegitik interpretatzen ditu. Harentzat, mitoetan islatzen dena da XVI. mendetik aurrera lituaniar gizartean identifikatu daitekeen emakumezkoen figura hautatu bat. Emakumezkoak etxebizitzaren kudeatzaileak bilakatu ziren, bai alderdi ekonomiko-materialean bai alderdi emozionalean. Aipatu irudi hauek garapen zabalago bat izan zuten erle-zaintzarekin lotzen ziren praktika eta erakundeekin batera. Erlezaintza gizonezkoei soilik zegokien lana omen zen. Lan hori, batez ere, anaiak zituzten gizonezkoen betebeharra zen. Gizonezko hauek alaba bakarraren edo alargun baten bila joaten ziren eta erleak omen ziren beren ezkonsaria.
Erleen balioa ez zen bakarrik ekonomikoa, morala ere bazen. Erlezaintzak kode moral bat indartzen zuen eta ordena horren ardatzean erlezainak emakumezkoekiko izan behar zuen jokabidea azpimarratzen zen. Kode moralaren arabera, erlezainak une oro bere gorputza eta jantziak garbi-garbiak izan behar zituen. Horrez gain, erleen kode moralak azpimarratzen zuen edonor ezin zitekeela erlezain izan. Horren adierazle da Greimasek aipatzen duen esaera deigarri bat: «erleek beren erlezainak hautatzen dituzte», alegia. Greimasek azaltzen du ordena horrek erleen erabakia gizartearen funtzionamenduaren erdi-erdian jartzen zuela. Erleek beren zaintzaileak hautatzeko aukera zuten. Erabaki hori arautzen duen kodearen arabera, gizonezko gaiztoak baztertuak izaten ziren.
Publicidad
Gaiztotasunari buruzko definizioak anitzak izan zitezkeen eta guztiek Austeja jainkosaren babespean garatzen zen kultura osatzen zuten. Erleek gizonezko bat gaiztotzat har zezakeen adibideak ematen ditu Greimasek. Adibidez, erleek ez zituzten gogoko gizonezko bihurriak eta jeloskorrak. Alderantziz, gizonezko zuzenak eta garbiak inoiz ez ziren erleen erasoen jomuga. Gaizkileak ere baztertuak ziren erleen bizilekutik, batez ere beren auzoei kalte egiten zieten gizonezkoak. Erleen kode moralean beheratuak izaten ziren hirugarren mota bat gizonezko zekenak ziren. Zekenek ez omen zuten abegi onik ezta komunitatean beharrezkoa zen gutxiengo elkarkidetasunik.
Beraz, pentsa daiteke 'Austeja' jainkosaren babespean garatzen ziren baloreetan gizonezkoen psikologiaren eta pertsonalitatearen ezagutza sakon bat islatzen zela. Ezagutza sakon horrek bertute moralak azpimarratzen zituen, ez bakarrik gizonezko ezkongai batek izan zitzakeen jabetza materialak. Erleen zigor-araudiak gizonezko gaiztoaren eraginetik aldentzea agintzen zuen, eraso bat antolatuz edo ihes eginez. Esan daiteke erleen ordenak gizartearen dinamika antolatzen laguntzen zuela, elkarbizitzarako irizpide sakonak bermatzen baitzituen.
Publicidad
Greimasen deskribapenak azpimarratzen du gizarte tradizional haietan kontzientzia argi bat zegoela elkarbizitzan arrakasta izateko zenbait bertute beharrezkoak zirela, norberaren izaera edo pertsonalitatearekin zerikusia zutenak. Sarritan aipatzen da gizarte tradizionaletan botere ekonomikoa erabat erabakigarria zela, baina badirudi folkloreak bestelako norabide bat erakusten duela. Norabide horren arabera, elkarbizitzak bertuteen sofistikazioa eskatzen zuen eta sofistikazio hori emakumezkoen azken epaian erabakitzen zen.
Gure artean antzeko hausnarketak Ortiz-Osés Deustuko irakasleak garatu zituen. Agian, Greimasen eta Ortiz-Osésen arteko ezberdintasun nagusia da azken honentzat botere sistemak elkarrekiko modu kontraesanguratsuagoan azaltzen direla. Greimasen kasuan, nolabaiteko koordinazio orekatua da sistema osoaren azken helburua.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Fallece un hombre tras caer al río con su tractor en un pueblo de Segovia
El Norte de Castilla
Publicidad
Te puede interesar
Fallece un hombre tras caer al río con su tractor en un pueblo de Segovia
El Norte de Castilla
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.