(H)AMAR soinu instalazioa, Durangoko Museoaren 3. solairuan aurki daiteke egunotan E.C.

Gozatu soinudun besarkada musikal batez Durangoko Museoan

Raul Lomasek eta Lur Merinok (H)AMAR soinu instalazioa dakarte Azokara, 2022ko Vital Artea Lehiaketan saritua izan dena

NAHIKARI CAYADO

Miércoles, 7 de diciembre 2022, 09:59

Bere letra eta melodiaz inguratuko zaituen erakusketa da egunotan Durangoko Museoan aurkituko duzun hau. «Besarkada musikal ozen bat», Raul Lomasen esanetan, Doctor Deseo euskal musika talde ezagunaren teklatu jotzailea eta (H)AMAR soinu proiektuaren aita dena. Artelan horrek ama ere badauka, Raulen bikotekidea den Lur Merino diseinatzaile grafikoa eta artista. Berak idatzitako poema batetik abiatuta sortu da dena. Raul Mexikon zegoen taldearekin biran, eta bere bikotekideak, milaka kilometrotara, hamar urte beteko zituen harremanari buruz hausnatu zuen poema batean. Gizonak musika jarri zion bere neskalagunaren testuari eta une horretan bertan jaio zen (H)AMAR. «Alde batetik hamar zenbakia esan nahi du, eta 'H' letra kenduz, maitatu gaztelaniaz», azaldu du autoreak.

Publicidad

Proiektu artistiko musikal hori ondo ulertzeko, Durangoko museora joan beharra dago aste honetan, Azoka egunetan. Hurbiltzen direnek, zortzi bozgorailu aurkituko dituzte bertan, zirkulu forman. Erdialdean kokatu beharko dira, begiak itxiz, horrela lortuko baitu obrak bere zentzu osoa. Behin artelana martxan jarrita, bozgorailuetatik poema entzuten hasiko dira pixkanaka, ahotsa batetik bestera pasatzen den bitartean. Musika izango dute lagun, olatu bat izango balitz bezala barnea mugituko diena: suabe hasieran, ozenago gero eta oso leun amaieran. 3 minutu eta 18 segundotan, artista bi horiek guztiz harrapatuko dute publikoa, tornado batek lurretik lebitatuko balitu bezala, goreneraino, berriro lurrean uzteko.

Biniloa salgai Landakon

(H) AMAR, beraz, artearen bidez egindako maitaleen arteko elkarrizketa da, bisitarien zentzumenetara zabaltzen dena, entzunaldi «atsegina» eta aldi berean «gogoetatsua» izanik. Aurrerako eta atzerako kontaketa batekin jokatzen du, esanahiak aldatzen ditu eta interpretazio ezberdinetara irekitzen da, Raulek sortutako musika-konposiziora egokituz. Gainera, obra zirkularra denez, ez dauka ez hasiera ez amaierarik. Infinituaren sinboloa bezala.

2022ko Arte Vital Lehiaketan saritua izan den soinu instalazioaz gozatu nahi dutenek, Azoka egunetan dute horretarako aukera aproposa. Gainera, bikoteak bi formatutan dakar obra: alde batetik, kanal anitzeko soinu instalazioa, Durangoko Museoaren hirugarren solairuan daoena, eta bestetik ordea, biniloa. Hori Landako Gunearen barnean aurki daiteke, autoekoizleen plazan, 300 aleko edizio mugatuan salgai. A aldeak, (H)AMAR konposizioaren nahasketa estereo bat dauka. B aldeak ordea, AMAR izenekoak, jatorrizko konposizioaren 'oihartzunak' erreproduzitzen ditu. Soinu instalazioaren ordutegia 11.00ak eta 14.00ak bitartekoa izango da goizean eta 17.00etatik 20.00etara arte arratsaldean.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad