Borrar
David González, Galder Izagirre eta Gorka Urbizu, Berri Txarrak taldeko kideak.
Gosea

Gosea

Lunes, 24 de diciembre 2018, 00:17

Urtero bezala, egundoko tripakadak zain ditugun egun hauetan, munduan dagoen goseaz hitz egiten zaigu nonahi. «Ez esan gosea, zurea jangalea da eta!» esaten zuen gure aitak, gerla osteko eskasiak gogoan zituelarik. Bada, gizakiontzat elikadura horren oinarrizkoa izanik, gosea eta jangalea lehen mailako gaia da herri guztietako ondareetan. Euskal atsotitzen artean asko dira gosea aipatzen dutenak; horietako askok, beren parekoak dituzte beste hizkuntzetan. Gotzon Garatek Euskal Herri osoan bildutako zerrenda luzetik honako hauek atera ditut, eredu modura: «Aseak gosearen berri ez daki», «Bi nagusiren txakurra, goseak hil», «Goseak eztu lotsik», «Nahi badek bizi min gabe, ez jan gose gabe», «Gosea, kontseilari txar», «Goseak dagonantzat ogi gogorrik ez», «Goxoa eta gosea, senide dira maiteak».

Marco Tulio Ciceronek esan omen zuen, askotan burura datorkidan errana: «Gosea ongailurik onena da». Jakina da -eta data hauetan areago- jakirik goxoena nazkagarri bihur daitekeela, jangalerik gabe hartuz gero, baina sekula baino goxoago bilakatzen dela, urdaila hutsik harrapatzen gaituenean. Eta gauza bera gerta daiteke sexuarekin, lagunekin, zinemarekin edota musikarekin. Bizitzak eskaintzen digun edozein gozamen bikoiztu egiten da gosez hartuz gero, baina alferrik galtzen da aseta gaudenean.

Berriro ere aipu horretaz gogoratu naiz Berri Txarrak taldekoek beren agurra iragarri dutenean. Kasu honetarako esaldia kontrakoa izango litzateke: «Goserik gabe ez da ongailurik behar».

Euskal Herriko musikari askori sinestezina egiten zaie. Horrenbeste urte pasa eta gero, horrenbeste frontoi, gaztetxe eta taberna-zulo zapaldu eta gero. Orduak eta orduak entseguetan eta grabazioetan sartu ostean. Merezitako arrakasta lortu duzunean, puntaren puntan zaudenean hain justu ere... bertan behera utzi?

Horrelako zerbait galdetzen zidan nire etxeko sukaldean Lazarok, nire adiskideak, Zarama taldearen azken emanaldia eskaini ostean. Negar batean zegoen ez zuelako ezer ulertzen. Nolatan uztea? Ez al duzu konprenitzen mespretxatzen duzun hori beste batzuen ametsa dela? Ez al duzu gustuko diskoak ateratzea, kontzertuak ematea edo gustura egiten duzun zerbaiten truke kobratzea? Ez al duzu ikusten talderik talde ibiltzen naizela inolako arrakastarik lortu gabe?

Esaten zidana guztiz ulergarria zen eta hurrengo urteetan burura etortzen zitzaidan une askotan, baina, egia esan, une hartan oso argi neukan erabaki zuzena hartua nuela.

Abestiak idazteko, oholtzara irteteko, diskoak grabatzeko edota kazetariekin hitz egiteko, benetako gosea behar da. Mundu osoa jateko moduko gosea... bestela jai. Badago beste esaera bat oso zabalduta gaztelaniaz:«Todos los días gallina, amarga la cocina» eta guztiz egia da. Batzuetan ondo dago gelditzea, denbora eta -posible bada- distantzia hartzea. Joxpak, beste lagun batek, egun batean esan zidanez: «Kanpora noa bizitzera denboraldi batean, herrimina zer den jakin nahi baitut».

Urte batzuk geroako zaramariak bueltan geunden eta ordurako otsoen gose ginen guztiok. Dagoeneko ez ginen gaztetxoak, baina zin egiten dizuet umeen antzera disfrutatu genuela minutu bakoitza.

Gauza guztien antzera gosea -ados aita, jangela- bere neurrian, ona da. Saiatuko naiz datozen jaietan ez ahazten.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Gosea