Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Elena Dominguez Guerrero umore oneko andrea zen. Gustuko zuen, gauza guztien gainetik, barre egitea. Umea zen gerra garaian eta horrenbeste bonbardaketaren ostean, bizitza oparitzat hartu zuen. Hala ere, sekula ez zuen beldurra bere gorputzetik guztiz atera. Eta ekaitz egunetan, ezkutuan, otoitz egiten zuen.
Arantza Gorriti Arza gaztea maiteminduta zegoen. Mundu hau utzi du horretaz inorekin mintzatu gabe. Maiteminduta zegoen bere adinarekin bakarrik egoten den moduan. Baina bera ez zen babalore horietako bat. Ez zuen bere burua ikusten ohiko aitormen erromantiko bat egiten. Anderrek zeozer susmatzen zuen, eta neska gustuko zuen baita ere, baina… istripu madarikatu horren erruz, ez batak ez besteak ez dute inoiz jakingo noraino hel zitezkeen sentimendu haiek.
Alfredo Ibarguren Imaz. Athleticzale amorratua. Urteak igaro zituen edana eta tabakoa utzi nahian. Batzuetan lortu zuen bata edo bestea lagatzea, baina sekula ez zuen biak batera luzaroan uzteko indarrik izan. Haren futbol taldea, askotan errepikatzen zuen, ez zen bihotzerako egokiena. Sikiera, haren garaipen baten ondoren egin zuen alde.
Bonifacio Gil Aldamak ez zuen espero horrenbeste urte bizitzea. Bizitzaren azken aldean, emaztea eta lagun guztiak banan-banan nola desagertu diren ikusi du eta desira bakarra izan du, heriotza duin bat izatea. Nahiko zukeen baino gehiago sufritu du, ez du zorte onik izan egokitu zaizkion medikuekin.
Aurora Bertiz Gonzalez. Irakatsi zioten bezala, emazte eta ama ezin hobea izaten jardun da bizitza osoan. Senarrak eta bost seme-alabek oso hileta-elizkizun ponposoak prestatu dizkiote. Aurorak betiko eraman du bere sekreturik aitorrezinena: gaztetandik emakumezkoak zituen gustuko eta ez gizonezkoak.
Jon Ander Bereziartua Martín. Laurogeiko hamarkadan punk mugimenduari biziki heldu zion. Bai kontzertuetan bai manifestazioetan lehen lerroan jartzen zen beti. Ez zen atzean gelditzen garaiko substantziak dastatzeko orduan ere. Hurrengo hamarkadan gorputzarekin zituen zor guztiak ordaindu behar izan zituen.
Gibela, giltzurrunak, birikak, burmuina… gaitzak nonahi agertu ziren, baina, zorionez, artean bazuen esperantzarako tarterik. Bera bezalako gudari-ohi batzuekin eta bere gurasoen laguntza zela medio, bizitzaren norabidea zuzentzeko aukera izan zuen, Gizakia Helbururen baserri batean. Orain, pasadizo horiek guztiak erdi ahaztuak izanik, dama zuriaren bisita izan du. Bat batean zendu da. Zehazki jakin barik gorputzaren zein errai izan den erruduna.
Horiek guztiak eta beste zenbait bildu dira gaur eskelen orrialdean. Esan liteke argazkiek badutela nonbait heriotzaren aztarna. Irakurleak aurpegi horien atzean zer dagoen aztertu nahi du. «Lasai -badirudi esan nahi dutela- orain salbu sentitzen zara, baina gutxien espero duzunean, hemen agertuko da zure aurpegi tristea ere».
(Izen-abizen guztiak asmatuta daude. Edozein kointzidentzia kasualitate hutsa litzateke).
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Fallece un hombre tras caer al río con su tractor en un pueblo de Segovia
El Norte de Castilla
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.