Borrar
Urgente Retenciones en la A-8 por un choque entre dos turismos en Miribilla
Anjel Lertxundi eta Miren Agur Meabe.
Gogor datoz literatura sortzaileak
Durangoko Azoka

Gogor datoz literatura sortzaileak

Landako Gunea idazle eta irakurleen arteko harremanen berotasunaz beteko da berriz

Nahikari Cayado

Viernes, 3 de diciembre 2021, 11:50

Argitaletxe handiek kaleratutako nobedade ugari izaten ditu beti Durangoko Azokak protagonistatzat, eta hastear dagoen 56. edizioa ez da gutxiago izango. Anjel Lertxundi, Harkaitz Cano, Toti Martínez de Lezea…, berrikuntzen zerrendan ez dira ohiko aurpegi ezagunak faltako, eta, aurten, inoiz baino gehiago luzatuko den azoka honetan ziur gaude aurpegi horiek zeintzuk diren ezagutzeko gogotsu zaudela. Izan ere, idazle zein kulturzale amorratuok bi urte daramagu Landako Gunean, Euskal Herriko kulturaren plazaren bihotzean, murgiltzeko zain, gogoz, ilusioz, eta batez ere, irrikaz. 220 erakusmahai egongo dira, eta orri honetan ez daukagu nahikoa leku bertan -eta baita online dendan ere- topatuko ditugun izenburu guztiak aipatzeko, baina hona hemen aurkituko dugunaren lagin bat bederen.

Aurtengo Haur eta Gazte Euskadi literatura-saria eskuratu duen Anjel Lertxundirekin hasiko gara. Oriotarra 'Haltzaren muinoa' (Elkar) iaz argitaratutako lanagatik saritua izan bada ere, 'Kapitain Frakasa' (Erein) helduentzako eleberriarengatik dakarkigu oraingoan. Izatez, 1991n argitaratu zen. Hogeita hamar urte geroago argitaratu duena haren 'remake' bat da, ordea. Beste bertsio bat. Nobelaren abiapuntua, mehatxua dirudien pasaporte bat. Hartzailea, talde mafioso baten barruan gainbehera etorritako gizon eroria, izen askoren atzean mozorrotu izan dena. Ereinen mahaian egongo dira Goizalde Landabasoren lehen nobela, 'Krakovia', eta Toure Burkina Fasoko bilbotar ezagunaren azken abentura, Jon Arretxek idatzia: 'Dortokaren begirada'.

Euskadi literatura-saria hainbatetan jaso duen beste idazle batekin jarraituko dugu nobedadeen zerrenda osatzen, Harkaitz Canorekin, alegia. Lasartearrak 'Kandelikara' liburua dakar aurtengoan Iñaki Landaren ilustrazioak batzen dituena. Azpititulu argigarria dakar: 'Buñueli buruzko film baterako apunteak' (Nosferatu bilduma). Azpimarragarria da gainera Harkaitz Canori buruz Irati Jimenezek kaleratu duen saiakera, 'Ogia eta zirkua (Erein).

Berrikuntzen zerrendan ez dira aurpegi ezagunak faltako

Susa argitaletxeak eskaintza zabala dakar aurten ere. Aurreneko berria aipa dezagun Uxue Apaolazaren itzulera narratibara: 'Bihurguneko nasa' ipuin bilduma da bere liburuaren izenburua. Kulturaren plaza erraldoi honetan ezin falta den beste autore bat, Kirmen Uribe. 'Izurdeen aurreko bizitza' eleberriarekin dator aurten, Aita Barandiaran antropologoak jasotako euskal elezahar batean oinarrituta dagoena. Eider Rodriguezen lehen eleberria ere Durangon izango da: 'Eraikuntzarako materiala'.

Irati Goikoetxeak, berriz, 'Herriak ez du barkatuko' (Elkar) eleberria eramango du Durangoko Azokara. Bertan kontatzen da ETAk aita hil zion Oihanaren istorioa. Elkar argitaletxeak argitaratuko du halaber Irun Hiria sariak bai eleberrian, Alaine Agirreren 'Karena' eta bai poesian 'Dena ametsa den irudipena' Leire Vargasena.

Haurrentzako eskaintza

Durangoko Azoka hurbiltzen den heinean askok irrikaz espero duten idazlea Toti Martinez de Lezea da. Aurten ez du nobela berririk, baina Nurren beste abentura bat dakar Landako Gunera: 'Nur eta zirku miragarria' (Erein), holograma baten gainean eraikia.

Haur literaturari lotuta dator euskal kulturaren erreferente nagusi Joseba Sarrionandia ere. Tristurari buruz idatzi du oraingo honetan Iurretako idazleak, eta Irrimarra ilustratzaile-taldeak josi ditu hitzak eta irudiak, marrazkiak orriz orri banatuz eta 'Tristura' (IkasElkar) izeneko liburua osatuz. Peru Magdalenak eta Mikel Valverdek, berriz, nazkaren gaineko ipuina sortu dute, 'Nazkatasuna' (IkasElkar).

Pamiela argitaletxeak, berriz, Amaia Egidazuren 'Dorotea' album ilustratua izango du erakusmahaian, beste hainbeste libururen artean. Natura eta kultura, tradizioa eta traizioa dotore biltzen dituen album horrek Etxepare saria jaso du 2021ean. 'Barruko hotsak' ere kaleratu du Iruñeko argitaletxeak, Leire Bilbaoren eta Maite Mutuberriaren arteko elkarlanaren emaitza bikaina.

Nahiz eta hemen izenburu apur batzuk bakarrik aipatu, poesia zaleek ere izango dute zer aukeratu ugari. Aurten Espainiako sari nazionala irabazitako Miren Agur Meaberen 'Nola gorde errautsa kolkoan' bertan egongo da, eta baita Itxaro Borda, Hedoi Etxarte, Mikel Ibarguren, Itziar Ugarte edota Jokin Erkoreka ere. Horrela, beraz, idatzi ez diren hitzak, istorio berriak eta labetik irten berri diren liburuak aurkituko ditugu, beste behin, Durangoko Azokan.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Gogor datoz literatura sortzaileak