Borrar
Liburuaren azala. todostuslibros.com
Gogoeta bilduma

Gogoeta bilduma

Paloma Rodriguez-Miñambres

Martes, 20 de abril 2021, 19:28

Felipe Juaristik ibilbide oparoa eta luzea du euskal literaturan, poesian egina, gehien bat. Argitaratu duen azken liburuan horren oihartzunak erraz aurkituko ditu irakurleak. Saiakera honetan beste poeta, pentsalari eta pertsonaien gaineko iruzkinak, aforismoak edota pentsakizunak bilbatzen ditu mendebaldeko eta ekialdeko emari kulturala uztartuz. Izan ere, zer den poesia idaztea, literatura eta bizitza, ezin ditu bereizita irudikatu autoreak, bidezidor metaliterario pertsonaletatik gidatzen gaituelarik klasikoekiko grina antzematen uzten duten orrialdeetan zehar.

Itzultzeko etorri naiz (Felipe Juaristi)

  • Balea Zuria 138 orr. 15 euro

Alfabetoaren letren ordenari jarraiki, ohiko gaiez edo leitmotiv zenbaitez jabetuko da Juaristiren produkzioa ezagutzen duena; batetik, gogoko dituen filosofoak agertzen dira: Montaigne, Pascal, Spinoza, esaterako. Bestetik, munduaren adieran ardatz zaizkigun kontzeptuak: maitasuna, heriotza, denbora, mina, desira, identitatea, besteak beste. Letraz letra, badoa interpretazio aberatsa eskaintzen existentzia eta literaturaren harreman estuaz, bere irudiko, biek duten elkarren beharraz eta presentziaz sormenean. Edozein orrialdetatik irekita, liburua plazerez irakur daiteke egileak erakusten duen jakintzari esker. Dena den, Juaristiren hitzak ez dira adituentzat bereziki, irakurle ororengana irismena baitute. Proposatzen duen bidaian kontzeptu batzuk berragertzen dira tarteka: poesia, egia, hitza, batik bat. Liburuaren luzerari begira, denetarik azaleratzen da: 2-3 orrialdeko gogoetak edo lerro bakarrekoak: «Iragana da munduko tokirik arrotzena».

Obra honetara hurbiltzen denak gizakiok erakartzen gaituzten betiko galderen erantzun modukoak aurkitu ditzake. Idazleak literaturaz -poesiaz areago- eta bizitzaz konpartitzen dituen gogamenak interesgarri begitanduko zaizkio, zer pentsatu ematen baitu behin baino gehiagotan itzuli daitekeen liburu honek.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Gogoeta bilduma