Borrar

Zerbaitek sortzen badit etsipena hainbeste berri errepikaturen artean, emakume bati eraso egiten dioten gizonak dira zerbait hori. Beste bat, beste behin, taldeka, bakarka, etxean, kalean. Bilbon, Sopelan, Gasteizen, Donostian, lerro hauek argia ikusi baino lehen, agian nire edo zure auzoan bertan.

Gizon horiek eragingaitzak dira kanpainen aurrean, eskolan ikasitakoaren edo munduak bazter honetan daraman martxaren aurrean. Zintzilik gelditu dira iragan urrunean, gizonen indar fisikoak mundua gobernatzen zuen garaietan gatibu. Gizartea mugitzen da, abiada txikian bada ere, baina aurrera egiten du askoren lanaren eraginaz. Tipo hauek, ordea, iraganean gelditu dira, agian mende bateko atzerapena dute edo auskalo zenbat mendetakoa.

Gaur eguneko jantziak daramatzate, agian sakelako telefonorik modernoena soinean, era guztietako aurrerapenak etxean eta autoan, agian ikasiak izango dira eta bizilagunek esango dute gizon atseginak direla, adeitsu eta guzti. Baina salbuespena egiten dute emakumeekin edo, behintzat, aldamenean duten emakumearekin. Esango dizute ez direla matxistak, inondik ere ez, agian esango dizute berdintasunean sinesten dutela, baina uste dute aldameneko emakume horren jabe direla, baserritar bat mandoaren jabe den moduan eta emakume zehatz horrek ez diola berak agindutakoari men egiten.

Bakarkako borrokak alde batera utzita, emakume eta gizonen eskubide berdintasuna Frantziako Iraultzarekin plazaratu zen, pertsona erregearen mendeko izatetik herritar bilakatu zenetik. Orduan esan zuten emakume batzuek: eta gu zer, gu ez al gara hiritarrak? Bi mende luze joan dira geroztik, gizon erasotzailea jabetu ez bada ere.

Nola demontre sartu burmuin kutsatu horietan? Nola txertatu kontzientzia horietan emakume guztiekiko errespetua? Ze zulagailu erabili behar dugu matxismo geruza zabal horiek zulatu eta azpian dagoen pertsonarengana heltzeko? Ba al du kontu honek epe laburreko onurarik edo etsi egin behar dugu?

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Gizon Erasotzaileak