Borrar
Urgente Grandes retenciones en la A-8 y el Txorierri, sentido Cantabria, por la avería de un camión
Bisitariak, Gernikan. E. C.
Ginen, gara

Ginen, gara

Gernika-Lumoko Batzar Etxea eta Bilboko Guggenheim museoa dauden espazio fisikotik askoz haragoko sinboloak dira. Mundura begirakoak

Martes, 11 de septiembre 2018, 23:52

Gernika-Lumoko Batzar Etxea eta Bilboko Guggenheim museoa dauden espazio fisikotik askoz haragoko sinboloak dira. Mundura begirakoak. Oso aspaldiko iraganaren tradizio oparoarena lehena, modernotasunez gainezkako herri irekiarena bigarrena. Bertoko nortasuna osatzen duten geruzen laburbilduma dira, guztiz osagarri. Areago, ziurrenik ez dago titaniozko nahaspila ulertzerik haritzaren esangurarik gabe. Honek ekarri gaituelako garenera, gure artean eta kanpokoekin elkar ulertzeko modu jakin batek.

Herri zahar gisa ikusten gaituzte mugez gaindi. Jatorri ezezaguneko hizkuntzaren jabe, tradizioari atxikitako, itun zale, berbazko. Taldekako ezaugarri horiek historiaren ispilu dira gehienetan, gizatalde batek orotara egindakoaren adierazgarri. Hala, Batzar Etxea ez da arbolaren babesgune soil. Belaunaldiz belaunaldi kateatu eta osatutako izaera baten gordeleku da, horren guztiaren oihartzunarena. Komunitatearen arazoak bideratzeko baliatutako bitartekoa izan da gizaldietan, txikitasunetik eragitekoa, elkarrizketa lehenestekoa, naturarekin lotzekoa.

Guggenheimek eusteko eta berpizteko espiritua islatzen du. Hondoa jotzear zegoenak beste behin gailentzeko izan duen adorearena. Loraldietan ez ezik, jazarpen edo krisi sasoietan ere aurrera jo duenarena. Arriskatzen dakienarena. Zaharrenetik abiatuta berriena bere nortasunean uztartzeko bezain sendo denarena. Horregatik ez zaio arrotza museoa inori, horregatik bihurtu da XXI. mendeko euskal gizartearen ikur nagusi. Berrikuntzarena, harrotasunarena, anbizioarena edo-ta sekula amore ez ematearena.

Kanpotik gero eta gehiago datozenetako askok halako misterio bat argitu gura izaten dute heldutakoan, bertokoon izaera deszifratzekoa. Paisaiaz eta sukaldaritzaz berebiziko gozatua hartzeaz gain, badagoelako nolabaiteko jakingura antropologiko bat, mitoak eta errealitatea kontrajartzekoa. Luzaroko usteek mamirik ote duten frogatzekoa.

Eta hor dituzte sokaren bi muturrak, ginena eta garena adieraztekoak, hona zerk ekarri gaituen azaltzekoak. Haritzaren gerizpea eta titanioarena elkarren segidako direlako, kemenak bat egindakoak. Norbera denetik beti dagoelako asko emateko. Izaten jarraitu nahiak sekulako indarra duelako.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Ginen, gara